50.000 lagun eta aldarri bat: «Israel suntsitu, Palestina askatu!». Euskal Herriak ozen egin du oihu gaur: Palestinaren erresistentziaren alde kalera atera dira herritarrak, eta Palestinako banderaz, kufijaz eta ikurrinez estali dituzte kaleak. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako manifestazioa Antoniuttitik abiatu da, eguerdian, Palestinar erresistentzia aurrera! Israel desegin lelopean.
Manifestazioaren buruak hiriburuko Armada etorbidean aurrera egin ahala, bazterretan zegoen jendea mobilizaziora sartzen hasi da. Horietako bat da Pili Etxeberria: Bilbotik etorri da, bertze dozena erdi lagunekin. Esplikatu du Palestinako herriari elkartasuna adierazteko aukera oro baliatzen duela taldeak: «Hirian egiten diren kontzentrazio eta mobilizazio guztietara joaten saiatzen gara, eta gaur ere hemen egotea garrantzitsua zela iruditzen zaigu. Genozidio bat da Israel Palestinan egiten ari dena, eta guri horren kontra egitea dagokigu: kalera atera behar dugu, eta Palestinako herriari babesa erakutsi».

Mobilizazioa etorbideko ezkerreko aldetik abiatu bada ere, hain zen jendetsua ezen etorbide osoa hartu baitu, ezker-eskuin. Bazter batean dago Hafssa Buaicha, adi-adi manifestazioari begira; amarekin eta bi anaiekin etorri da Iruñera, izeba bisitatzera, Tuteratik (Nafarroa). Ez zuten manifestazioaren berri, baina giroa ikustean «hunkitu» egin direla aitortu dute, eta txalo artean hartu dituzte manifestariak: «Palestinarekiko elkartasun uholde hau ikustea zoragarria da. Hain da bidegabea gertatzen ari dena, herria kalera ateratzen dela ikusteak indarra ematen baitu». Manifestazioaren burua Bakearen plazara ailegatu denean atera dira azken manifestariak Antoniuttitik.
«Israel suntsitu, Palestina askatu» eta «Gora palestinar erresistentzia!» oihukatzen zuten bitartean, Karlos III.a etorbidera hurbildu dira laster, bazterrean Polizia zegoela; txistuka erantzun diote manifestariek haien presentziari. Zara dendara hurbildu direnean, berriz, dendako ateak itxi egin dituzte barrenetik, eta bertan zeuden herritarrak kanpora atera dira. BDZ (Boikota, Desinbertsioak, Zigorrak) plataformako kideek pankarta bat eskegi dute orduan: «Zara, sionista zara zu». Dendatik marmarka atera dira herritar batzuk: «Zer premia dute hau egiteko?», erran du batek. Argazkilari batek entzun, baina, erantzuteko hitzik ez, eta buruarekin ezetz eginez urrundu da andrearen ondotik.
Sarasaterantz segitu dute, eta plaza guztia bete orduko Olaia Inziarte, J Martina taldeko Ane Barcena eta Kattalin Barcena, Idoia Asurmendi, Jon Gurrutxaga eta Elene Uribarri abeslariak oholtzara igo dira, kufija lepoan; ezin zuten Wafa ez zen bertze kanturen batekin hasi ekitaldia. Hain zuzen ere, iragan irailaren 22an atera zuen Desgaraian taldeak abestia, zeinak Wafa Idris palestinarraren bizipenak dituen oinarri. Malkoak idortuz hasi du kantua Inziartek, eta ez zen gutxiagorako, Sarasaten ezin kabitu zen jendetzak txalo artean hartu baititu abeslariak, hasi eta buka.
Bukatu dutenean, burua zapiz estalita zuten hiru kide igo dira eszenatokira, eta su eman diote Israelgo bandera bati. Konplizitatez erantzun diete herritarrek, txistu eta oihu artean.
@berria pic.twitter.com/Zqv80GsGLJ
— Isabel Jaurena (@ijaurena_) October 4, 2025
Greba orokorra
Txalo zaparrada luze baten ondotik, Aritz Ganboa igo da oholtza gainera, komunikatua euskaraz irakurtzera: «Berriz ere Iruñeko kaleak bete ditugu oihu ozen batez. Baina garai nahasi hauetan ez da nahikoa gauzak ozen esatearekin. Mendebaldeko gobernuak Palestinaren defendatzaile gisa aurkezten ari diren honetan, gauzak argi esan behar dira». Ganboaren ondotik, Nasser Salah mintzatu da, arabieraz; hitza hartzen azkena Gladys Giraldo izan da, gaztelaniaz. Global Sumud Flotillako ekintzaileei elkartasun osoa adierazi diete, eta haiek berehala askatzeko exijitu dute.
Israel desegitea aldarrikatu dute, Palestina askatzeko «lurraldea deskolonizatu» behar dela iritzita. «Genozidioaren amaiera palestinar erresistentziaren eskutik etorriko da, hartzen dituen adierazpen guztietan, eta klase eta herri zapalduen arteko antolakuntza internazionalistaren eskutik etorriko da», zehaztu dute. Halaber, bi estatuen irtenbidea «iruzurra» dela diote: «Israelgo estatu kolonialak bizirik jarraitzen badu, herri palestinarra desagertu egingo da. Eta Palestina askatzen bada, Israelgo Estatua desegitearekin batera askatuko da».
«Israelgo estatu kolonialak bizirik jarraitzen badu, herri palestinarra desagertu egingo da. Eta Palestina askatzen bada, Israelgo Estatua desegitearekin batera askatuko da»
ARITZ GANBOA Palestinarekin Elkartasuna
Hala, konplize guztien kontrako borroka indartzera deitu dute, eta Israelekiko harreman oro etetera. «Bada garaia CAFek bere kontratuak hausteko, Maccabik, Israel Premier Tech taldeak eta beste talde sionistak txapelketatik kanporatuak izateko. Eta bada garaia Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako instituzioek eta euskal unibertsitateek harreman komertzial, akademiko eta diplomatiko oro eteteko».
Nabarmendu dute, gainera, azken asteetako mobilizazioei esker Europako gobernuek zenbait neurri iragarri dituztela, baina, haien irudiko, «aurpegia garbitzeko eta protesta baretzeko hitz eta neurri hutsalak» bertzerik ez dira. Presioaren «intentsitatea handitzeko» garaia dela adierazi dute, eta, hortaz, Euskal Herrian greba orokorra antolatzea beharrezkoa zaie, eta horretarako deia egin diete sindikatuei.
«Aipamen berezia merezi du Trumpek eta Netanyahuk adostu eta Mendebaldeko gobernuek txalotu duten Gazarako planak. Bake akordio gisa saldu dutena Palestinaren zapalkuntza betikotzeko plana besterik ez da», erran dute. Bada, nabarmendu dute bi estatuen «konponbidea» aldarrikatzen duten horiexek direla plan hori onartu dutenak, Espainiako eta Frantziako gobernuak barne. «Horixe izan baita beti bi estatuen irtenbidea: Israeli denbora ematea garbiketa etnikoa gauzatu dezan».

Akordio horietatik urrun, genozidioaren bukaera Palestinaren erresistentziaren eskutik etorriko dela sinetsita daude: «Estatu sionistaren eta haren oinarrian dagoen inperialismoaren kontrako antolakuntzaren bidez, mobilizazioaren bidez, eta konplize guztien aurkako boikotaren eta ekintza zuzenaren bidez etorriko da genozidioaren amaiera». Hala, bide horretan ezinbertzekoa zaie «klase eta herri zapalduen arteko antolakuntza internazionalista».
Azken esaldia akitu orduko, 50.000 lagunen txaloek, oihuek eta txistuek hartu dute plaza, eta, berriz ere, Euskal Herriak ozen egin du oihu: «Gora palestinar erresistentzia! Gora Palestina askatuta!».