Pasatu dira epailearen aurretik urriaren 12ko protestetan atxilotutakoetako lehenengoak

Hogei lagun daude auzipetuta, eta sei igaro dira epailearen aurretik. Haiei babesa adierazteko, elkarretaratze bat egingo dute gaur Gasteizen: 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Ertzainak, urriaren 12an, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ertzainak, urriaren 12an, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 19a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur deklaratu dute Falange Espainolak urriaren 12an Gasteizen egindako ekitaldiaren kontrako protestan atxilotutakoetatik lehenengoak. Ertzaintzak hemeretzi manifestari antifaxista atxilotu zituen egun hartan, eta Euspel sindikatu polizialak desordena publikoa, autoritatearen kontrako atentatua eta lesio delitua egozten dizkie. Haiei babesa emateko, elkarretaratze bat egingo dute gaur bertan, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Epailearen aurretik igaro dira, baina auzipetuek ez dute deklaratu. Bai, ordea, haien aurretik pasatu diren poliziek. Egun hartan Ertzaintzako operazioaren buru zenak deklaratu du epailearen aurrean, eta Europa Press agentziak jakitera eman duenez azaldu du «hil egin nahi» zituztela.

Jose Antonio Bitos abokatuak ere eman ditu azalpenak. Ertzaintzan ordezkaritza duen Euspel sindikatuko ertzainak ordezkatzen ditu Bitosek. Esan duenez, urriaren 12an falangisten kontrako protestetan parte hartu zutenak «antolatuta» zeuden eta ertzainei «infernu bat» pasarazi zieten.

Bitosek Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu du: «Prozesu honetan aurkeztu dira berandu, gaizki eta arrastaka».

Falangek Gasteizko Probintzia plaza aukeratu zuen Hispanitatearen Eguneko ekitaldi nagusia egiteko, Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean, eta horrek mugimendu antifaxisten erreakzioa eragin zuen. Hala, falangistek plaza hartu zuten: bandera frankistak, agur faxistak, Cara al sol... Inguruetan, berriz, elkarretaratze haren kontra mobilizatutako gazteak. Gauzak horrela zeudela, Ertzaintzak polizia operazio bat jarri zuen martxan, eta manifestari antifaxistei oldartu zitzaion. Istiluak izan ziren.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuen 22 polizia zauritu zirela protestan, eta hemeretzi lagun atxilotu zituztela desordena publikoak egotzita. Gainera, egun batzuk geroago, Aritz Ibarra ere identifikatu zuten auzi berari lotuta; hari ahoa birrindu eta masailezurra hautsi zion protesta hartan Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek.

Segurtasun Sailak Ertzaintzaren kontra egin izana egotzi zien manifestari antifaxistei, eta «euskal faxistatzat» ere jo zituen Segurtasun sailburuorde Ricardo Ituartek. Hain zuzen, manifestarien jokabide «erasokor eta biolento» hori erabili du argudio gisa Euspel sindikatuak gazte horien aurka egin eta, desordena publikoak soilik ez, autoritatearen kontrako eta lesio delituak ere egozteko. 

Egun hartan protestara atera ziren herri mugimenduek, baina, bestelako interpretazio bat egin dute jazotakoaren inguruan. Agerraldi batean, dozenaka lagunek gaitzetsi egin zuten poliziek urriaren 12an izandako jarrera. Azaldu zutenaren arabera, 30 lagun inguruk osasun arreta behar izan zuten: hainbat hezur hausturaren, begietako traumatismo larri baten eta zenbait ekimosiren berri eman zuten. «Herritarrak lurrean zeudela jipoitu zituzten, buruan eta aurpegian makilekin joz; gomazko pilotak burura eta aurpegira jaurti zituzten, eta jendea harrapatu zuten furgonetekin», esan zuten agerraldian.

Orduan, Segurtasun Sailari eskatu zioten barne ikerketa bat irekitzeko, polizien jardun okerrak ikertzeko. Orain, berriz, auzipetuak absolbitzeko eskatu dute, eta haiei babesa adierazteko elkartuko dira U12 auzipetuak absoluzioa! lelopean. «Auzipetuak absolbitzeko eta kasua ixteko exijitzen dugu. Prozesu judizialean zehar antifaxisten aldeko elkartasuna adieraztera animatzen zaituztegu», dio afixa batek.

Orain arte, urriaren 12an zauritutako bederatzi poliziak deklaratu dute auzibide horretan, eta gaur beste bostek deklaratu dute. Era berean, auzipetutako sei ere igaro dira epailearen aurretik. Egun hartan, Ertzaintzak ez zuen Falangeko kide bakar bat ere atxilotu edo identifikatu. Gerora, Segurtasun Sailak jakinarazitako ekintza bakarrenetako bat zera da, elkarretaratzera deitu zuen falangistari espedientea ireki ziotela, hura egiteko baimen eskaeran adierazitako baldintzak ez betetzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!