AHTa lurrazaletik helduko da Bilbora lurpeko lanak egin bitartean

Basaurin AHTaren behin-behineko geralekua eraikitzeko proiektua alboratu dute Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Bilboko Abando geltokian egingo dute aldi baterako lurrazaleko geraleku berria.

Susana Garcia, Jose Antonio Santano, Juan Maria Aburto eta Elixabete Etxanobe, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan, Bilboko udaletxean. LUIS TEJIDO / EFE
Susana Garcia, Jose Antonio Santano, Juan Maria Aburto eta Elixabete Etxanobe, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan, Bilboko udaletxean. LUIS TEJIDO / EFE
June Montero
Bilbo
2026ko maiatzaren 11
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin-behineko irtenbidea aurkitu diote Bilboko AHTaren proiektuari. Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren ordezkariek trena lurrazaletik iritsiko dela jakinarazi dute gaur, Bilboko udaletxean egin duten prentsaurrekoan. Aurreikusi baino lehenago iritsiko da AHTa Bizkaiko hiriburura, eta, horretarako, aldi baterako geltokia egingo dute Abandon. Horrenbestez, bertan behera geratu da Basaurin (Bizkaia) behin-behineko geralekua eraikitzeko plana. Jose Antonio Santano Espainiako Garraio arloko estatu idazkariaren arabera, aldaketa horrek lurpeko geltokiaren proiektua, «atzeratu beharrean, erraztu» egingo du. 

Trenen mantentze lanak egiteko basea Basaurira lekualdatzea ere erabaki dute, Lapatzako zabortegiaren ondora, hain zuzen ere. Horrela, Abandoko geltokiaren ondoan, 40.000 metro karratu geratuko dira libre, eta AHTaren lurrazaleko aldi baterako geralekua eraikiko dute bertan. Santanoren hitzetan, proiektuaren moldaketari esker ez dira izango Basauriko behin-behineko geltokian trenez aldatu beharrak sortuko lituzkeen «eragozpenak». Gainera, erantsi du garraiobideen arteko lotura «askoz hobea» dela Bilboko geltokian. Hala ere, estatu idazkariak AHTa lur azpira eramateko konpromisoa berretsi du, eta nabarmendu du trena ez dela martxan jarriko lur azpiko lanak lizitatu arte. 

Behin-behineko geltokia Bilbora eramateak obren eragina «gutxituko» duela azaldu du Santanok. Izan ere, Basaurin egin behar ziren eraikuntza lanek «hainbat urtetan kalte» egingo zieten C1, C2 eta C3 lineei, estatu idazkariaren aburuz, eta, obra berriak, berriz, «hilabete batzuetan» baino ez die eragingo. 

Maiztasunean ere eragina izango luke Basaurin geltokia egiteak, Montserrat Rallo Adifeko Planifikazio, Estrategia eta Proiektuen zuzendari nagusiak azaldu duenez. «Zaila zen ordu erdian behin tren bat egotea, Eusko Jaurlaritzak eskatzen zuen bezala, edozein atzerapenek trenen segida eteten baitzuen». 

Hamar milioi bidaiari

Bilboko geltokian eraikiko dituzten azpiegituren xehetasunak ere azaldu ditu Rallok. Trenbidea Abandora heltzear dagoela, bi tuneletan adarkatuko da AHTaren geltokirako sarbidea. Tuneletako bat etorkizuneko lur azpiko geltokira joango da, eta bigarrena, berriz, lurrazaleko behin-behineko geralekura. Obra horri esker AHTa martxan jartzen denean urtean sei milioi bidaiari eramatea aurreikusten dutela jakinarazi du Rallok, eta, aurrerago, hamar milioira iritsiko dela bidaiarien jarioa. 

Proiektua abiatu zenetik ez da argi egon eraikuntza lanak nork finantzatuko dituen. Orain arte, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala izan dira finantzatzaileak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak uko egin dio egitasmoan parte hartzeari. Azpiegituren eta hirigintzaren eskumenak foru aldundiarenak ez direla argudiatzen zuten Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta aurretik kargua zuenak, Unai Rementeriak. Duela hilabete eskas hasi zen aldatzen foru aldundiaren jarrera, eta iragan astean eman zuten hartutako erabakiaren berri: Etxanobek baieztatu zuen Abandoko tren geltokian egingo dituzten moldaketa eta eraikitze lanak finantzatuko dituztela beste erakundeekin batera. Etxanobek jakinarazi du libre geratuko diren orubeetako bat diputazioarena izango dela eta «jarduera ekonomiko berritzaileak» egiteko erabiliko dutela. 

Aurrekontua zein izango den zehaztu ez duten arren, Santanok azaldu du «Basaurin behin-behineko geralekua eraikitzea baino merkeagoa» izango dela. Izan ere, estatu idazkariaren arabera, Basaurin egin beharreko lanak Donostiako lurpeko geltokia eraikitzea baino garestiagoak dira. Ez dute zehaztu erakunde bakoitzak aurrekontuaren zer ehuneko ordainduko duen. «Egin beharreko lana definitzen» ari direla azaldu du Etxanobek, «zuhurtziaz» jokatzen ari direla, eta, hortaz, ez dutela oraingoz zifra zehatzik emango. 

Abandoko geltokiko egitura guztiz aldatuko dute proiektuaren bigarren fasean. AHTa lurpetik sartuko da hirira, eta lan horiek aprobetxatuko dituzte Abandotik abiatzen diren trenbide guztiak lurperatzeko. Horrenbestez, eraikinak lur azpiko geraleku berri bat izango du: lehen solairuan, Renferen Aldiriko trenen eta FEVE zaharraren nasak egongo dira; bigarrenean, abiadura handiko trenaren zortzi burdinbideak eta lau nasak egingo dituzte. Abandoko eraikinaren estalkia eta beirateak bere horretan mantenduko dituzte, baina desagertu egingo dira geltokiaren eta Bilbo Zaharraren artean dauden trenbideak. 130.000 metro karratuko orube horretan etxebizitzak eraiki eta berdeguneak ipintzeko asmoa dute, eta horren azpian egongo da lurpeko geltoki intermodala. 

EH Bilduk egotzi die «beste behin inprobisatzen» aritzea 

AHTaren proiektu berriaren harira, Karlos Renedo Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak EAJ eta PSE-EE alderdiei leporatu die «beste behin inprobisatzen» aritzea: «Gaur, 30 urte geroago, baieztatu dute ez dakitela AHTa Bilbora nola, noiz eta zenbat kostatuta iritsiko den». Salatu du «inprobisazioak 4.800 milioi euroko gainkostua» eragin duela orain artean. 

Renedok azpimarratu du Abandoko trenbideen ingurua «estrategikoa» dela eta aukera ematen duela Zabala, Bilbo Zaharra, Abando eta Irala auzoak «hamarkadetan banatu dituen lubakia» kentzeko. Proiektua «eperik eta aurrekonturik gabe» aurkeztea arriskutsua da, haren hitzetan, lurrazalean eraikiko duten geltokia «hamarkadetarako» izan daitekeelako, behin-behinekoa izan beharrean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE