«Ez dugu ulertzen nola ez duzuen onartu ikerketa biomedikoko institutuetako zuzendaritzak proposatutako hitzarmena, zeinak [Osasun] Sailaren oniritzia zuen». Horrela helarazi zioten uztailean haien kezka eta harridura Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langile batzordeek Eusko Jaurlaritzako ordezkariei, lan hitzarmena sinatzear zegoela gobernuak atzera egin eta gero. Ia bi urte daramatzate gatazkan, langileek zuzendaritzari eta Lakuari aurpegiratzen baitiete ez direla Espainiako Zientzia Legea betetzen ari; urtarrilean, auzitara jotzea erabaki zuten.
Apirilean afera amaitzear zela zirudien, akordio bat mahai gainean baitzegoen, baina ordutik hautsak harrotu egin dira: Jaurlaritzak atzera egin zuen, eta langileekin biltzeko data «etengabe aldatuz» joan dela salatu dute langile batzordeek. Horiek horrela, eta «benetan akordio duin bat eskaini ezean», epaileek ebatzi beharko dute gatazka. Izan ere, gaur-gaurkoz bi prozesu judizial daude irekita. Alde batetik, kudeaketaren eremuko langileei dagokiena —administratiboak, esaterako—. Eta, bestetik, zientzialari-teknikarien jarduera arautzeko abiatu dutena. Aurrenekoa apirilaren 8an izan behar zen; akordio bat aurkeztu zenez, ostera, atzeratu egin zuten. Zientzialari-teknikarien epaiketa, bestalde, irailaren 16an izango da, aurretik akordiorik lortu ezean. Izan ere, bihar dira biltzekoak.
Funtsean, Espainiako Zientzia Legea betetzeko eskatzen ari dira institutuetako langileak. Legea Espainiako Gobernuak moldatu zuen 2022an, eta, besteak beste, institutuetako profesionalak osasun publikoan lan egiten dutenekin parekatzera behartzen zituen enpresak eta erakunde publikoak. Izan ere, institutu horiek Osakidetzaren ospitaleetan dihardute ikerketa zientifikoa egiten; hortaz, langile publikoen baldintza berak izan behar dituztela agintzen du legeak. «Batez beste, soldatak %30 igo behar dituzte», azaldu du Ana Gorostidi Pagola Biogipuzkoako langile batzordeko ordezkariak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako profesionalak ez dira Euskal Herrian lan gatazka irekia duten bakarrak. Nafarroan ere antzeko egoeran daude, eta Navarrabiomed enpresa publikoko langileek lan baldintzak hobetzeko eskaria egin diote Nafarroako Gobernuari. Gauzak horrela, iragan asteazkenean hango langile batzordeak protesta egin zuen hitzarmen propioa eskatzeko.
557Zenbat langilek egiten duten lan institutu biomedikoetan. Ikerketa biomedikoko hiru institutuetan 557 lagunek egiten dute lan: 258k Biobizkaian, 249k Biogipuzkoan eta 50ek Bioaraban.
Hori ez da egin beharreko parekatze bakarra. Osasun langileak direla aitortu behar diete, «horrek dakarren guztiarekin»: «Gu osasun langileak ez garela diote, baina ez du zentzurik hori esateak: lagin biologikoak erabiltzen ditugu, erizainak ditugu, eta entsegu klinikoak egiten ditugu. Eta horrek gehigarri bat du». Gainera, zientzian ibilbide profesional bat izateko aukera erraztu behar diete. «Legeak ezarritako gutxieneko horiek» bilduko dituen lan hitzarmen bat nahi dutela adierazi du Gorostidik.
Negoziatu nahian
Hori lortzeko, ordea, ez dute epaitegietan bukatu nahi. Gorostidik azpimarratu duenez, «inori ez zaio gustatzen epaile baten aurrean jartzea», eta, beraz, enpresa zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera heldu nahi dute aurretik. Hori dela eta, Gorostidik azaldu duenez, hainbatetan bilera bat egitea proposatu diete Lakuak apirilean proposatutako akordioa bertan behera uztea erabaki zuenetik: «Beste aldea, baina, beti ibili da data atzeratzen. Lehen presa handia zuten, eta orain lasai dabiltza».
Baina zergatik bota zuen Jaurlaritzak akordioa atzera, berak proposatu ostean? Bada, langileen abokatuari helarazi ziotenaren arabera, enpresa berean ezin direlako bi lan hitzarmen ezberdin egon, eta proposatutako akordioak bi taldetan —kudeaketakoak eta zientzialari-teknikariak— banatzen zituelako langileak; hortaz, «ezinezkoa» zen hitzarmen hura sinatzea. Gorostidik erantzun hori gaitzetsi du: «Ados egon gaitezke langile taldea ez banatzearen inguruko argudioarekin, baina zergatik proposatu zuten akordioa orduan?».
BERRIA harremanetan jarri da institutuetako zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzak afera kudeatzeko izendatu duen lantaldearekin; ez du erantzunik jaso, ordea.
Bost minutu
Langileak kexu dira Osasun Sailaren jarrera dela eta. Gorostidik adierazi duenez, kudeaketako langileen epaiketa hasi baino bost minutu lehenago heldu zitzaien akordio proposamena. Horiek horrela, epaiketa atzeratzea erabaki zuten bi aldeek. «Proposamenaren zenbait ertz ez genituen guztiz argi, eta asanbladara eraman genuen. Institutu biomedikoetako langileek oniritzia eman zioten, eta uste genuen gatazka amaitzear zegoela», esan du langile batzordeko ordezkariak. Eta, profesionalentzat dena ondo bidean zihoala, akordioa bertan behera uztea erabaki zuten, «abisurik eman gabe».
Langileek salatzen dutenez, ez zuzendaritzak ez Jaurlaritzak ez diete beste proposamenik aurkeztu. Horiek horrela, batzordeak argi du zein den bere helburua: «Akordio serio eta on bat ekar dezatela nahi dugu, ez bost minutu lehenago bidalitakoa. Marra gorri gutxi ditugu, baina ez dugu onartuko osasun langileak ez garela esaten duen akordio bat». Are gehiago, argi utzi du akordiorik lortu ezean ez dutela baztertzen mobilizazioei ekitea.