Autogobernua: aurrera egin ezinda eta atzera egiteko beldurrez

Pedro Sanchezek ez du bete falta diren eskumenak 2026a baino lehen eskualdatzeko konpromisoa. Hamalau transferentzia egin dira, baina zailenak falta dira oraindik, eta Espainiako Gobernua aldatzeko aukerak inboluzioaren mehatxua areagotu du.

Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, iaz, Moncloan. J. J. GUILLEN / EFE
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, iaz, Moncloan. J. J. GUILLEN / EFE
aitor biain
2026ko azaroaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Akordioa ona da Euskadirentzat, egungo autogobernua, Gernikako Estatutua, betetzeko helburuan pauso argia ematen delako, eta etorkizuneko autogobernua negoziatzeko oinarriak ezartzen dituelako». Hitz horiekin justifikatu zuen EAJren orduko lemazain Andoni Ortuzarrek Pedro Sanchezen inbestidura babesteko akordioa. 2023ko azaroaren 10a zen, eta botoak eskumenen truke jeltzaleen estrategiari hauspoa ematera zetorren ituna, zeina PSOEri esker biziberritu zuten PPk ataka zailean jarri ostean. Hauteskundeak aurreratzeak, ordea, promesa huts bilakatu ditu beste behin Moncloako maizterraren konpromisoak.

Sanchezen hirugarren legealdia ez da hutsala izan, hala ere, modua eman baitu autogobernuan azken urteetan ez bezala sakontzeko. Aurreko legealdian espetxeen transferentziarekin hasitako prozesuak segida izan du, eta Eusko Jaurlaritzak beste hamalau eskumen jaso ditu. Horietako batzuk garrantzi handikoak, gainera: langabezia sariarena eta aireportuak kudeatzeko aldebiko organoa eratzearena. Nafarroako Gobernuak ere I+G+B ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako eskumena bereganatu du berriki, baita trafiko eskumena ere, hainbeste tirabira eragin dituena; biak ere Foru Hobekuntza Legean jasota daude.

Hitzartutako guztia ez da bete, ordea. Sanchezek egutegi bat adostu zuen EAJrekin, eman gabe dauden transferentzia guztiak 2026a baino lehen gauzatzeko. Baina kronograma hori ez da bete, eta Gernikako estatutuak osatu gabe jarraitzen du hura onartu eta 47 urtera. Aurreko legealdian ere Espainiako sozialistek ez zuten bete jeltzaleekin egindako ituna, eta bigarrenez urratzeak bi alderdien arteko tentsioa areagotu zuen.

Soka muturreraino tenkatu zuten bi aldeek, eta Aste Santura arteko luzapena emanez itxi zuten urtarrilean bi gobernuek ordura arte izandako krisirik handiena. Jaiegunen aurretik Madrilen elkartu ziren bi gobernuburuak berriro, eta transferentzia batzuen lokarriak askatzea lortu zuten; ez denak, ordea. Udako etenaren aurretik biltzea adostu zuten orduan, baina bertan behera utzi zuten, baldintzak ez baitziren aproposak bilera egiteko. Orduz geroztik negoziatzen jarraitu badute ere, ez dute aurrera egitea lortu.

Giltzarrapoak eta mamuak

Iragan legealdian, aldiriko tren zerbitzuaren eskuduntza transferitu zuten —lehen Renfe zena orain Lottu da—, baita meteorologiarena, atzerritarren lan baimenena, itsas salbamenduarena, itsasertzarena, nekazaritza aseguruena, arrantza ikuskaritzarena, eta trafiko gidabaimenen osasun azterketen kudeaketarena, beste batzuen artean. Eskualdatu gabe geratu dira, berriz, paradoreena, udal hauteskundeen antolakuntzarena, bankuena eta kredituena, portuena, eta Gizarte Segurantzarenari dagozkionak.

Azken horiek dira zailenak, ordea, eta arantzatsuenak. Izan ere, Espainiako sektore askok urte askoan ezinezkotzat jo dute transferentzia hori eskualdatzea, eta trabak baino ez dituzte jarri eskuduntza horiek Euskal Herrira ekartzea eragozteko. Uztailean hautsi zen tabua, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola aseguruen prestazioena eskualdatuta. Pisu txikiko eskumenak badira ere, badute garrantzia, lehen aldia baita Espainiako Gobernuaz bestelako erakunde bere gain hartuko dituena. Horren harira aipatu zuen Imanol Pradalesek lortu dutela «46 giltzarraporekin itxitako atea zabaltzea».

Baina zirrikitua zabaldu orduko agertu dira betiko kezkak eta mesfidantzak. Batasun sakratuaren hausturaren mamua, kotizazioen kutxa ukiezinean eskua sartzearen larritasuna. Pentsioen kudeaketa baita transferitzeko falta den eskumen garrantzitsuena: 1979ko estatutuaren arabera, Jaurlaritzak aukera luke Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoa kudeatzeko; pentsioen ordainketen bitartekari izatera mugatuko litzateke betiere, ez luke arautzeko ahalmenik izango. Paperean kabitzen dena nola hezurmamitu, hori da erronka.

Estatus berria

Sanchezen agintaldiari lotuta hauspotu da azken urteetan estatutu berri baterako asmoa ere. Madrilen zabaldutako aukera baliatuta, alderdi abertzaleek burujabetzan aurrerapauso bat emateko ahaleginak egin dituzte sozialistekin batera. Isilean, fokuen itzalean, aritu dira negoziatzen, Gernikako Estatutua gainditu eta beste itun bat onartzeko aukera mahai gainean jarrita. Baina oraingoan ere ez da garaiz beteko alderdiek beren buruari jarritako epemuga, 2025. urtearen amaierarako negoziazioak zertan ziren jakingo zela adierazi baitzuten.

Itunerako oinarririk ez zegoelako zantzu gisa har daiteke erabaki hori. Gorabehera ugari izan dira bidean, gainera: jeltzaleen lemazain aldaketa, PSE-EEren eta EAJren arteko krisia, Cerdan auzia... Lehendakariak ere bitan utzi du bertan behera estatutuaz hitz egiteko talde politikoekin egitekoa zuen bilera sorta. Edonola ere, adostasun batzuk lortu izanaren inguruko albiste bakan batzuk zabaldu ziren; besteak beste, «erabakitzeko eskubide gradualaren» inguruan.

Baina bozak aurreratu izanak eten egin du aukera hori behin-behinean. Hautetsontziek Madrilen marraztuko duten agertokiak esango du jarraitzeko modua izango ote duten edo tiradera batean gorde beharko duten. Izan ere, kanpainaurreko asteetan grina zentralizatzailea hauspotu dute berriro PPk eta Voxek. Aurrera egitea baino, atzera ez egitea litzateke erronka orduan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA