Atzerritarrak kanporatzeko txostenak egin ahalko ditu Ertzaintzak

Arma zurien erabilera debekatzea adostu dute Segurtasun Batzordean, eta delitu errepikatzaileen kasuetarako araudia gogortzea. Aldaketak sei hilabeteko epean egitea da Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren nahia.

Bi ertzain Gasteizen, artxioko irudi batean. DAVID AGUIR / EFE
Bi ertzain Gasteizen, artxioko irudi batean. DAVID AGUIR / EFE
aitor biain
2026ko uztailaren 8a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan de martxoan Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak segurtasunaren arloan adostutako konpromisoak berretsi egin dituzte gaur Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak. Bi aldeak telematikoki bildu dira goizean, Segurtasun Batzordean —segurtasun gaietarako aldebiko koordinaziorako organoa da—, eta, besteak beste, itundu dute arma zurien erabilera debekatzea, delitu errepikatzaileen kasuetarako araudia aldatzea, eta Ertzaintzak atzerritarrak kanporatzeko prozesuetan parte hartzea.

Bilera hori uztailean bi gobernuen arteko aldebiko batzordea elkartzeko baldintzetako bat zen, hain justu ere. Lehendakariaren nahia baitzen bi agintariek hitzez adostutakoa paperean berrestea, eta martxan jartzea. Bilera hori egingo den oraindik airean dago, ordea. Akordioak urrun jarraitzen baitu oraindik Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenei dagokienez. Edonola ere, Espainiako Gobernuak urrats bat egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren eskakizunetako bati erantzunda.

Pozik agertu da Zupiria bera ere bilerak emandakoarekin. Azpimarratu du akordioak Ertzaintzari parte hartze «eraginkorragoa eta handiagoa» emango diola segurtasunaren alorrean, zeina «estrategikoa» bilakatu baita, eta konpromisoek herritarren kezkei erantzungo diela: «Ertzaintzak Polizia integral gisa duen posizioa indartuta geratu da, eta horrek berez ekarri behar du euskal herritarrek segurtasun pertzepzioa handiagoa izatea».

Bederatzi dira lortu diren akordioak, eta nagusietako bat da atzerritarrak kanporatzeko prozesuei buruzkoa. Espainiako Poliziarena da eskumen hori, baina aurrerantzean Ertzaintzak ere «zeresana» izango du. Ez du esku hartuko, ordea; kanporatzeko prozeduretan eman beharreko segurtasun eta ordena publikoaren arloko polizia txostenetan parte hartuko du soilik.

«Helburua da Ertzaintzak biltzen duen informazioa ere jasotzea delituak egiten dituzten atzerritar jatorriko pertsonak kanporatzeko Espainiako Poliziak egiten dituen txostenetan»

BINGEN ZUPIRIA Segurtasun sailburua

Batez ere, «segurtasuneko, ordena publikoko edo terrorismo» kasuetan, Zupiriaren hitzetan. «Helburua da Ertzaintzak biltzen duen informazioa ere jasotzea delituak egiten dituzten atzerritar jatorriko pertsonak kanporatzeko Espainiako Poliziak egiten dituen txostenetan». Izan ere, sailburuak azpimarratu du Ertzaintzak daukala sarri lehen eskuko informazioa.

Arma zuriak eta droneak

Beste aldaketa nagusietako bat arma zurien ingurukoa da. Debekatu egin nahi da «ia modu orokor batean» kalean arma zuriak eta bestelako objektu arriskutsuak eramatea edo erabiltzea, eta, horretarako, armen erregelamendua aldatzea adostu dute bi aldeek. Era berean, arma zuriekin lotutako arau hausteen Erregistro Zentrala sortzea era hitzartu dute. Horrek aukera emango dio Ertzaintzari Espainiako gaizkileen inguruko informazioa eskuragarriago izateko.

Baita delitu bera behin eta berriro egiten dutenen aurkako erantzuna «hobetzeko» ere. Horri lotuta, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea itundu dute. Baina armen erregelamenduarekin ez bezala —Moncloaren eskumenekoa da—, lege aldaketa horrek Diputatuen Kongresuaren oniritzia jaso beharko du, eta ikusteko dago gehiengoak hori babestuko ote duen. Nolanahi ere, Justizia Ministerioa arduratuko da aldaketa sustatzeaz, Zupiriak aditzera eman duenez.

Droneei buruzko arau batzuk aldatzea ere adostu dute, Segurtasun Sailak izan dezan beren-beregi horien kontrola. Ertzaintzak Europako datu baseetarako sarbidea izatea ere hitzartu dute, baita segurtasun pribatuaren eta zibersegurtasunaren arloetan gaitasun handiagoa izatea ere. Bi aldeen borondatea da aldaketak sei hilabeteko epean egitea: «Badakit epeek estutu egiten dutela. Badakit planteatu ditugun aldaketak asko direla, eta lan asko eskatzen dutela. Baina gure borondatea da lan hori egitea eta ezarritako epeen barruan bete ahal izatea».

Segurtasun Batzordea ere sei hilabete barru bilduko da, adostutakoaren jarraipena egiteko. Edonola ere, bi aldeen elkarlanerako eta akordiorako borondatea nabarmendu du sailburuak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA