Bihartik goiti, Ipar Euskal Herriko milaka haur eta gazte ikastetxeetara itzuliko dira, tartean euskaraz osoki edo partez ikasiko duten ikasleak. Seaskak zeregin frankori aurre egin beharko dio ikasturte honetan. Izan ere, maiatzean, sartzerako behar dituzten irakasle postuetatik gehienak emanen zizkiela hitzeman zien Bordeleko Akademiako errektoreak Seaskako arduradunei. Hala ere, ohiko arrangura eta galderek segituko dute. Besteak beste, euskaraz baxoa pasatzeko eskubidearen betiko aldarrikapenak eta Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) egoera larriak ekar ditzakeen zailtasunek dilindan segitzen dute.
Azken datuen arabera, gaur egun, Ipar Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleen %13 eskolatzen dituzte ikastolek; Etxepare lizeoak lizeoetako ikasleen %6 ditu. Baina ekainean egindako Biltzar Nagusian iragarri bezala, lizeo berri baten proiektuarekin Seaskak ikasle kopurua emendatzea du helburu. Hain zuzen ere, 2027ko irailean, Donapaleun (Nafarroa Beherea) beste lizeo bat irekitzeko xedea du Seaskak, eta hastapenean 180 ikasle inguru errezibituko ditu.
Parisen mendeko
Bihartik goiti, Seaskak 2025-2026ko ikasturterako xehetasunak emanen ditu. Sartze egunean, bertaratu diren ikasleen kopuru guziak jasoko dituzte irakasleek eta langileek. Ondotik, irailaren 4an, ostegunez, ikasturte berriaren aurkezpena egingo dute prentsaurreko baten bidez. Parada izanen da benetan jakiteko ea Bordeleko errektoreak bere hitza bete duen irakasle postuei dagokienez. Lanpostuez harago, azterketak euskaraz pasatzeko eskubideei buruz puntua egiteko aukera da.
Baliteke Frantzian irailaren hasieran izatekoak diren gertakari politikoek erabat trabatzea Seaskaren bide orria. Hau da, François Bayrou lehen ministroaren konfiantza bozkak ez badu gehiengorik lortzen, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gobernua desegin dezake. Horrekin batera, Frantziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren arduradun berria hautatua izango litzateke. Pentsa daiteke, beraz, berriz ere Seaskaren planak alda daitezkeela aste batetik bestera Parisen gertatzen denaren arabera.
Seaskaren proiektuek bestelako diru iturriak ere beharrezkoak izango dituzte, eta, horretarako EEPren geroari lotua da, hein handi batean, Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera. Euskalgintza aspalditik EEPren aurrekontua bikoizteko eskatzen ari bada ere, Frantziako Estatuak 100.000 euro gehiago baizik ez dizkio emanen. Bestalde, Euskal Elkargoak ekain hondarrean bere ordezkarien bidez helarazi zuen gaur egungo baldintzetan ez duela izenpetuko EEPrekin osatzen duen hitzarmena. Beraz, partaidetza eskasa eta aurrekontua ahula duen heinean, EEP ere lanjerean da. Ondorioz, Seaska ez da behar bezala lagundua proiektuak gauzatzeko.Â
Berantiarrago
Ikasturte hasiera berantiarragoa izango da Hego Euskal Herriko ikasleentzat. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek irailaren 4tik 8ra bitarteko epealdia izango dute Nafarroan eskolak abiarazteko. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko institutuetan, hilaren 4an hasiko dira denak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolek ikasturtea hasteko ekitaldi ofiziala irailaren 8an izango dela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta ikastetxe askok ere orduan hasiko dituzte eskolak, edo ondorengo egunetan. Aurkezpen saioak-eta irailaren 5ean ere egingo dituzte hainbat zentrok.Â
Unibertsitatean ere hastear da ikasturtea. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate gehienek irailaren 8an hasiko dituzte eskolak; hainbat ikaslek, hala ere, irailaren 5ean izango dituzte aurkezpen saioak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere egun bat dute jarria, oro har, fakultate gehienetan jarduna berrabiarazteko: irailaren 3a.Â