Aldirietako tren zerbitzua Lottu izango da aurrerantzean

Izen hori gailendu da galdeketa batean, eta egungo Renfe Aldiriak izena ordezkatuko du. Lurbil eta Besaide ziren beste aukerak.

Aldiriko tren zerbitzua, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Aldiriko tren zerbitzua, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 20a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala Brinkolatik Irunerako (Gipuzkoa) trena hartzen dutenek nola Gasteiztik Altsasura (Nafarroa) nahiz Balmasedatik (Bizkaia) Bilbora doazen bidaiariek Lottu trena hartuko dute aurrerantzean. Izan ere, izen hori izango du hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen aldirietako tren zerbitzuak. Hala erabaki du herritarren gehiengo batek, bozketa bidez, eta, beraz, izen horrek ordezkatuko du egungoa, Renfe Aldiriak.

Jaurlaritzak hiru aukera proposatu zituen, eta horien artean aukeratu behar izan dute herritarrek: Lottu, Besaide eta Lurbil. Bi astez egon da botoa emateko aukera, eta gauerdian amaitu da epea. Azkenean, hiru horien artean lehena gailendu da: parte hartu dutenen erdiek baino gehiagok egin dute Lottu aukeraren alde (%55); Lurbilek %30en babesa izan du, eta Besaidek, berriz, %14rena.

Jaurlaritzaren arabera, Lottu izen asmatua da, eta, lotura irudikatzeaz gain, parez pare jartzen ditu erabiltzailea eta zerbitzua, Jaurlaritzaren nahia baita aldiriko tren zerbitzua «alderdi guztietan hurbilekoa» izatea erabiltzaileentzat, gero eta erabiltzaile gehiago dauden honetan.

LOTTU
Lottu izenaren behin-behineko logoa. IREKIA

Jaurlaritzak urtarrilaren 1ean hartu zuen aldiriko tren zerbitzuaren ardura. Hain zuzen, gobernuak izen aldaketa baliatu nahi du eskualdaketa hori ikusarazteko eta Espainiako zerbitzutik bereizteko. Marka propio bat indartzea da Susana Garcia Txuekak kudeatzen duen sailaren helburua, Kataluniako Rodalies eredutzat hartuta.

Gaur egun, bost linea kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzak: Bizkaian, Bilbo Santurtzirekin, Muskizekin, Urduñarekin eta Balmasedarekin lotzen dituzten C1, C2, C3 eta C4 lineak, eta, Gipuzkoan, Irun Brinkolarekin lotzen duena. Berriki beste bat ere jarri du martxan, Arabako Lautada zeharkatzen duena.

Halere, ez dute zehaztu izen aldaketa noiz egingo den. Izan ere, orain marka erregistratu eta garatu egin beharko dute. Luze joko du horrek, eta, beraz, denbora beharko da trenetan eta geltokietan ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.