Protestara deitu dute Baionan, bortxatu zutela salatu zuen emakume batek bere buruaz beste egin duela eta

Mugimendu transfeministak salatu du hilketa matxista bat izan dela: «Justiziak eta sistemak babesik gabe utzi dute». Ustezko erasotzaileak 36 urte ditu, eta presondegian dago, behin-behinean.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Baionan, iazko azaroaren 25ean. GUILLAUME FAUVEAU
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Baionan, iazko azaroaren 25ean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urriaren 16a
18:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sutan kolektibo transfeministak protestara deitu du astelehen honetarako, bortxatua zutela salatu zuen emakume batek bere buruaz beste egin duela eta. Irailekoa da gertakaria, baina gaur plazaratu da informazioa, Baionako Auzitegian ustezko erasotzailea auzipetu ondotik. Elkarretaratzea antolatu du Sutan-ek astelehenerako, beraz, baina oraindik ez dituzte zehaztu ordua eta tokia. 

Sud Ouest egunkariak atera duen informazioaren arabera, irailaren 11n gertatu zen erasoa, Baiona iparraldeko auzo batean. 19 urteko emakumeak zita jarria zuen han erasotzailearekin; ustez, droga erosteko. Sud Ouest-ek jasotakoaren arabera, adikzio arazo handiak omen zituen, eta erregularki erosten zion droga gizonezkoari. Behin baino gehiagotan saiatu omen zen emakumearengana hurbiltzen lehenago ere; gau hartan, eraso egin zion. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta inguruko etxe batean hartu zuen aterpe, Poliziari deitu eta salaketa jartzeko. 

Erasoa gertatu eta egun gutxira, bere buruaz beste egin zuen emakumeak, etxean, Angelun (Lapurdi). Lehenago ere saiakera bat baino gehiago egindakoa omen zen. 

Sutan kolektibo transfeministak argi du: «Hau erailketa matxista bat da», adierazi dute ohar batean. «Justiziak eta sistemak babesik gabe utzi dute. Berriro ere salatzen dugu egitura patriarkalen konplizitatea eta erantzukizuna». Sutan-ek nabarmendu du indarkeria matxistak pertsona bakar bati bizia kentzea ere «gehiegizkoa» dela.

Ustezko erasotzailea 36 urteko gizonezko bat da, eta Baionako presondegian dago giltzapetua, behin-behinean. Drogaren eraginpean sexu eraso bat egin izana leporatuta ari dira ikertzen. 

Erasoen gorakada

Lehengo astean, elkarretaratzea egin zuten Azkainen (Lapurdi) Eme 8 kolektibo feministak deiturik, sexu indarkeriako bi kasuren berri izan ondotik. Irailean, Itaiak agerraldia egin zuen «emazteen kontrako indarkeriaren areagotzea» salatzeko. Azken hilabeteetako indarkeria matxistako kasuen «gordintasuna» gaitzetsi zuen antolakundeak, baita «emazteen aurkako diskurtsoen» gorakada eta normalizazioa ere. Baionan, emakume bat drogatu eta bortxatu zuen bikotekideak; gainera, gizonak erasoaren irudiak sareetan zabaldu zituen ondotik. Bi begiralek eraso egin zieten 3 eta 4 urte arteko hamasei haurri Miarritzeko (Lapurdi) aisialdi zentro batean. Eta hor dira Baionako bestak ere: sexu indarkeriako hogei kasu salatu zituzten denera. Ipar Euskal Herrian, gaur egun, bostehun dosier inguru daude haurren kontrako sexu indarkeriari loturikoak. Ekainaz geroz, zazpi bortxaketa salaketa kontatu ditu Itaiak, horietarik hiru adingabeen kontrakoak.

Emazteen eta haurren kontrako eraso sexistei eta sexu indarkeriari erantzun integrala emateko legearen alde bozkatu zuten asteartean Frantziako Asanblean. Neurri batzuek aitzinamenduak ekarriko dituzte, baina duda sortu da gobernuak beharrezko aitzinkontua ezarriko duenetz horien betetzeko.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA