BIOANIZTASUNA

Angularen arrantzaren debekua berretsi du justiziak

Arrantzaren debekuari helegitea jarri zion Euskadiko Anguleroen Elkarteak, baina justiziak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta bertan behera utzi du angulariek eskatzen zuten kautelazko neurria.

Saski bat angula, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Saski bat angula, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 18a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadiko Anguleroen Elkarteak auzitara eraman zuen angularen arrantzaren debekua, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez dio arrazoirik eman, eta behin-behineko debeku horri eutsi dio. Elkartearentzat, debeku horrek ez du oinarri sendorik, eta kautelazko neurri gisa debekua ezartzen duen ebazpena bertan behera uzteko eskatu zion justiziari, baina atzera bota dute eskari hori.

2025eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurtengo denboraldian angula arrantzatzea debekatu zuen, espeziearen egoera kritikoa dela eta. Neurri hori hasieratik kritikatu du Euskadiko Anguleroen Elkarteak, eta adierazi zuen auzitara eramango zuela. Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez dio arrazoirik eman.

Angulariek gogorarazi dute EAEko Arartekoak Jaurlaritzari gomendatu ziola angularen arrantzaren araudia berrikusteko, Europako Kontseiluak ez duela arrantza debekatu, eta 77/2024 Dekretuaren 11. artikulua —autonomia erkidegoei elkarren arteko koordinazioa exijitzen die artikulu horrek— ez dela bete, besteak beste, eta horregatik eskatu du bertan behera uzteko debekua. Horrez gain, arrantza debekatu izanak kalte ekonomiko handia eragin diela ere azpimarratu dute; angularientzat, kalteak «konponezinak» dira.

Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak angulariei esan die beste autonomia erkidego batzuekin koordinatu dela, baina horrek ez duela esan nahi neurri berak hartu behar dituztenik. Bestalde, sailak azpimarratu du arrantza debekatzea dela neurririk eraginkorrena espeziea kontserbatzeko.

Ikusi gehiago

Kalte ekonomikoei dagokienez, administrazio publikoak gogorarazi du angulariena ez dela sektore ekonomiko bat, eta «angularien interes partikularraren gainetik» interes orokorra dagoela: muga biologoetatik kanpo dagoen espezie baten kontserbazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA