Saudi Arabiakoaren ondotik, beste kontratu mardul bat lortu du Talgok. Suedian. Trafikverket garraio konpainiarekin 756 milioi euro inguruko kontratua izenpetu du Stockholm hiriburutik iparralderako tren flota eraiki dezan. Orotara, hogei tren egingo ditu: bederatzi tren eguneko zerbitzurako, eta 11 gauekorako. Gainera, kontratuaren arabera, hamar urtez mantentze lanez arduratuko da.
Jose Antonio Jainaga Talgoko presidenteak izenpetu du kontratua Roberto Maiorana Trafikverketeko zuzendari nagusiarekin, Andreas Carlson Suediako Azpiegitura ministroa bertan zela.
Suediako errepide, hegazkin eta tren azpiegituren planifikazioaz arduratzen da Trafikverket konpainia publikoa. Herrialdean, trenek gehienez orduko 200 kilometroko abiaduran ibil daitezke. Trenek hegoaldeko hiriak iparraldekoekin lotuko dituzte, eta zirkulu polar artikoraino helduko direnez, neguan oso tenperatura hotzei aurre egin beharko diete.
Hain zuzen ere, Jainagak nabarmendu du muturreko baldintza klimatikoei aurre egiteko gai izango direla: «Neguan zero azpitik 40 gradura hel daiteke, eta horretarako baliabide teknikoak eskainiko ditugu tren horiek erabilgarri izan daitezen, zerbitzua fidagarria izan dadin, eta segurtasuna bermatzeko asmoz. Guztia ere bezeroei erosotasunik handiena eskainiz». Konpainiak gogora ekarri du esperientzia zabala duela hotz zein bero handiko lurraldeetarako trenak eraikitzen, hala Errusian eta Kazakhstanen nola Saudi Arabian.
Tren flotaz gain, hamar lokomotor eraiki beharko dira, eta Siemens Vectron konpainiak egingo ditu.
Eskaria luzatzeko aukera
Kontratuaren arabera, lehen eskari hori zabaldu egin daiteke: bederatzi lokomotor eta hemezortzi tren gehiago eraiki ditzake, gaueko zein eguneko zerbitzuetarako. Mantentze kontratua beste bi urtez luzatu daiteke, eta horren barruan sartuko da zerbitzua osagai eta erreminta bereziz hornitzea.Â
Talgo 230 Intercity modeloaren laugarren bertsioa garatuko du Ribabellosako konpainiak Trafikverketentzat. Aurretik, modelo horretako trenak egin ditu Danimarkako Eurocity konpainiarentzat, Kopenhage eta Hanburgo hirien arteko tren zerbitzurako, eta Alemaniako DeutscheBahn konpainiarentzat, Berlin eta Kolonia arteko ibilbiderako. Aurki, berriz, Alemaniako Flix konpainia pribatuari ere Talgo 230 Intercity trenak emango dizkio.Â
Bost hilabete iragan dira euskal partzuergoak Talgoren kontrola eskuratu zuenetik.  Haren parte dira Jainagaren Clerbil sozietatea (%7,8), Eusko Jaurlaritzaren Finkatuz funtsa (%7,8), BBK (%7,8) eta Vital fundazioa (%3,9).Â
Ordutik, Suediako kontratu honez gain, beste kontratu handi bat lortu du Talgok, eta haren eskari zorroa marka historikoetara iritsi da, konpainiak berak oharrean azpimarratzen duenez. Oraintxe, 6.500 milioi euro ingurukoa da.Â