Datorren urriaren 7an 90 urte beteko dira lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zenetik, eta urtemuga hori ospatzeko dozenaka ekitaldi izango dira hurrengo aste eta hilabeteetan. Lehendakariaren egoitza ofizialean izan da aurrenekoa, Ajuriaenean, gaur goizean: Imanol Pradalesek bertan aletu baitu oroimen urterako atondu duten egitaraua. Programa hori ekainean hasi eta hurrengo urteko urrira arte luzatuko da. Eta, hain justu ere, urteurrena borobiltzeko, 2027ko urriaren 7a jaieguna izango da EAEko lan egutegian. Denera, berrogei ekitaldi baino gehiago izango dira, eta oroimen ekitaldiak, dokumental emanaldiak, musika ikuskizunak eta kirol lehiaketak izango dira tartean.
Joan den apirilean Bilboko Carlton hotelean elkartu zen Eusko Jaurlaritza, eta gaur, Ajuriaenea jauregiaren atzeko aldean dagoen Elkargunea eraikinean bildu dira. Bertan egin dute oroimen urteari hasiera emateko ekitaldi instituzionala. Sailburuak ez ezik, politikaren, instituzioen, kulturaren eta gizartearen arloko dozenaka gonbidatu izan dituzte lagun. Mahai inguru bat ere egin dute, Jose Antonio Agirre buru zuen gobernuaren ondarearen garrantzi historiko eta politikoa goretsi eta testuinguruarekin lotzeko. Mikel Aizpuru, Leyre Arrieta eta Roldan Jimeno historialariek parte hartu dute solasaldian, eta Pilar Kaltzadak gidatu du.
Egungo lehendakariak hartu du hitza gero, eta lehen Jaurlaritzaren legatua goretsi du. Haren balioak aldarrikatu ditu, gaur egun oraindik ere balio dutelakoan. Izan ere, adierazi du lehen Jaurlaritza hura «itxaropen, humanismo eta elkartasun proiektu bat» eraikitzeko gai izan zela «garairik ilunenean», hots, frankismoaren mehatxua gain-gainean zeukanean: «Erradikaltasunaren aurrean moderazioa irudikatu zuen; printzipioen irmotasuna, aurkaria gutxietsi gabe; eta zentralitate humanista, desberdina umiliatzea eta desagertzea besterik bilatzen ez zuten adiskidetu ezinezko muturren arteko borrokak pitzatutako mundu batean». Eta gogorarazi du horrek guztiak «distira» egiten duela oraindik ere, bederatzi hamarkada igaro badira ere.Â
«Urteurren hau, ospakizunerako, oroimenerako eta aitortzarako ez ezik, mundu polarizatzaile baten aurrean ekiteko gonbidapena ere izatea nahi dugu»
IMANOL PRADALESÂ Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Are, Pradalesek azpimarratu du gobernu hark «interpelatu» egiten dituela bai bera eta bai bera buru duen gobernua, «blokeen eta blokeoen, populismo eta autoritarismo modu berrien, eta klima aldaketa, migrazioak eta desparekotasuna bezalako erronken munduan» nola jardun erabakitzeko orduan. «Iparrorratz moral eta politiko» gisa izendatu du. Horregatik, haren ondarea «berritzea eta ohoratzea» dagokiela esan du, eta azpimarratu du urteurreneko ekitaldiak, oroimenerako ez ezik, «ekintza politikorako gonbidapen bat» ere badirela: «Urteurren hau, ospakizunerako, oroimenerako eta aitortzarako ez ezik, mundu polarizatzaile baten aurrean ekiteko gonbidapena ere izatea nahi dugu».Â
Bost ardatzen bueltan
