Jaurlaritzaren ebazpena begi onez ikusi du Sañu Bizirik-ek, eta azken hiru urteetako borroka goraipatu

Proiektuaren kontrako elkarteek uste dute haiek hasieratik defendatutako irizpideak hartu dituela aintzat Jaurlaritzak. Azpeitiko Udalak prozesuan izandako jarrera salatu dute.

Piaspeko parke eolikoaren kontra borrokatu diren herri plataformen agerraldia, gaur, Azpeitian. JON URBE / FOKU
Piaspeko parke eolikoaren kontra borrokatu diren herri plataformen agerraldia, gaur, Azpeitian. JON URBE / FOKU
Jon O. Urain - Iñaut Matauko Rada
AZPEITIA
2025eko abuztuaren 12a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irribarreak, algarak, besarkadak eta ospakizun keinuak nagusitu dira gaur Azpeitiko Plaza Nagusian (Gipuzkoa). Baita suziriak ere. Dozena bat gutxienez. Izan ere, Sañu Bizirik-eko, Errezil Bizirik-eko eta Txillarramendi auzo elkarteko kideak elkartu dira han, balorazioa egiteko Eusko Jaurlaritzak atzo Statkraften Piaspe proiektuaren kontra emandako ebazpenaren inguruan. Ebazpena sendoa iruditzen zaie elkarteei, «oso sendoa», eta nabarmendu dute haiek hasieratik defendatu dituzten irizpideak hartu direla aintzat hura osatzeko.

«Oso kontuan hartzeko gauzak esaten dira [ebazpenean], batik bat inguruan daukagun natura ondareari buruz, zeina askotan ezagutu ere ez dugun egiten», azaldu dute. Horrez gain, nabarmendu dute hiru elkarte horiek, naturaren kontserbazioaren aldeko taldeak eta mendizale taldeak «etenik gabe» aritu direla lanean azken hiru urteetan, eta egindako guztia eskertu diete.

Kontrara, proiektua egitekoa zen hiru udalerrietako udalei, hau da, Azpeitikoari, Errezilgoari eta Zestoakoari azken hiru urteetan izan duten jarrera aurpegiratu diete, Azpeitikoari bereziki: «Orain hiru urte, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo biztanleen bizitzak baldintzatuko zituen Piaspe proiektua Azpeitiko Udalak alfonbra gorria jarrita sartu zen ingurura. Hasieratik informazioa ezkutatu da udaletatik, adierazpen askatasunari eraso egin zaio... Auzotarrei azpijokoan aritu zaizkie». Uste dute udalek «herri presioagatik» aurkeztu zituztela alegazioak, baina ez dutela inoiz pausorik eman proiektua bertan behera uzteko. Hala, uste dute herritarren lanagatik eta kemenagatik lortu dela proiektua gelditzea.

Azkenik, elkartasuna adierazi diete energia berriztagarria ekoizteko zentralen proiektuak egiteko prozesuak irekita dauden eskualdeetako taldeei: «Ezin dugu onartu, krisi ekologiko betean, lurraldea eta landa eremua multinazionalen eta inbertsio funtsen mesedetan eta modu horretan desjabetzea helburu duen ustezko energia trantsizioaren errelato inposatu hau. Lurraldea defendatu egin behar da».

Udalek ontzat jo dute ebazpena

Atzo arratsaldean BERRIAk aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak Piaspe proiektuaren kontrako ebazpena plazaratu zuela; bada, handik gutxira, hiru udalek ohar bateratua zabaldu zuten, eta adierazi ontzat jotzen dutela ebazpen hori. Uste dute energia proiektuek hiru baldintza bete beharko lituzketela, eta horietatik lehena da ingurumena babesteko bermeak ematea eta ekosistema zaintzea. «Bistan da, aintzat hartuta proiektuak zer kalte eragingo lituzkeen ingurumenean, aipatutako lehen baldintza ez dela betetzen, eta ondorioz, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalek ontzat ematen dute Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioaren emaitza», azaldu zuten.

