Donald Trumpek muga zerga gehiago jarriko zituela esanez azken asteetan egindako mehatxuen ondorioz, Bruselak laster itxi du Washingtonekin egindako merkataritza akordioa. Hilabeteetako negoziazioen eta etengabeko tirabiren ondoren, Europako Parlamentuak, Europako Batzordeak eta estatu kideek asteazken goizaldean itxi dute testua. Horren bidez, Europako Batasunak muga zergak kenduko dizkie AEBetako ehunka industria eta nekazaritza produkturi; ordainetan, AEBek %15eko muga zerga ezarriko diete Europatik inportatutako produktu gehienei.
Iazko uztailean, Eskoziako Turnberryko golf zelaian egin zuten akordio politikoa Ursula von der Leyenek eta Trumpek. Praktikan indarrean dira neurri nagusiak, baina ez guztiz. Batetik, Europako Parlamentuak, ituna onartu arren, berme gehiago eskatu dituelako, eta, bestetik, Trumpen jokabideak berak giroa pozoitu duelako, besteak beste Groenlandia anexionatzeari buruzko adierazpen oldarkorrengatik.
Horrekin batera, azken asteetan, Etxe Zuriak presioa handitu du. Trumpek mehatxu egin zuen uztailaren 4a baino lehen akordioa indarrean jarri ezean muga zerga handiagoak ezarriko zizkiola Europako Batasunari; besteak beste, Europako autoei %25eko zerga jartzeko aukera aipatu zuen. Testuinguru horretan heldu da Bruselaren baietz definitiboa.
«Akordio bat akordio bat da, eta Europak bere hitza betetzen du», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Haren esanetan, hitzarmenak «merkataritza transatlantiko egonkorra, aurreikusgarria eta orekatua» bermatuko du.
2029ra arte
Europako Parlamentuak ez du lortu nahi zituen babes neurri nagusiak txertatzea. Sozialisten taldeko Bernd Lange eurodiputatuak gidatu ditu negoziazioak parlamentuaren izenean, eta azken asteetan presio egin du klausula zorrotzagoak ezartzeko. Parlamentuaren asmoa zen Europak ez kentzea bere muga zergak Washingtonen neurri batzuk benetan indargabetu arte, batez ere altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergak, gaur egun %50ekoak baitira oraindik ere.
Hala ere, estatu kideek eta Europako Batzordeak ez dute babestu proposamen hori. Horren ordez, kontrol mekanismo ahulago bat adostu dute: Europako Batzordeak aukera izango luke etorkizunean zenbait hobari bertan behera uzteko, baldin eta ondorioztatzen badu AEBak ez direla hitzarmena betetzen ari. Neurria, ordea, ez litzateke automatikoki aktibatuko: erabakia Bruselaren esku geratuko litzateke, balorazio politiko baten ondoren.
AEBetako produktu jakin batzuen inportazioek Europako sektore ekonomikoren bati kalte egiten diotela ondorioztatzen badu, Bruselak berriro ezarri ahal izango dizkie muga zergak
Parlamentuak beste eskaera garrantzitsu bat ere galdu du bidean. Eurodiputatuek nahi zuten hitzarmena eteteko aukera jasotzea AEBek Europako Batasunaren lurralde osotasunaren aurkako mehatxuak egiten bazituzten, Trumpek Groenlandiarekin egin zuen bezala. Kontseiluak, ordea, ez du klausula hori onartu.
Dena den, Europako Parlamentuak bere garaipentzat jo du negoziazioaren emaitza. Langen arabera, testuak hainbat «berme» jasotzen ditu Europako ekonomia babesteko. Besteak beste, hitzarmenak iraungitze data izango du: 2029ko abenduan amaituko da indarraldia, eta ordurako berrikuspen oso bat egin beharko dute bi aldeek. Horrek esan nahi du akordioak Trumpen egungo agintaldia ia osorik hartuko duela.
Akordioak beste babes mekanismo bat ere aurreikusten du. AEBetako produktu jakin batzuen inportazioek Europako sektore ekonomikoren bati kalte egiten diotela ondorioztatzen badu Europako Batzordeak, Bruselak berriro ezarri ahal izango dizkie muga zergak produktu horiei.
Praktikan, martxan
Hitzarmenaren ondorio praktikoak aspalditik ari dira nabaritzen. Washingtonek iazko uztailetik aplikatzen du Europako esportazio gehienen gaineko %15eko muga zerga. Altzairuak eta aluminioak, ordea, aparte jarraitzen dute: produktu horiek %50eko muga zerga dute oraindik. Bestalde, AEBek zergarik gabe sartzen dituzte estrategikotzat jotzen dituzten Europako zenbait produktu.
Bien bitartean, Europak bere merkatuan erraztasun handiagoak emango dizkie AEBetako hainbat produkturi. Besteak beste, soja olioari eta itsaski batzuei kenduko dizkie zergak, eta AEBetako autoen gainekoak ere nabarmen apalduko ditu.
Europan ez ezik, akordioak ez du bide erraza izan AEBetan ere. Otsailean, Trumpen administrazioak ezarritako muga zerga orokorrak legez kanpokotzat  jo zituen AEBetako Auzitegi Gorenak, eta horrek kolokan jarri zuen ituna. Etxe Zuriak behin-behineko arau baten bidez eutsi dio ordutik %15eko muga zergari, Kongresuak behin betiko lege bat onartu bitartean.