Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak eman du datua: Ertzaintzak 50 lagun baino gehiago ditu ikerketapean Munduko Kopako finalaren harira Hego Euskal Herrian egondako istiluengatik. Espainiak Argentinaren aurka jokatu zuen partida hura, duela bi aste, eta Euskal Herriko futbol selekzioaren ofizialtasunaren aldeko manifestazioak antolatu zituzten Hego Euskal Herriko hainbat txokotan. Bada, istiluak izan ziren horietako zenbaitetan. Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu jada. Zupiriak egun hartako jazoerak gaitzetsi ditu Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan: «Batek baino gehiagok epailearen aurrean erantzun beharko du, egindako lege hausteak larriak baitira».
Azken egunetan oihartzun handia izan dute Espainiako Poliziak Bizkaian egindako operazioek, zeinetan bi lagun atxilotu zituzten. Hain zuzen, zenbait adituk adierazi dute balitekeela jardun hori Ertzaintzaren eskumenekoa izatea berez. Polemika horren inguruan galdetuta eman du Zupiriak atxilotuen datua. Haren ustez, jomugan jarri beharrekoa ez da polizia eskumenen auzia, baizik eta finalaren egunean izandako «jazoera larriak». Izan ere, Segurtasun sailburuak gogor egin du istiluetan parte hartu zutenen aurka. Adierazi duenez, «sakon kezkatzen» du «zenbait arlotan indarkeria erabiltzeko askatasuna» normalizatu izanak.
«Egun batean faxistak dira; beste egun batean, Israelen alde daudenak, eta beste batean, oligarkiaren eta inperialismoaren alde omen daudenak. Eta, orain, espainolismoaren aurkako hau hartu dute. Jarrera horiek onartezinak dira», azpimarratu du. Nabarmendu du, hala ere, «minoritarioak» direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartean, «zorionez». Baina kezkaturik agertu da, halere «hor» daudela iritzita.
«Hor» daudenak «ezker muturreko» taldeak dira, Zupiriaren arabera, eta «Euskadin, egun, haiekin arazo bat» dagoela uste du: «Indarkeria sustatu nahi dute». Iragan urrian Espainiako Falangeak Gasteizen egindako ekitaldiaren aurka egin zutenak jarri ditu adibide gisa. Orduko hartan, Ernaik, GKSk, Jarkik eta beste zenbait eragilek bat egin zuten eskuin muturreko alderdiaren aurka egiteko.
Polizia eredu berria
Eta adierazi duen arren eskumenen auzia ez duela kezka nagusitzat hartzen, sailburuak azpimarratu du Espainiako Poliziak «bere eginkizunetatik kanpo» jardun duela bi atxiloketa horiek eginda.  Polizia hartako sindikatuek adierazi dute atxilotuei gorroto delituak egotzi zizkietelako esku hartu zutela, baina, Zupiriaren esanetan, horretarako eskumena estatutuan jasoa dago, eta, hortaz, Ertzaintzari zegokion atxiloketa horiek egitea: «Hau ez da iritzi politiko bat. Afera tekniko-juridikoa da». Ez du aipatu Espainiako Poliziak bestelako atxiloketarik egingo ote duen.
«Ertzainen eta udaltzainen presentzia handiagoa izan dadila eskatu digute herritarrek»Â
BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Ertzaintzaren jokabidea salatu dute zenbait eragilek azken asteetan, Munduko Kopako finalaren harira izan zuten jarrera zela medio. Donostiako Karmengo jaietan, esaterako, zenbait eragileren aurka oldartu ziren poliziak; eta, salatu zutenez, jipoitu egin zituzten. «Ez dut nahi Ertzaintzaren jarduna istiluak abiatzeko argudio gisa erabiltzea», esan du Zupiriak, polizien egitekoa babesteko. Aurretik Espainiaren zaleen aurka izandako oldarraldia ekarri du mahai gainera.
Hala ere, aipatu du polizia eredu berri bat behar dela. Berrogei urte baino gehiago igaro dira Ertzaintza sortu zenetik, eta garai hartako eta egungo errealitateak «oso ezberdinak» direla nabarmendu du Zupiriak: «momentu hartan bi arazo nagusi genituen: ETA eta droga». Hori dela eta, adierazi du «gizarte berri batera egokitu behar» dela: «Ertzainen eta udaltzainen presentzia handiagoa izan dadila eskatu digute herritarrek».