Orain, ebazpenaren edukiaren berri emango diete egitasmoak eragindako lur eremuko bizilagunei. Horrez gain, hiru udalek adierazi zuten «energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoari» eutsiko diotela aurrerantzean, «betiere ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte hartzea uztartuko dituzten proposamenen» bidez. 

Jaurlaritzak emandako ebazpenaren arabera, parke eolikoaren proiektua «bideraezina» da ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, ondorioztatu dute hegaztiek «arrisku handia» izango dutela azpiegiturak jotzeko eta parkeak kalteak eragingo dituela Natura 2000 sareko guneetan. «Horregatik, ardura eta kautela printzipioak aplikatuz, eta ingurumen ebaluazioa oinarritu behar den prebentzio beharrean oinarrituta, ingurumen organo honek kaltegarritzat jotzen du Piaspeko proiektua».

«Gizarte moduan gure ongizateari eutsi nahi badiogu eta gure industriak beharrezkoa duen energia hori guztia berriztagarrien bidez sortu nahi badugu, ezinbestekoa izango da inpaktu batzuk asumitzea, baina ez edozein modutan»

MIKEL ARREGI Zestoako alkatea

Mikel Arregi Zestoako alkateak Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, gaur goizean, esan du ebazpena «logikoa» dela, eta behin betikoa: «Informea oso osatuta dago, arlo asko daude tartean, baina, ingurumenaren ikuspegitik, kaltegarria litzateke proiektu hau gauzatzea». Gogora ekarri du Gipuzkoako Aldundiak txosten bat egin zuela, parkea egin asmo zuten lekua «oso eremu aberatsa» delako hegaztiei dagokienez: «Hark ere oso kaltegarritzat jotzen zuen proiektua, eta oraingo ebazpenak aipatzen du dokumentu hura».

Proiektuak eztabaida handia sortu du gauzatzekoa zen udalerrietan, eta Arregik beharrezkotzat jo du mendekotasun energetikoari aurre egiteko estrategia bat izatea; estrategia horrek «ahalik eta adostasun handiena» beharko luke: «Berriztagarrien lurralde plan sektoriala onartzeko dago, baina Piaspekoa eremu desegokitzat jotzen zen hasierako dokumentu hartan ere». Hortaz, uste du «etxeko lanak» egiteko daudela: «Gizarte moduan gure ongizateari eutsi nahi badiogu eta gure industriak beharrezkoa duen energia hori guztia berriztagarrien bidez sortu nahi badugu, ezinbestekoa izango da inpaktu batzuk asumitzea, baina ez edozein modutan».

EAJko Azpeitiko udal taldeak, berriz, sare sozialetan idatzi du energia berriztagarriak «beharrezkoak» direla etorkizunerako, baina ingurumen eskakizunekin uztartu behar direla: «Beti esan dugu Sañuko proiektuak ingurumen tramitazio luzea pasatu beharko zuela gauzatzeko. Instituzioek eta legediek bete dute beren lana, eta gure ingurua babestu dute».

STATKRAFT, ATSEKABETUTA

Statkraften proiektua zen Piaspekoa, eta Norvegiako enpresak atsekabegarritzat hartu du egitasmoaren aurkako ingurumen ebazpena, Azpeitiaren, Errezilen eta Zestoaren artean egitekoak ziren parke eolikoak «hiruko prisma» bati erantzuten ziolakoan: «Ingurumen, ekonomia eta gizarte iraunkortasuna». Enpresako iturriek EFE agentziari azaldu diotenez, proiektuaren xedea zen «energiaren sozializazioa sustatzen saiatzea, enpresen, administrazioen eta tokiko komunitateen inplikazioa lortuta». Edozein moduz, Statkraftek «errespetuz» hartu du Jaurlaritzaren ebazpena, eta azaldu du espero duela aurrerantzean ere «trantsizio energetikoan laguntzen jarraitzea», prozesu hori «ezinbestekoa» iruditzen zaionez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.