Bost ardatzen inguruan egituratuko dira ekitaldiak: memoria historikoa eta sozializazioa, dimentsio kulturala, nazioarteko proiekzioa, entretenimendua eta elementu herrikoiak, eta gaur egungo eta etorkizuneko eztabaidak. Hala, lehen atalari lotuta, gobernu hark aurrera eraman zuen proiektuari buruzko dokumental bat aurkeztuko dute, eta erakusketa dibulgatzaile bat ere jarriko dute martxan hori bera ezagutarazteko. Ekitaldi bat egingo da Gasteizen ikurrinaren ofizialtasunaren 90. urteurrena ospatzeko, eta omen egingo zaio Ertzaintzari ere, ordu hartan eratu baitzen. Era berean, gobernua erbestera abiatu aurretik onartutako Turtziozko Manifestua gogoratzeko ekitaldi bat egingo dute, eta Jesus Maria Leizaolak Agirre lehendakariaren hilkutxaren aurrean egindako zina ere oroituko dute.Â
Hain justu ere, Euskal Diasporaren Eguna ere lehen Eusko Jaurlaritza oroitzeko ere baliatuko dute. Datorren irailaren 8an izango da, eta, aurreratu dutenez, EAEko historia instituzionalaren eta munduan zehar banatuta dauden euskal komunitateen arteko harreman estuari eskainiko diote. Horrez gain, EAJk berriki berreskuratu duen Parisko Marceau etorbideko eraikinean ere ekitaldi bat egingo dute, erbestean zegoen Jaurlaritzaren egoitza nagusia izan zela gogorarazteko.

Kulturari lotuta, bestalde, Gernika Anabasa ikuskizun musikala taularatuko dute, Xabier Irujok eta Garikoitz Mendizabalek Gernikako bonbardaketaren memoriari eta bakearen eta askatasunaren defentsari eskainitakoa. Eta Euskadiko Orkestrak Jesus Guridiren Hamar euskal melodia obra interpretatuko du hurrengo denboraldiko emanaldietan. Kirolari eta entretenimenduari lotuta, berriz, Euskal Selekzioak lagunarteko futbol partida bat jokatuko du, urteurrena baliatuta —urrian edo azaroan izango da, eta ez dute jakinarazi nor izango duen aurkari—.
Horrez gain, Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzko jardunaldi bat ere egingo dute, Nazio Batuen High-Level Political Forum delakoaren barruan; Agirre Lehendakari Centerrek eta Columbiako Unibertsitateak antolatuko dute, eta demokraziari, nazioarteko zuzenbideari eta multilateralismoari buruz hausnartzea izango du xede. Era berean, udako ikastaroen barruan, Euskal autogobernua 90 urteren ondoren. Tradizioa, berrikuntza eta europar jomuga saioa ere egingo dute, euskal autogobernuaren azken hamarkadetako bilakaerari eta indartzeari buruzko hausnarketa egiteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Manuel de Irujo saria emateko ekitaldia ere egingo du berriro, justiziarekin, demokraziarekin, askatasunekin eta zuzenbide estatuarekin konprometitutako ibilbideak aitortzeko.
Urteurreneko egitaraua ez dago guztiz itxita;Â egutegiak aurrera egin ahala, ekitaldi gehiago iragarriko dituzte. Hori dela eta, horien berri izateko, webgune bat atondu du Eusko Jaurlaritzak: 90urte.euskadi.eus.
Otxandiano eta Agirreren legatua
EH Bilduko eledun Pello Otxandianok bertatik bertara ikusi du gaurko ekitaldia, eta, bukatu ondoren, mezu bat eman du sare sozialetan: «Lehen Eusko Jaurlaritza gai izan zen tradizio politiko ezberdinak herriaren mesedetan batzeko eta elkarlana eta herri ikuspegia erdigunean jartzeko», idatzi du, eta Agirreren garai historikoa eta egungoa lotu ditu gero: «
Garai historiko zailetan eta faxismoaren mehatxu larriaren aurka, herri honen gidaritza eta lidergoa modu partekatuan hartzea posible zela erakutsi zuten, ondorio guztiekin.
Gaur aukera izan dugu Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen lehen Jaurlaritza gogoratzeko eta legatu hori, 90. urteurrenean ere, gaurkotasun handikoa dela frogatzeko».