Beste 365 bazkide, urteko 365 egunetan oinarrizko beharrak asetzen segitzeko. Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioak bazkidetza kanpaina abiatuko du abenduaren 10ean. Argi dute helburua: bazkide sarea zabaltzea eta ekarpenak handitzea, «beharra duten guztiei jan-edana eta jantzi duinak bermatzen segitzeko». Gaur eman dituzte kanpainari buruzko azalpenak Gizakia Herritar fundazioko lehendakari Josean Villanuevak, Paris 365eko koordinatzaile Myrian Gomez Garciak eta jantokiko komunikazio arduradun Mikel Urabaienek.
Paris 365ek zazpiehun bazkide pasatxo ditu gaur-gaurkoz, eta 365 gehiago batu nahi dituzte proiektura, mila kideren langa gainditzeko. Horiek guztiek «kuota librea» ordainduko lukete. Eguberriei begira, gainera, «funtsezkoa» izanen da, ekarpen ekonomikoez gain, ekarpen materialak ere handitzea: «Despentsa inoiz baino hutsago dago», laburbildu du Urabaienek: «Premiazkoa da apalak betetzea, oinarrizko saskia eskaini ahal izateko».
Jantoki solidarioko arduradunen esanetan, KPIaren igoerak bete-betean eragin dio proiektuaren ekonomiari, oinarrizko kontsumorako gaiak nabarmen garestitu direlako azken bost urteotan: «Bazkide kopuruari eutsi diogu orain arte, baina ezin diegu kostuei aurre egin lehengo aurrekontu berarekin». Norbanako eta entitate ugarik, bestalde, lehengaiak ematen dizkiete, baina laguntza horrek ere behera egin du azkenaldia: «Saltoki handietatik jasotzen ditugun dohaintzak murriztu egin dira, zailtasun handiagoak daudelako eguneroko erosketa saskia betetzeko».
Paris 365eko erabiltzaileentzat ere «gero eta latzagoa» da egoera, Gomez Garciaren esanetan: «Paris 365ek artatzen dituen pertsonen %48k ez dute etxebizitzarik, eta %40k ez dute dutxatzeko edota arropa garbitzeko aukerarik». Etxebizitza duin bat lortzeko zailtasunak zuzenean eragin die, «oztopo baita oinarrizko beharrak asetzeko». Arazo hori normalizatu izana txarretsi du Paris 365eko koordinatzaileak: «Lehen, zaila zen etxebizitza bat alokatu ahal izatea; orain, zaila da bizitzeko logela bat eskuratzea. Normalizatu egin dugu egoera».
Horrez gain, pobrezia «kronifikatu» dela uste du Gomez Garciak, eta horren lekuko izan dira jantokian. Izan ere, «pertsona berberak» dira egunero-egunero janari edo arropa bila doazenak: «Hirurogei toki ditugu jantokian, eta gosari, bazkari eta afari kopuru bertsua eskaintzen dugu urtetik urtera. Hala ere, 2024an 168 pertsona artatu genituen, aurreko urtean baino %7 gutxiago». Jantokian otorduak zerbitzatzeaz gain, oinarrizko elikagaiekin betetako otarreak ere banatzen dituzte seme-alaba txikiak dituzten familien artean, eta zerbitzu horretan ere fenomeno bera nabaritu dute: banatutako elikagai kopurua mantendu egin da urte batetik bestera, baina erabiltzaileek %32 egin dute behera: «Horrek esan nahi du ez dagoela errotaziorik. Behar eta zaurgarritasun egoerak luzatu eta larriagotu egin dira; lehen behin-behinekoak ziren egoerak behin betiko bihurtu dira».
Hala eta guztiz ere, «itxaropenez beteriko mezua» zabaldu nahi izan dute Paris 365eko arduradunek. Sinetsita daude proiektua iraunaraztea lortuko dutela, «zailtasunak zailtasun», eta indartuta aterako direla. Aipagai izan dituzte Matalaz elkartearekin auzolanean eginiko berritze lanak, eta esker ona adierazi nahi diete proiektuari laguntza eskaini dieten guztiei: «Emandako guztia itzuli nahi diogu komunitateari».