Armagintza enpresek jasotzen dituzten laguntza publikoak salatu ditu Kakitzat-ek

Adierazi dutenez, Jaurlaritzak onartutako aurrekontuetan 325 milioi euro gorde dituzte armagintza sustatzeko. Elkarretaratzea egin dute Barakaldoko ITP Aero enpresaren aurrean.

Antimilitaristek armagintza enpresen kontra egindako elkarretaratze bat, Getxon, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Antimilitaristek armagintza enpresen kontra egindako elkarretaratze bat, Getxon, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko abenduaren 30a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kakitzat talde antimilitaristak elkarretaratzea egin du ITP Aero enpresaren egoitzaren aurrean, Barakaldon (Bizkaia), eta gogor kritikatu ditu armagintza enpresek jasotzen dituzten diru laguntza publikoak. Zehazki, adierazi dute Eusko Jaurlaritzak onartu dituen 2026rako aurrekontuetan 325 milioi euro gorde dituztela gastu militarretarako eta armagintza industria sustatzeko.

Kakitzat-ek salatu du Jaurlaritzak aldatu egin duela Lankidetza eta Elkartasun Legea. Orain arte, lege horren 10. artikuluak galarazi egiten zuen erakunde publikoek lankidetzan aritzea «armagintza edo erabilera militarrerako teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen duten pertsona fisiko edo juridikoekin». Talde antimilitaristaren esanetan, artikulu hori aldatuta, Jaurlaritzak libre du bidea armagintza enpresetarako diru laguntzak handitzeko.

Kakitzat taldeko kideek esan duenez, ITP Aero izango da diru laguntza gehiago jasoko dituzten enpresetako bat. Antimilitaristek zera leporatu diote enpresari, «Gazako zerrenda bonbardatzen duten Israelgo hegazkin militarrak ekoitzi eta mantentze lanetan aritzea». Gainera, Airbus A400M garraio militarrerako hegazkinetarako eta Eurofigthter hegazkinetarako piezak egitea ere egotzi diote. Haien esanetan, armagintzak enpresaren jardueraren %39 hartzen du. «Instituzioek armagintza enpresak sustatzen dituzte, osasungintzan, pentsioetan, berdintasun politiketan eta etxebizitza lortzeko baliabideetan murrizketak egiten dituzten bitartean», salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.