Paulo Ostolaza.

Beharrak batzen duena

2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiriburuetako manifestazioetan izan diren kazetariak txundituta itzuli dira erredakziora. «Izugarria», dio batek; «historikoa», besteak. Jende mordoa bildu da kalean, jatorri, adin, genero, ideologia eta egoera ekonomiko askotako jendea.

Izan ere, etxebizitzaren arazoak herritar gehienei erasaten die. Euskal Herrira iritsi berri den migratzaileari eragiten dio, baina baita bere herrian etxe bat topatu ezin duen lagunari ere. Emantzipatu ezin duen gazteari eragiten dio, baina baita alokairua ordaindu ezinda dabilen pentsiodunari ere. Gutxieneko soldata kobratzen duen langileari eragiten dio, baina baita bizi guztiko aurrezkiak bere seme-alabek etxe bat izan dezaten xahutu behar izan dituenari ere. Bere erasotzailearekin bizitzera behartuta dagoen emakumeari eragiten dio, baina baita ezezagunekin logela partekatu besterik ez duenari ere. Bakoitzak bere neurrian, baina guztiek dute argi: egoera latza da.

Azkena azken-aurrekoaren aurka jarri nahi duten diskurtsoak hedatzen ari direnean, hatz erakuslea gora begira jarri dute sindikatuek

Horiek horrela, grebaren deitzaileek «neurri errealak eta erradikalak» exijitu dituzte, eta bistan da herritarrek begi onez hartu dutela haiek hautatutako bidea. Txalotzekoa da ildo anitzetako sindikatuek deialdi bateratua egiteko eta hura hauspotzeko egindako ahalegina, baita, bakoitzak bere ñabardurekin, aldarri berritzaileak babestu izana ere. Negoziazioak ez ziren samurrak izango, herrietako komiteetan izango ziren xextrak, eta batek baino gehiagok sarritan egingo zioten hozka mingainari, baina alimaleko emaitzak balio beharko luke zauriak orbaintzen laguntzeko.

Etxe eskubidearen aldeko borrokak erakutsi du potentzial handia duela bizi ditugun garaiotan. Azkena azken-aurrekoaren aurka jarri nahi duten diskurtsoak hedatzen ari diren honetan, goikoei erreparatu diete sindikatuek: espekulatzaileei eta errentatzaileei, baina baita klase politikoari ere, arazoa konpontzen saiatu beharko luke eta. Agian horri esker, agian ez, manifestazioetan bat egin dute elkarrekin zerikusi handirik ez duten gizarte talde askok.

Grebaren hainbat deitzaileren banderak eta aldarriak, Donostiako manifestazioan. JON URBE / FOKU
Grebaren hainbat deitzaileren banderak eta aldarriak, Donostiako manifestazioan. JON URBE / FOKU

Ez dezagun beste kontu bat ahaztu: Madrilgo protestak lehertu aurretik, migrazioaren gaia zen protagonista egunkari askoren lerroburuetan. Ordutik ere, hauteskundeen testuinguruak hauspotuta, izan dira etxebizitzaren gaia lurperatzeko ahaleginak: Blocusen agerpenarekin eta ustez hark eragindako istiluekin, Urdako (Espainia) tren istripuarekin eta aurkeztear duten migrazioaren aurkako ezkerreko alderdi abertzalearekin, esaterako.

Baina mobilizazioek gauza bat utzi dute agerian: behar materialen aldeko borroka —etxebizitzarena, kasurako— eskuin muturraren mezuei aurre egiteko antidoto eraginkorra dela. Finean, herritarrek ezin dituztelako ahaztu egunero sufritzen dituzten arazoak. Horri esker lortu da aspaldian ikusi gabeko jendetzak mobilizatzea, sindikatu nagusiek bat egitea eta diskurtso erreakzionarioei tokia kentzea. Ziurrenik, baita Euskal Herriko eragile politikoen beste aldarrikapen askorekin konektatzea kostatzen zaien gazte piloa mobilizatzea ere.

Mobilizazioek gauza bat utzi dute agerian: behar materialen aldeko borroka eskuin muturraren mezuei aurre egiteko antidoto eraginkorra dela

Batzuk migratzaileak kanporatzearen aldeko mugimendu politikoak sustatzen ari diren honetan, eta beste batzuk etxebizitza politika publikoak klase ertainaren inguruan ardazten ari direnean, euskal gizarteak ozen aldarrikatu du etxebizitza eskubidea bermatu eta espekulazioa amaitu behar dela.

Sindikatuak ausartu dira «diskurtso erradikalarekin». Arduradunen txanda da orain. Herritarrek emaitzak exijituko dituzte; ez kapritxoz, behar dituztelako baizik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA