Angeluko «erailketa matxista» gaitzestera deitu dute Itaiak eta Emakumeen Mundu Martxak

Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin ditu gaur arratsaldean Emakumeen Antolakunde Sozialistak, eta astelehenetik aurrera mobilizatuko dira Mundu Martxako kideak.

Itaiaren elkarretaratzea, gaur iluntzean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Itaiaren elkarretaratzea, gaur iluntzean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko urriaren 17a
15:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean bortxatua izan ondoren Angelun (Lapurdi) bere buruaz beste egindako emakumearen kasua «erailketa matxistatzat» hartu dute Itaiak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, eta bortxa hori kalean gaitzestera deitu dute. Emakumeen Antolakunde Sozialistak gaur arratsaldean egin ditu elkarretaratzeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan: 19:00etan izan dira Bilbon (Areatzan), Iruñean (San Frantzisko plazan) eta Gasteizen (Farol Handian); eta 19:30ean izan da Donostian (Bulebarrean). Mundu Martxak, berriz, astelehenean eta asteazkenean egingo ditu protestak.

Sutan talde transfeministak atzo salatu zuenez, 19 urteko emakume gazte batek bere buruaz beste egin zuen irailean, Angeluko bere etxean, egun batzuk lehenago Baionan bortxaketa bat jasan eta salatu ondoren. Itaiarentzat ere «erailketa matxista bat» izan da, eta ohartarazi du andreen aurkako bortizkeria «larriagotu» egin dela, Ipar Euskal Herrian berriki salatu duenez. 

Era berean, ideia matxisten eta erreakzionarioen hedapenaz ohartarazi du: «Emakumeen aurkako diskurtsoak eta jarrerak normalizatzen ditu, eta erasoak legitimatzeko testuingurua sortu». Hori dela eta, Itaiak deia egin du «matxismoaren aurkako posizioa zabaltzeko», bai diskurtso erreakzionarioei aurre eginez, bai erasoak jasandako emakumeak babestuz.

Bortizkeriaren ondorioez hausnartu

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak «amorruz eta minez» hartu du albistea: «Gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak aztertzera ere». Izan ere, ohar bidez nabarmendu duenez, bortizkeria horrek «aurpegi eta ondorio ugari» ditu: «Sistema zisheteropatriarkalak emakumeon* bizitzak baldintzatzen ditu».

Ildo horretan, Angelun zendutako gazteak bortxaketa salatu zuela eta, Mundu Martxako kideek gogora ekarri dute erakunde publikoek arreta eta babesa emateko erantzukizuna dutela: «Horrek eskatzen du sexu indarkeria salatzen duten emakumeen beharrak erdigunean jartzea, laguntza psikologikoa eta soziala eskuragarri izatea, eta prozesu osoan babesa eskaintzea. Emakume gazteak salatutakoaren harira zer arreta eta babes eskaini zitzaion argitzea eskatzen dugu».

Hala, erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu du Mundu Martxak, eta erantzun kolektiboa ematera deitu. Datozen egunotan egingo dituzte elkarretaratzeak: astelehenean, 18:00etan, Baionan (herriko etxean) eta Bilbon (Arriaga plazan); 18:30ean Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazan); 20:00etan Iruñean (Udaletxe plazan); eta asteazkenean, berriz, Donostian (Plaza Haundin, Egian), 18:00etan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA