EH Bilduren Arabako Mahai Politikoak Eva Lopez de Arroiabe Saez de Maturana (Gasteiz, 1973) proposatu du 2027ko maiatzean izango diren foru hauteskundeetan Arabako ahaldungai nagusi izateko. Mahai Politikoak berretsi du «ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko eta herrialdeak behar dituen politika publikoetan jauzi bat egiteko pertsonarik egokiena» dela Lopez de Arroiabe.
2023ko foru hauteskundeetan, «emaitza historikoak» lortu zituen EH Bilduk Araban, koalizio abertzaleak gogoratu duenez. Boz horiek EAJko hautagaiak irabazi zituen, egungo ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek (15 eserleku), baina 1.200 boto eskasen aldea baino ez zion atera Lopez de Arroiaberi, eta, lehen, aldiz EH Bildu izan zen boto gehien bildu zuen indarra Gasteizko barrutian; hala, beste bi eserleku lortu zituen (14). Orduz geroztik, «arduraz» aritu da Lopez de Arroiabe oposizioburu gisa, EH Bilduk nabarmendu duenez, «proposamenak eginez eta negoziaziorako gaitasuna erakutsiz betiere pertsonen beharren mesedetan».
Bada, EH Bilduren Arabako Mahai Politikoa sinistuta dago «jauzi bat egiteko garaia» heldu dela, herrialde horrek «bestelako gobernantza eredu bat» behar ei duela, eta koalizioak irizten dio Eva Lopez de Arroiabe dela helburu hori betetzeko «pertsonarik egokiena», ikusten baitu erronka guztiei «anbizioz» erantzuteko gai dela, baita EH Bilduren proiektua ordezkatzeko ere.
Lopez de Arroiabe bera ere gogotsu azaldu da koalizioaren hautagai izateko. «Erronka ikaragarria da Arabako ahaldun nagusia izango den lehenengo emakumea izatea, eta gogoz eta ilusio handiz aurre egingo diot», adierazi du sare sozialetan.
Hala, EH Bilduk jada proposatu ditu Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako hautagai nagusiak: Lopez de Arroiabe Araban, Iker Casanova Bizkaian, Maddalen Iriarte Gipuzkoan eta Laura Aznal Nafarroan.
Ramiro Gonzalezen geroa
Arabako Lautadako ganaduzalea da Lopez de Arroiabe, eta Arabako Nekazarien Elkarteko zuzendari izana. Larreko Batzorde Administratiboaren zuzendari aritutako lehendabiziko emakumea izan da.
Oraindik ez da argitu nor izango den Lopez de Arroiaberen lehiakide nagusia, EAJk ez baitu jakinarazi Ramiro Gonzalez egungo ahaldun nagusia hautagai izango ote den 2023ko maiatzeko bozetan. Joan den astean esan zuen alderdiak bere «epeak» dituela eta horiek errespetatu egin behar direla, eta, beraz, ez zuela esango hautagai izateko prest ote dagoen. Gonzalezek 65 urte beteko ditu luze gabe. Gasteizko alkatetzari dagokionez, berriz, EAJk hautagaia aldatuko du, Beatriz Artolazabal ez baita aurkeztuko. Espainiako Senatura joango da, Estefania Beltran de Heredia ordezkatzera.Â