Trumpek uztail arteko epea eman dio EBri merkataritza ituna berresteko

Maiatzaren 19rako amaitu nahi dituzte barne negoziazioak Europako Parlamentuak eta estatu kideek. Trumpen azken muga zerga orokorra ere legez kontrakoa dela ebatzi du AEBetako Merkataritza Auzitegiak.

Donald Trump, asteazkenean, Etxe Zurian. SHAWN THEW / EFE
Donald Trump, asteazkenean, Etxe Zurian. SHAWN THEW / EFE
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arnasa hartu du Europako auto industriak. Haren autoek ez dute oraingoz %25eko muga zergarik izango AEBetan, Donald Trumpek denbora gehiago eman baitio Europako Batasunari bien arteko merkataritza ituna berresteko. Uztailean jakingo da, halaber, zer gertatzen den Trumpek ezarritako %10eko muga zerga orokorrarekin, AEBetako Nazioarteko Merkataritzako Auzitegiak legearen aurkakoa dela ebatzi baitu. 

Asteazkenean, porrot egin zuen ituna berresteko Europako Parlamentuak eta EBko estatu kideetako ordezkariek egindako negoziazioak. Berehala, muga zergak igotzeko mehatxua egin zuen AEBek EBko instituzioetan duten enbaxadoreak, Andrew Puzderrek, eta aste honetan bertan ezar zitezkeela gogorarazi zuen.

Arriskua ikusita, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Etxe Zurira deitu zuen telefonoz, eta Trumpi agindu zion aurki ituna berresteko moduan izango direla. «Elkarrizketa oso ona» izan ondoren, uztailaren 4ra arteko epea eman zion Trumpek EBri ituna berresteko. Hori bai, ez zuen aukera galdu mehatxu gehiago egiteko: «Gure herrialdearen 250. urteurrenerainoko epea eman diot itunaren beren aldea betetzeko; bestela, zoritxarrez, muga zergak are gehiago handituko dira».

EBk ez dauka epe hori buka-bukaeraraino baliatzeko asmorik. Hurrengo bi asteetan elkarrizketak ugarituko dituztela azaldu du Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak, eta Europako Parlamentuko negoziatzaileen buruak, Bernd Langek, gaur esan du maiatzaren 19an saiatuko direla negoziazioa ixten. Epe hori beteko balitz, Europako Parlamentuak ekainaren 15etik 18rako saioan berretsiko luke iazko uztailean Von der Leyenek Trumpekin Turnberryko golf zelaian (Eskozia) egindako merkataritza ituna.

Itun desorekatua

Itun horrek haserre handia eragin zuen Europan, AEBen aldera oso lerratuta dagoelako. Izan ere, EBk onartu zuen AEBetako industria produktu guztiek eta nekazaritzako produktu askok ez zutela aurrerantzean muga zergarik izango EBn sartzeko. Kontrara, EBren produktuek %15eko muga zerga izango dute. Trumpek bere kasa ezarritako %25eko tasaren azpitik dago hori, baina hura Etxe Zurira heldu aurretik zeuden tasa gehienen gainetik. 

Europako Parlamentuak bitan atzeratu zuen itunaren onarpena, besteak beste, Trumpek Groenlandia bereganatzeko etengabeko mehatxuen ondorioz. Azkenean, ordea, talde guztiek ituna kritikatu zuten arren, joan den martxoan onartu egin zuen, baina salbuespen gisa jaso zuten hitzarmen hura bertan behera geratuko zela baldin eta AEBek betetzen ez bazuten, edo beste muga zerga batzuk ezartzen bazituzten. Gainera, itunari epemuga jarri zioten: 2028ko martxoaren 31, ordurako Trump ez delako presidente izango eta, hortaz, eurodiputatuek uste dutelako orduan itun orekatuagoa lor dezaketela.

Azken orduko baldintza horiei buruzko akordioa da falta dena. Batzordeak eta estatu kide batzuk beldur dira Trumpek erabiliko ote dituen ituna bertan behera uzteko, eta nolabait urardotu nahi dituzte, baina parlamentariek ez dute, oraingoz, men egin.

AEBetako azken epaia

Giroa gehiago nahasteko iritsi da AEBetako Nazioarteko Merkataritza Auzitegiaren azken epaia, ostegun arratsean. Epaileek ebatzi dute Trumpek ezarritako azken muga zergak, %10ekoak herrialde guztientzat, ez datozela bat 1974ko Merkataritza Legearekin. Hori bai, zerga horien aurkako salaketa jarri zuten bi enpresentzat soilik baliogabetu ditu, eta besteek, teorian, ordaintzen jarraitu behar dute. Baina kontua da zerga horiek uztailaren amaieran amaitzekoak direla, eta ordurako bi aukera ditu Trumpek: AEBetako Kongresuaren babesa eskuratzea —oso zaila dirudi—, edo argudio juridiko sendoa duten beste muga zerga batzuk indarrean jartzea. 

%10eko muga zerga horiek ezartzea izan zen Trumpen erantzuna, joan den otsailean AEBetako Auzitegi Gorenak presidentearen muga zerga gehienak baliogabetzea erabaki zuenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA