Ezkerreko indarrek egindako eskaera onartu du Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileen batzarrak. EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Duguk iragan den astean eskatu zuten azaroaren 11ko osoko bilkura bertan behera uztea, eskaerarekin bat egiten zuten indar politikoek grebarekin bat egingo zutelako. Bozeramaileen batzarrak gaur onetsi du erabakia, eta, hortaz, Batzar Nagusiek greba deialdiarekin bat egingo dute eta ez dute egun horretarako aurreikusitako osoko bilkura egingo.
Hala ere, egun horretarako osoko bilkura ez da besterik gabe bertan behera geratu, PSE-EEk eta Elkarrekinek PPrekin adostu baitute grebaren biharamunean, azaroaren 12an, beste osoko bilkura bat egitea. Ez da Batzar Nagusiek onartu duten egutegi aldaketa bakarra: azaroko osoko bilkura tradizionala ere bertan behera uztea adostu dute aho batez indar guztiek. Tradizioak bilkura hori hileko azken igandean egitea agintzen du, baina Espainiako Gorteetako hauteskundeekin bat dator igande hori. Lur Jareetako bilkura non egin, beraz, abenduko lehen ohiko osoko bilkuran erabakiko da.Â
Hain zuzen ere, etxebizitzaren aferak erabat baldintzatu du hauteskunde garaia Araban, Euskal Herri osoan bezala. Etxegabetze ugari izan dira azken asteetan Arabako hiriburuan, adingabe ugari tarteko. Azkena, iragan den ostiralean, Ertzaintzak bortizkeria handiz etxegabetu baitzuen zortzi kideko familia bat. Halako gertaerek harrabotsa eragin dute, eta Arabako Foru Aldundiak etxebizitzaren arazoa konpontzera bideraturiko neurriak iragarri ditu urte guztian zehar. Azkena, zerga erreforma proposamena, etxebizitzaren alorrean zerga hobariak sortzeko, gazteei bideraturik, bereziki.Â