«Aski da. Pazientzia handiegia izan dugu Osakidetzarekin». Esaldia Arantza Agote UGTko ordezkariarena da, baina ongi asko islatzen du Osakidetzako behargin askoren ezinegona. Izan ere, Osakidetzako langileek luze daramatzate lan baldintzak hobetzeko akordio baten zain —«Ia hamazortzi urte daramatzagu hitzarmenik gabe»—, eta «nekatuta» eta «haserre» daude. Osakidetzako langileak mobilizazio dinamikan sartuta daude bete-betean, eta gaur berriro ere egin dute protesta ospitale nagusien atarian. Gasteizen, Santiago erietxearen aurrean egin dute elkarretaratzea, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Sindikatuek ohartarazi dute ez dutela protestarik etengo negoziazioan benetako aurrerapausoak lortu arte.
Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzeko akordioaren negoziazioak daude protesten erdigunean. Sindikatuek salatu dutenez, zuzendaritzak aurkeztutako akordio berriaren lehen zirriborroak ez du jasotzen soldaten hobekuntzarik, ezta langileen eskakizunei erantzuteko neurri zehatzik ere. Nabarmendu dute hori bereziki esanguratsua dela Eusko Jaurlaritza 2027ko aurrekontuak prestatzen ari den honetan, aurrekontu horietan zehaztuko baita zenbat baliabide jarriko diren osasun publikoaren arloan.
«Negoziatzea ez da zirriborro bat aurkeztea eta kito», adierazi dute sindikatuek. Haien arabera, negoziazioak eskatzen du proposamenak mahai gainean jartzea, langileen ekarpenak aintzat hartzea eta eskakizunei erantzungo dieten hobekuntzak adostea. Sindikatuek lehenago ere bidali izan dizkiote beren proposamenak zuzendaritzari, bai hitzarmenari dagokionez, bai soldata taulak eta lan baldintzak hobetzeari dagokionez, baina, salatu dutenez, ez dute gai horietan sakontzeko borondaterik sumatu.
«Ia hamazortzi urte daramatzagu lan hitzarmenik gabe; nekatuta eta haserre gaude»
ARANTZA AGOTEUGTko ordezkaria
«Mahai sektorialean ez dugu gaietan sakontzeko borondaterik ikusten», kexatu da Ixone Iriarte ELAko ordezkaria. Haren ustez, Osakidetza negoziazioak luzatzen ari da langileak eta mobilizazioak «higatzeko». Nolanahi ere, sindikatuek ikusi nahi dute ea mahai sektorialaren asteleheneko bilerarako zuzendaritzaren jarrera aldatu ote den. Baliteke, beraz, batzar hori erabakigarria izatea gatazkaren bilakaeran. Aitor Gasco SATSEko ordezkariak ere «benetako negoziazioa» galdegin dio Osakidetzari. Sindikatuek proposamenak aurkeztu dituztela gogorarazi du, eta zuzendaritzari eskatu dio ekarpen horiek aztertu eta sindikatu guztiekin benetako negoziazio prozesua abiarazteko.
Nekea eta haserrea
Maite Anitua LABeko ordezkariak, berriz, mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa berretsi du. Haren esanetan, langileak «haserre eta nekatuta» daude, eta ez dute onartuko aurretik ezarritako egutegi batek negoziazioaren erritmoa eta edukia baldintzatzea. «Lan baldintzak hobetu behar dira; bada garaia, hainbeste urteren ondoren», adierazi du. LABek azpimarratu du kategoria guztietako langileak hartu behar direla kontuan, inor bazterrean utzi gabe.
UGTk ere Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera kritikatu du. Agoterentzat, urriaren 19ko bilerak aukera emango du ikusteko ea baden borondaterik akordio oso bat lortzeko. Soldata hobekuntzak eta lan kargak murrizteko plan bat eskatu ditu, besteak beste. Belaunaldi erreleboa bermatzeko neurriak ere galdegin ditu: haren arabera, beharrezkoa da langile taldeak zaintzea, profesional berriak erakartzea eta osasun sisteman esperientzia duten langileen erretiroei aurre egiteko plangintza egitea. Bestela, ohartarazi du, profesionalak galtzen jarraituko du Osakidetzak.
«Lan baldintzak hobetu behar dira; bada garaia, hainbeste urteren ondoren»
MAITE ANITUALABeko ordezkaria
Sindikatuen eskakizunak, hala ere, ordainsarietatik harago doaz: lanaldia murriztea eta hobeto antolatzea, lizentzia eta baimenetan aurrerapausoak ematea, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzea, langile taldeak indartzea eta lan kargak gutxitzea eskatzen dute. Lan osasuna, kontziliazioa eta berdintasuna hobetzeko neurri eraginkorrak ere galdegin dituzte, baita euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak ere. Horrez gain, lehen mailako arreta indartzea eta pribatizazioari ateak ixtea jarri dituzte mahai gainean.
Sindikatuek nabarmendu dute hobekuntza horiek ez direla soilik langileen mesedetan izango, osasun sistema publiko osoaren funtzionamenduan eta herritarrei ematen zaien arretan ere eragina izango baitute. Horregatik, uste dute borondate politikoa funtsezkoa dela Osakidetzako kolektibo guztien lan baldintzak hobetzeko.