Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ditu

Egitasmoak salatu du 300 herritar baino gehiago gera daitezkeela afaltzeko aukerarik gabe. Agerraldi batera deitu dute gaur eguerdirako.

Kaleko Afari Solidarioak-eko boluntarioak afaria banatzen, 2024ko abenduan, Donostiako Gipuzkoa Plazan. JON URBE / FOKU
Kaleko Afari Solidarioak-eko boluntarioak afaria banatzen, 2024ko abenduan, Donostiako Gipuzkoa Plazan. JON URBE / FOKU
jon olano
2026ko uztailaren 28a
01:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako herritarren artean argazki bat zabaldu zen atzo iluntzean: Udaltzaingoaren idatzi bat, zioena «hiriko espazio publikoetan afaria banatzeko jarduera debekatzen» duen ebazpen bat eman zuela udalak atzo bertan. Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak baieztatu zuenez, 20:00etan jakinarazi zieten gaurtik ezingo dutela afaririk partitu horretarako beharra duten herritarren artean. Prentsaurreko bat egingo dute gaur eguerdian, udaletxeko atarian.

Udaleko hiru sailen txosten teknikoak aintzat hartuta galarazi dute janari banaketa: Espazio Publikoaren Erabilera Unitatea, Osasun Publikoko Saila eta Udaltzaingoa.

Donostian kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei gauero afari bat eskaintzen dieten herritar talde bat da KAS, boluntarioz osatua. 2020ko azaroaz geroztik ari dira zeregin horretan, gauero-gauero; Parte Zaharrean hasi ziren, Plaza Berrian gutxi batzuei jatekoa emanez, eta sei hilabetera 60-70 ziren boluntarioengana afari bila jotzen zutenak. Egitasmoa Egiara eta Amara Berrira zabaldu zen gero. KASek ohartarazi du 300 pertsona baino gehiago geratu daitezkeela afaltzekorik gabe, debekua gauzatzen bada. Horietako asko migratzaileak dira.

2024ko urriaren 23an ere debekua ezarri zion udalak egitasmoari; orduan, segurtasun arrazoiak argudiatuta, Egia auzoko banaketa eten zuen. Hiritarren Harrera Sareak 2024ko urrian argitaratu zuen Kale Gorrian zenbaketan lortutako datua: urriaren 23ko gauean, 413 pertsonak egin zuten lo kalean Donostian. 

PPk KASen aurkako mozio bat eraman zuen ekainean udalbatzarrera, eta alderdi honetako zinegotziek parte hartu zuten 2024an afari banaketaren aurka Egian egin ziren protestetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA