Donostiako Udalak Rosa Zarraren omenezko plaka bat jarriko du larunbatean, «Amara Berri auzoko bizilaguna Poliziaren ekintzak eragindako biktima» dela aitortzeko. Lizar Irazusta Rosa Zarra zenaren ilobaren esanetan, «bakean geratu» eta hiru hamarkadako borroka luzearen emaitza jasotzeko balioko dio ekitaldiak familiari, baina, eurentzat bukaera bat ezarriko duen arren, ez dute «puntu eta amaiera» bat izatea nahi, azken hilabeteetako jazoerak direla medio uste baitute oraindik ere lanean segitu behar dela, berriz gertatuko ez delako bermea ezartzeko. Zarra 1995ean hil zen, Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz.
Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak martxoan jakinarazi zion Irazusta-Zarra familiari Rosa Zarra biktima gisa aitortu zuela ofizialki, eta horrek bide eman die urrats gehiagori. Horietako bat da Donostiako Udalaren erabakia. Erakunde hark duela bi legealdi jarri zuen martxan «terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen memoria eta ikusgaitasuna» berrezartzeko proiektua, eta Gipuzkoako hiriburuan plaka bat izango duen 37. biktima da Zarra. Poliziaren hirugarren biktima, eta Ertzaintzaren lehena.
Ekitaldi publikoa 12:00etan egingo dute, Olaeta plazan. Aurrez, berriz, Donostiako alkate Jon Insaustik eta udal ordezkaritza batek udaletxean hartuko dute Irazusta-Zarra familia. Lizar Irazustak ez du zalantzarik ekitaldi ederra izango dela, baina ez du asetzen hartara iristeko moduak: «Omenaldia aurpegi onenarekin egingo digute, eta ziurrenik hunkigarria izango da, baina guk badakigu derrigortuta daudelako egingo dutela».
Izan ere, salatu du 30 urte izan dituztela halako zerbait egiteko, baina kontrako bidean egin izan dela indar orain arte: «Kontziente gara EAJn ez dela autokritikarik egin, eta zentsura dagoela, galarazi dela Ertzaintzaren ekintzak deitoratzea». Izan ere, gogoratu dute balorazio batzordeak, familiak eta Ales Elosegi nefrologoak defendatutako bertsioa baieztatu arte kontrako norabidean zihoan bertsio ofizial bat gailendu zela instituzioetan, baita osasungintzan ere, Elosegik berak aste honetan BERRIAn idatzitako gutunean gogoratu duenez.
«Familia moduan, bakean geratzen gara, baina, gizarteko kide moduan, ezin gara lasai egon jakinda aurreko hilabetean gauza bera egin zutela»
LIZAR IRAZUSTA Rosa Zarraren iloba
Izan ere, orduko Herrizaingo sailburu Juan Mari Atutxa buru, Eusko Jaurlaritzak zabaldu zuen Zarra gaixo zegoela, eta pilotakadarik gabe ere berdin hilko zela. Hala, udalek halako omenaldiak egiteko erabili izan duten Udal erretratuak txostenean ere «gehiago ikertu» beharreko kasuen artean ezarri zuen Jaurlaritzak Zarrarena, hilketa baieztatu gabe.
«Gezur handi bat», esan du Irazustak, eta gehitu du arduradun politiko horiek barkamena eskatu beharko luketela. Atutxari berari erreferentzia eginda jarraitu du: «Badakigu ez dela etorriko, eta itzalean jarraituko duela, nahiz eta jakin gezurra esan zuela». Eta harago, gehitu du hedabideek eta auzitegiek ere gauza bera egin zutela. Hain zuzen, balorazio batzordearen txostenak argi dio ez zela «ikerketa eraginkorrik» egin. Hori, bere hartan, bizitzeko eskubidearen urraketa da, «dimentsio prozesalean».
Horiek horrela, familia «harro» dago hori guztia desmuntatu ahal izan dutelako: «Omenaldia horren ebidentzia da». Baita Xabier Irazustaren, hots, Zarraren alargunaren borrokaren aitortza ere, Lizar Irazustak esan duenez. Hark 88 urte ditu, eta hiru hamarkada egin ditu jazotakoaren inguruko egia azaleratzeko lanean. «Bada garaia berak ere sentitu dezan egin behar zuen guztia egin duela, eta lortu duela Rosa Zarra aitortzea».
«Bortizkeria praxia»
Irazusta-Zarra familiak, baina, harago ere ezarri du begirada, eta Lizar Irazustak argi du ez dela ezer amaitzen euren kasuarekin. «Familia moduan, bakean geratzen gara, baina, gizarteko kide moduan, ezin gara lasai egon jakinda aurreko hilabetean gauza bera egin zutela», adierazi du, Aritz Ibarraren kasua gogoratuz. Falange Espainolaren elkarretaratzearen kontrako protestetan, ertzain batek foam jaurtigai bat bota zion aurpegira, hurbiletik. Era berean, gogoan ditu Iñigo Cabacasen heriotza, eta azken urteetan izandako beste zenbait kasu; esaterako, Amaya Zabarterena eta Xuhar Pazosena. «Ikustean pilotakadak jaurtitzen direla distantzia laburrera eta gerritik gora, ikustean jaurtitzen direla heriotza eragin dezaketen pilotakadak, beti etorriko zaigu gogora gure izebaren irudia».
Hala, Irazustak adierazi du Zarraren hilketa benetan sentitzen dutela adierazteko modua litzatekeela «Ertzaintzak erabiltzen duen bortizkeria praxia» jomugan jartzea, horien biktimak aitortzea eta gehiago ez jazotzeko aldaketak egitea: «Neurriak hartzea beste Rosa Zarra bat egon ez dadin». Izan ere, argudiatu du «minduta» sentitzen direla halako jazoeretan, baita horien harira «Ertzaintza biktima gisa» aurkezten denean ere. Hala, espero dute eurek jasotako aitortza besteentzat ere baliagarri izatea: «Izan dadila ekitaldi hau beste batzuen abiapuntua».