Eskumenen negoziazioetan jarrera aldatzeko eskatu dio Ubarretxenak Madrili: «Ez da aurrerapenik egon»

Autogobernu sailburuak salatu du «ezezko borobilak» jaso zituela aurreko asteko elkarrizketetan, Gizarte Segurantzari lotutako eskumenen harira.

Maria Ubarretxena, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maria Ubarretxena, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko uztailaren 7a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez doaz ondo, ez da aurrerapenik egon». Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua argia izan da Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen inguruko negoziazioen egoeraz aritzean. Sailburua Espainiako Lan Ministerioko eta Gizarte Segurantza Ministerioko ordezkariekin bildu zen aurreko astean, baina «ezezko borobila» jaso zuen Gizarte Segurantzaren inguruko auziak mahai gaineratzean. Hala, jarrera aldatu eta «benetan negoziatzeko» eskatu dio Madrili.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales gogor mintzatu zen aurreko astean, Espainiako Gobernuak transferentzien inguruko negoziazioetan zuen jarrera «onartezintzat» eta «errespetu faltatzat» jota. Eta norabide berean hitz egin du Radio Vitorian eta Gobernu Kontseilu osteko agerraldian Ubarretxenak ere. Mahai gainean dauden gaiak bideratzeko «zailak» direla onartu du sailburuak, baina gehitu du zailak zirela aurrez itxi dituzten beste zenbait akordio ere, eta jarrera aldaketa bat eskatu du mahaiaren beste aldean: «Estatuari eskatzen diogu eseri dadila benetan negoziatzera».

Izan ere, Ubarretxenak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak «arrazoizko eta ondo pentsatutako proposamenak» jarri zituen mahai gainean, baina azken bileretan «ezezko borobilak» soilik jaso dituzte Espainiako Gobernuaren partetik, nahiz eta haiek aurretik Jaurlaritzaren asmoen berri bazuten: «Ez zen inolako kontraproposamenik egon, eta negoziazio batek zera izan beharko luke: nik zerbait jartzen dut mahai gainean, eta beste aldeak, ez badu ontzat jotzen, beharrezko aldaketak proposatu behar ditu, eta hitz egiten jarraitu». Kontrakoa «frontoi batekin» topo egitea dela esan du sailburuak, Pradalesen hitzak bere eginda.

Balizko murru horren oinarriez galdetuta, Ubarretxenak adierazi du, Gizarte Segurantzaren inguruko negoziazioek «konplexutasun teknikoak» badituzte ere, «borondate politikoa» dela gakoa. Adierazi du legealdi honetan hamabi eskumen eskualdatu direla, eta horietako zenbaitetan ere «ezezkoa» izan zela lehen erantzuna: «Beti oztopo berdinak jartzen dira, eta gero ikusten dugu egin daitezkeela borondate politikoa badago».

Madrilen soilik ez, PSE-EEn ere topatu du Jaurlaritzak murrua. Pradalesen hitzen ostean, sozialistek sare sozialetan adierazi zuten gobernuko parte jeltzaleak Madrilera eramandako proposamenak EAE «porrotera» eramango lukeela. Ez du adierazpen horiekin bat egiten Ubarretxenak, eta nabarmendu du gobernu taldeak «partekatzen» duen planteamendu bat aurkeztu dutela. Hala, gogoratu du une honetan negoziatzen ari diren aferak hiru direla: familien laguntza kontributiboak, behin-behineko ezgaitasunak eta mutualitate kolaboratzaileak. «Horien inguruan ari gara, eta horra mugatzen da».

Oraingoz, baina, ez dago adostasunik, eta horrek eragina izan lezake bi gobernuen arteko aldebiko bileran. Pradalesek uztailaren amaieran Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin biltzeko asmoa azaldu zuen, baina adierazi zuen horretarako aurrerapenak eman behar direla. Sailburuaren esanetan, bi aldeak hitz egiten ari dira, baina ez dute beste bilerarik egin aurreko asteazkenetik. Horiek hala, Ubarretxenak ez du aurreratu bilera egingo ote den edo ez, eta mugatu da esatera «baldintzak betetzen badira» Lehendakaritzak eta Moncloak emango dutela haren berri. «Aste batzuk falta dira, eta ohituta gaude erlojuaren aurka lan egiten», gehitu du.

Foronda, «gakoa»

Martxoan, bi gobernuburuen arteko azken bilkurarekin, itxitzat jo zuten, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aireportuen kudeaketan parte hartzeko akordioa. Ubarretxenaren esanetan, hari esker Jaurlaritzak gaitasuna irabazi du: «Lehen ezin genuen ezertxo ere esan, eta orain plan estrategiko bat egin dezakegu hiru aireportuentzat». Halere, mugak ditu esku hartze horrek, eta Ubarretxenaren hitzetan hala sumatzen da. Izan ere, jasota dago Aenak «kontuan hartu» beharko duela Jaurlaritzaren proposamena.

Aireportuen kudeaketari lotuta, Jaurlaritzak landu nahi duen esparruetako bat da Forondako aireportua (Araba) indartzea. Ubarretxenak «gakotzat» jo du EAEren lehiakortasuna hobetzeko, eta gehitu du hala nabarmendu dutela Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketetan. Izatez, bi aldeek adostu zuten Forondan sandbox edo esparru arautzaile berezitu bat ezartzea, praktikan jartzeko Jaurlaritzak dituen asmoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA