Abortatzeko eskubidea konstituzioan sartzeko erreformak bidea hasi du

Espainiako Gobernuak abortua konstituzioan «blindatu» nahi du, 43. artikuluan atal bat gehituz. PPk eta Voxek osoko zuzenketak aurkeztu dituzte gaur Kongresuan, baina alderdiek ez dituzte onartu.

Abortatzeko eskubidearen alde Itaiak egindako elkarretaratze bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Abortatzeko eskubidearen alde Itaiak egindako elkarretaratze bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 30a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abortatzeko eskubidea Espainiako Konstituzioan sartzeko erreformak hasi du bere bidea. Ministroen Kontseiluak hilaren 7an onartu zuen aldaketa, eta gaur PP eta Vox alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu dituzte Kongresuan: Espainiako Gobernuaren nahia da abortua konstituzioan «blindatzea», etorkizunean aukerarik egon ez dadin eskubide horren kontrako ekinaldiei bide emateko; gaur aurkeztutako zuzenketek, baina, erreforma horren kontra egin dute. Zuzenketak ez dituzte onartu: 171 aldeko boto jaso dituzte —PP, Vox eta UPN alderdienak—, eta 177 kontra —gainerako taldeenak—.

Osoko zuzenketak baztertuta, ohiko prozedura jarraituko du erreformak. Hau da, Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu behar du, eta, beraz, PPren sostengua ezinbertzekoa da aurrera atera dadin. Lege erreforma onartuko balitz, abortatzeko eskubidea konstituzioan jasotzen duen bigarren herrialdea izango litzateke Espainia, Frantziak 2024an egin baitzuen urrats hori.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek iazko urrian iragarri zuenez, Espainiako Konstituzioko 43. artikuluan laugarren atal bat jartzea proposatzen dute. Testu horren arabera, botere publiko guztiak behartuta egonen dira aborturako eskubidea bermatzera: «Botere publikoek emakumeen abortatzeko eskubidea bermatu beharko dute, berdintasunezko baldintza erreal eta eraginkorrekin, eta eskubide hori aurrera eramateko beharrezkoak diren prestazio eta zerbitzuekin».

Hala gogoratu du Ana Redondo Espainiako Berdintasun ministroak eta azpimarratu erreformaren bidez «erabakitzeko eskubidea eta norbere gorputzaren autonomia» defendatzea dutela helburu. Gogoratu du abortuen %79 zentro pribatuetan egiten direla oraindik, eta aldaketa nabarmenak daudela lurraldetik lurraldera. Izan ere, iaz Madrilgo Udalean aurrera atera zen Voxek aurkeztutako eta PPk babestutako mozio bat: hartan, abortatzera doazen emakumeei abortuaren osteko ustezko sindrome bati buruzko informazioa ematea proposatzen da. «Erreforma honek ziurtatuko du emakume bakar bati ere ez diotela bere [abortatzeko] eskubidea mugatuko, eta eskubide hori babestuta egongo dela», erran du Redondok. Hala, bi alderdiei eskatu die beren zuzenketak atzera botatzeko, eta elkarrizketarako bidea irekitzeko.

Redondoren eskaera aintzat hartzetik urrun, bi alderdiek erreforma gaitzetsi dute. Joaquin Robles Lopez mintzatu da Voxen izenean eta erran du planteatutako erreformak «bizitzaren aldeko eskubidea urratu» egiten duela. Are, alderdi ultraeskuindarreko kideek ez dute uste erreforma horrek «emakumeen alde» egiten duenik. Silvia Franco Gonzalez PPko kideak, berriz, «akats politiko eta juridikotzat» jo du erreforma: «Erreforma honek ez du ezertarako balio».

Gaur iragarritakoa ez da Espainiak abortatzeko eskubideari lotuta egin nahi duen aldaketa bakarra. Izan ere, gobernua aztertzen ari da kliniken inguruko segurtasun perimetro bat ezartzeko aukera, eta Kongresuan proposamen bat aurkeztu dute 200 metroko perimetroan elkarretaratzeak debekatzeko. Eta bide bereko proposamenak dira eztabaidatzekoak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA