Jose Manuel Entrecanales Accionako presidentearen aurka eginbide judizialak egiteko eskatu dio fiskaltzak instrukzio epaitegiari. Funtsean, deliturik egon ote den ikertzea galdegin dio. Diario de Navarra egunkariak aurreratu du albistea.Â
Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak bi aldiz deitu zuen deklaratzera Entrecanales, urtarrilaren 20an eta otsailaren 9an. Ez batean eta bestean Entrecanales ez zen bertaratu, eta, haren ordez, Accionak beste bi zuzendari bidali zituen: Joaquin Molinedo eta Jose Julio Figueroa. Accionak argudiatu zuen administrazio kontseiluari zegokiola erabakitzea nork joan behar zuen agerraldira.
Parlamentuak, berriz, gogora ekarri zuen deialdia pertsona jakinei egiten zaiela eta bertaratzeko betebeharra dutela. Gogorarazi zieten desobedientzia delitua egon litekeela eskaera hori betetzen ez bada. Haatik, Entrecanales bertaratu ez zenez, ikerketa batzordeak fiskaltzari jakinarazi zion zer gertatu zen, eta orain fiskaltzak ondorioztatu du delitu zantzua egon daitekeela.
Fiskaltzaren arabera, Accionak emandako azalpenek ez dute justifikaziorik, parlamentuak berak bi aldiz ohartarazi ziolako Entrecanalesi. «Idatzi batek edo beste bi ordezkarik ezin dezakete ordezka pertsonalki bertaratzeko betekizuna». Gaineratu duenez, enpresaren zerbitzu juridikoek ezin diezaiokete itzuri egin parlamentuaren eskakizunari. «Agerraldi eskea legitimoa da, eta Zigor Kodeak babesten du». Fiskaltzak azaldu du eskakizuna ez betetzeak espetxe zigorra ekar dezakeela. «Bi hitzorduetan gogorarazi zitzaion ez agertzeak zigor arloko ondorioak izan zitzakeela», azpimarratu du.
Entrecanalesek berak, otsailaren 20ko idatzi batean, Nafarroako Parlamentuari onartu zion ez joatea erabaki zuela, bertaratzeak ohorea eta irudi ona belztuko zizkiolako.Â