Atzeratu egin dute osasun ikerketarako institutuetako langileen epaiketa, negoziatzen jarraitzeko

Euren soldatak Osakidetzako langileenekin parekatzeko eskatu diote Jaurlaritzari; urri erdialderako eskaintza bat egiteko konpromisoa hartu du Osasun Sailak.

Ikerketa institutuetako langileak, gaur, Donostian, epaitegira sartu aurretik. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ikerketa institutuetako langileak, gaur, Donostian, epaitegira sartu aurretik. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko irailaren 16a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraituko dute osasun ikerketarako institutuetako langileek. Gaur zen hastekoa Biogipuzkoako, Biobizkaiko eta Bioarabako beharginen soldatari buruzko epaiketa, Donostian, baina atzeratzea erabaki dute, urriaren 15erako proposamen bat egiteko konpromisoa hartu baitu Osasun Sailak. «Ez dugu erabat baztertzen auzitara berriz jo behar izatea, baina prest gaude negoziatzen jarraitzeko», adierazi du Ana Gorostidi Biogipuzkoako langileak.

Funtsean, euren soldatak Osakidetzako langileen sariarekin parekatzeko eskatzen ari dira, batez beste soldatak %30 igotzea. Eta badute babes sendoa: Espainiako Zientzia Legearen arabera, halako institutuetan ikerketa biomedikoan dihardutenen ordainsaria ezin da izan Osakidetzan pareko kategoria profesionala dutenena baino txikiagoa. 2022an onartu zen arau hori, baina ez zaie aplikatu hiru institutu horietako profesionalei. «Legeak ikertzaileen figura duintzen eta balioesten duen arren, langileok ez dugu eragina ikusi, ez baldintzetan, ez poltsikoan», azaldu du Gorostidik.

«Jende asko kanpora joaten da ikertzera: hemen trebatzen dira, inbertsio handia egiten da, eta gero hori guztia galdu egiten da»

ANA GOROSTIDI Biogipuzkoako langilea

Denera, lau institutuk osatzen dute ikerketa biomedikorako sarea: Biobizkaia, Biogipuzkoa, Bioaraba eta Biosistemak. Osasun eremuko goi mailako ikerketan erreferentzialak dira, eta Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jartzen dituzte ikerketarako irizpideak. Hala, «praktikan publikoak» izan arren, berez erakunde pribatuak dira, eta ezaugarri horrek eman dio bide prekaritateari: «Hamarkadak eman ditugu kontratu ezegonkorrekin, soldata xumeekin eta karrera profesionalik gabe».

Are, Gorostidik esplikatu du ikerketa biomedikoko institutuek ez dutela lan hitzarmenik: bi urte daramatzate ituna negoziatzen. Urtarrilean iragarri zuten auzitara joko zutela ELA sindikatuaren babespean, eta apirilean askatu egin zen korapiloetako bat, kudeaketako langileek baldintzei lotutakoa: «Eskaintza bat egin ziguten, baina ez dute sinatu nahi langile zientifiko-teknikoena lotuta eduki arte, dena itun bakarrean biltzeko». Lantalde horren inguruko negoziazioan, ordea, ez da aurrerapen handirik izan epaiketaren bezperetara arte: «Etengabe aritu dira gaia atzeratzen; denbora pila bat izan dute egoera aztertzeko eta proposamen bat egiteko, eta beti berandu ibili dira. Orain epe bat eman digute: urriaren 15a baino lehen eskaintza bat egingo digute. Espero dugu esanguratsua eta interesgarria izatea».

«Hitzez baietz»

Soldatak parekatzeaz gain, igoera horiek atzerako eraginez aplikatzea —legea indarrean egon den lau urteotako sariak ordaintzea— eta denboran iraunkorrak izatea bermatzea galdegingo dute, baita kaleratzerik ez egitea ere. Osasun Saileko arduradunekin azken asteetan izandako bilerei erreparatuta, itxaropentsu mintzatu da Gorostidi: «Hitzez baietz esan digute, ondo ikusten dutela; baina dirua lortu behar dutela, eta denbora behar dutela».

550 langile baino gehiago dituzte institutuek; «asko» direla dio Gorostidik, «baina Osakidetza osoaren aurrekontuaren parte txiki bat baino ez». Eta «ondo zaindu beharreko» sektorea dela gaineratu du: «Jende asko kanpora joaten baita ikertzera, eta kezkagarria da: hemen trebatzen dira, inbertsio handia egiten da, eta gero hori guztia galdu egiten da, lan baldintzen ondorioz».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA