Autogobernua «zaintzeko eta areagotzeko» deia egin du Pradalesek, Gernikako Estatutuaren 47. urteurrenean

Emandako aurrerapausoak zerrendatu ditu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren «zutabe» bihurtu diren erakundeak goraipatu, hala nola Osakidetza eta Ertzaintza. Halere, salatu du estatutu ituna bete gabe dagoela oraindik ere.

Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenean. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenean. GORKA RUBIO / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko urriaren 25a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jada badagoena zaindu egin behar da gehiago eraiki ahal izateko, eta berriki eraikitakoa oinarri sendoz lurrari lotu, etorkizunean erabaki gehiago hartu ahal izateko. Eraiki eta erabaki, horixe egin zuten hamar euskaldunetik ia seik duela 47 urte, Gernikako Estatutuaren inguruko bozketan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohar bidez gogoratu duenez. Emaitza argia izan zen: parte hartu zuten herritarren %90 alde agertu ziren. Ia mende erdi geroago, baina, han izan ez ziren belaunaldiek «betebehar historiko bat» dutela uste du lehendakariak; hots, autogobernua «zaintzea», eta «gaitasun politiko berriak» lortzea. 

Pradalesek iritzi dio egun emantzat jotzen ditugun hainbat aurrerapauso ez ziratekeela posible izango 1979ko urriaren 25 hartan onartutako estatutuagatik ez balitz. «Lehen mailako tresna politikoa izan da», adierazi du. Orain arteko ibilbideari erreparatu dio, eta lorpenen errepasoa egin: «Aukera eman digu autogobernua finkatzeko, hondatuta zegoen herri bat eraikitzeko eta Euskadi egituratzeko». Egitura horren zutabe bihurtu diren zenbait erakunde eta zerbitzu publiko ere zerrendatu ditu, hala nola Osakidetza, Lanbide eta Ertzaintza; «herri moderno, lehiakor eta aurreratu bat eraikitzeko aukera eman diguten erakunde eta politikak», azpimarratu du. 

Eskumen horiek lortzeko bidea «realpolitik» ariketa bat izan zela ere esan du, argudiatuta Gernikako Estatutuko zirriborroa «minimoen akordio bat» izan zela, «indar harreman desorekatuaren eta [Espainiako] Estatuko sektore kontserbadoreenen presioaren» emaitza. Hain justu, 40 urteko diktaduraren ondoren onartu zen estatutua, aldaketa politikoaren hastapenetan. Pradalesen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia «atzeraldian» zegoen; industria, «gain behera»; eta euskal identitatea eta kultura, berriz, lau hamarkadatan bizitako «zama astuna zuela». Gernikako Estatutua, halere, «aurrerapauso bat» izan zen: «Geure gain hartu genuen geure etxea gobernatzeko arriskua eta erantzukizuna».

«Geure gain hartu genuen geure etxea gobernatzeko arriskua eta erantzukizuna»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Oraindik ere bada zer egin, ordea. Urteotako lorpenak nostalgiaz eta pozez goraipatzeko ez ezik, 47 urteotan izandako oztopoak salatzeko ere baliatu du urteurrena Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Irmo adierazi du zera: itun hori sortu zenetik, «desnaturalizatu eta higatu» egin dela hainbat mekanismoren bidez, eta Espainiako gobernuek «logika transakzional baten pean» jarri dutela. Are, estatutu itunak bete gabe jarraitzen duela gaitzetsi du. «Lortzeko daude Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa, prestazio kontributiboak barne, edo Bilboko eta Pasaiako portuak», gehitu du. 

Datozen hilabeteetako erronkak

Pradalesen irudiko, «gero eta ziurgabeagoa da mundua», eta horri aurre egiteko etorkizuneko «erronka berriei ere» aurre egin beharko dio «euskal etxeak». Erronka horien artean aipatu ditu, kasurako, klima aldaketa, migrazioa eta teknologia. Horiez gain, Espainiako Estatuko giro politikoa ere jarri du jopuntuan; eta bereziki, autogobernua «zalantzan» jartzen duten indar politikoak. Horren harira, gogoratu du aste gutxi barru —azaroaren 29an— direla egitekoak Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta ohartarazpena egin du: «Gure identitatea ukatzen duen eta gure askatasunak ezabatzearen alde agertzen den alderdi batek parte hartuko du, eta gobernatzeko aukera handiak ditu». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA