Bero-bero hasiko dira Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeko agerraldiak. Belateko tunelen adjudikazioan irregulartasunak egon direla haizatu zuen aspaldi eskuineko oposizioak, eta saria jaso dute. Ekainean sortu zen batzordea, eta gai asko ditu aztertzeko, baina foku mediatikoa herri lan horretara zuzenduko da hasieratik. Urriaren 14an Jesus Polo arituko da, Belateko tunelen epaimahaiburua, eta eskuineko alderdiak irrikan izango ditu zain, esleipen horren erantzuletzat jotzen dutelako. Bigarren agerraldian, berriz, Lorenzo Serena epaimahaiko idazkariak parte hartuko du: adjudikazio prozesuan hark jarri zuen auzitan gobernuak Acciona, Servinabar eta Oses enpresek aurkeztutako eskaintzaren alde egin izana.
Ikerketa batzordearen arreta norantz zuzendu eta zenbat luzatu, horixe zegoen jokoan gaur goizean. Hala, agerraldien ordenaz, egutegiaz eta saioen iraupenaz bizi eztabaidatu dute taldeek, eta amaieran argi geratu da emaitza. Alde batetik, Belateko tunelei buruz eztabaidatuta abiatuko dira agerraldiak, eta gero Cerdan auzi orokorrarekin lotutako pertsonekin jarraituko dute. Hala, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia 24. dago agerraldien ordenan; Servinabarreko Antxon Alonso 19. dago, eta auziaren abiapuntu izandako Koldo Garcia, 27.
Bestetik, astearteak eta asteazkenak libre utziko dira, eta saio bakoitzak zazpi ordu iraun ditzake. Izan ere, eledun bakoitzak ordu erdiz mintzatzea zuten hitzartuta hasieran, baina, UPNk denbora mugagabea nahi zuenez, azkenean ordubete emango zaio talde bakoitzari. Gainera, astean bi egun zehaztuta, ikerketa apirilaz harago luzatuko dela espero da.
Cerdan auziak ekainean eragindako zirimola politikoa dela eta, hari lotutako enpresek 2012tik gaurdaino Nafarroan egindako herri lanak ikertzea du xede ikerketa batzordeak. Oraingoz, 41 pertsona deituko dituzte, baina ez da baztertzen aurrerago gehiago deitzea. Ikerketaren markoa hain zabala izanik, luze eztabaidatu dute agerraldiek izan beharreko irizpideez. Era berean, ikerketa batzordeak parlamentuaren eguneroko jarduerari nola eragingo dion aztertu dute, eta astean bi egun libre uztea hobetsi dute azkenik. Ostiraletan ere saioa egitea proposatu du Zurekin Nafarroak, baina hori ez da aurrera atera.
Geroa Bairen azalpena
Hala, Geroa Baik proposatutako agerraldi ordena eta egutegia nagusitu dira, UPNk, PPk eta Voxek bat egin baitute aldaketa batzuk ezarrita —haien 26 botoek PSNko, EH Bilduko eta Zurekin Nafarroako 23 bozak gainditu dituzte—. Harridura eragin du Geroa Baik bere bazkideen lerrotik atera eta eskuineko alderdiekin bat egin izanak. Pablo Azkonaren arabera, euren proposamena «zorrotza» da, eta guztiz logikoa da Belaterekin erlazionatutako pertsonek hartzea hitza lehenik, «oso garrantzitsua baita gobernuaren gaineko zalantza oro hasieratik uxatzea».
Era berean, defendatu du nahikoa dela astean bi egun ematea horretan. «Ez dugu parlamentuko jarduera baldintzatu nahi». Gogora ekarri du legealdiaren bigarren zati honetan beste auzi ugari ere jorratu behar direla oraindik, bi lantalde abian daudela —tartean, Foru Hobekuntzaren erreformarena—, eta hainbat lege «garrantzitsu» onartu behar direla —hala nola osasunaren arloko legea—.
EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, «logikoagoa» zen ordena kronologiko bati heltzea: Geoalcali eta Muga meatokiarekin hasi, obraz obra aztertzen joan, eta Belatekoa aztertu azkenik. Alta, bakarrik geratu da EH Bildu. «Batzuek presa dute Belaterekin hasi eta bukatzeko, eta nahasmena eragiteko», kexatu da. Saioen iraupenaren inguruan, Araizek argi du ikerketa batzordea ahalik eta gehien luzatzea nahi duela eskuineko oposizioak, eta horixe lortu duela nolabait. «Apirilerako bukatuko genuela uste genuen, eta baliteke ekainera arte luzatzea, edo batek daki», esan du. Ondorioz, ez du ulertu zergatik zergatik egin duen bat Geroa Baik haiekin. «Lau talde horiek bat egin dute, eta ez dakit horrelako emaitza kasualitatea den-edo... Bitxia da», esan du.
Zurekin Nafarroako Miguel Garridok ere ez du gustuko izan Geroa Baik eskuinarekin bat egin izana, astean hiru egunez agerraldiak egiteko prest baitzen Zurekin Nafarroa. Azkonak erantzun dio Geroa Baik berak egindako proposamenaren alde baizik ez duela bozkatu eta jarrera hori erabat gardena dela. Gainera, ezkerreko koalizioak nahiago zuen auzi judizialeko protagonistekin eta batik bat enpresekin —Acciona eta Servinabar— abiatzea. «Eskuinak ez zuen Accionarekin hasi nahi, ez duelako enpresa hori seinalatu nahi», salatu du Garridok.
Nahiz eta onartutako irizpidearekin bat ez egin, Javier Lekunberrik (PSN) nahiago izan du bere bazkidea ez kritikatu eta polemika are gehiago ez haizatu. «Onartutako ordena errespetatuko dugu». Dena den, egutegiari begira uste du ikerketa «datorren udaz harago» luzatuko dela. «Gehiegizkoa da».
UPN ez da konforme
Hala eta guztiz ere, UPN ez da kontent geratu. UPNko Javier Esparzak nahiago zuen agerraldiek denbora mugagabea izatea, «beste ikerketa batzorde batzuetan egin den bezala». Haren irudiko, zenbait pertsonekin «ordubete baino gehiago» beharko lukete. Gainera, UPNk nahiago zuen ikerketa batzordeak Santos Cerdanekin abiatzea. «Cerdanek ardazten du kasu hau, eta harengatik sortu da batzordea».
Berriz eskatuko dute informazioa
Irail hasieran, PSN eta EH Bildu kexu azaldu ziren abuztu hasieran egindako informazio eskaeren inguruan, hainbat erakundek ez dietelako informaziorik eman eta horrek batzordea «edukiz hustu» zezakeelako. Hala, Irati Jimenez batzordeko buruak gaur zehaztu du berriro egingo dietela eskaera informaziorik bidali ez duten erakundeei. Gainera, beste hainbat erakundek erantzun diete Nafarroako Parlamentuak ez duela informazio hori eskatzeko eskubiderik, konfidentzialtasun arrazoiak tarteko.
Jimenezen arabera, horiei ere berriro eskatuko diete informazioa, behar besteko azalpenak emanda. «Juridikoki argitu behar diegu zergatik dugun informazio hori eskatzeko eskubidea», zehaztu du. Dena den, parlamentuak txosten juridiko bat eskatu du argi zehazteko zer ardura duten legebiltzarkideek informazio hori kudeatzen dutenean.
Azalpenak eskatu dituztenen artean daude Espainiako Auzitegi Gorena eta Auzitegi Nazionala. Espainiako Gobernuak, berriz, ez du erantzun ere egin. Informazioa bidali dutenen artean daude Nafarroako Gobernua, Servinabar, Geoalcali eta Gipuzkoako zein Bizkaiko diputazioak.