Martxoaren 31ko gobernu kontseiluan, «euskararen erabileran jauzi kualitatiboa» egiteko plan estrategikoa onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuak aurkeztu zuen ondoren hedabideen aurrean. Gaur, berriz, Eusko Legebiltzarrera eraman du plana. Parlamentuko saio horren harira, oharra plazaratu du EH Bilduk, aski kritiko. Salatu du «inertziak» agintzen duela plan horretan, eta ez dela egokia euskararen biziberritzean «urrats kualitatibo bat» egiteko. Nahigabea azaldu du, halaber, plan hori birmoldatzeko egin dituzten proposamenek ez dutelako aldeko erantzunik izan: «EH Bilduk hamasei proposamen mahaigaineratu ditu, plana hobetu eta hainbat gabezia zuzentzeko asmoz, baina EAJk eta PSE-EEk guzti-guztiak bota dituzte atzera».
EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak agerian utzi nahi izan ditu gobernuan dauden taldeen diskurtsoen atzean dauden kontraesanak. «Alde batetik, euskara guztiok behar gaituen herri erronka dela esaten zaigu, baina gero, beste alde batetik, EH Bildurekin ezer ez adosteko estrategia dago», salatu du. EH Bilduk, bere zuzenketen bidez, planean «euskara ikasteko eskubidea unibertsalizatzea» nahi zuen, adingabeen aisialdia euskalduntzeko urrats esanguratsuak ezartzea, eta hizkuntza politikara bideratutako aurrekontua %2ra igotzea. Ez dute lortu babesik, ordea. EH Bilduren kontrako estrategia «muturreraino» eramatea egotzi die Aztiriak PSE-EEri eta EAJri.
«Inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago», adierazi zuen Bengoetxeak plana aurkeztu zuenean. «Horregatik, plan honen helburua da ezagutzatik erabilerara jauzia egitea». Aztiriak gaur salatu du, ordea, motzegia dela plana horretan behar bezala eragiteko. «Lehentasunak eta apustu nagusiak zehazten ez dituen plan estrategiko bat da, euskarak gaur egun behar duen jauzia inon jasotzen ez duena», salatu du.
Aztiriak gogora ekarri du euskarak behar duen «jauziaren» gaineko mezuak ematen ari dela Jaurlaritza, eta, hain justu, Imanol Pradales lehendakariak berak berritu egin zuen mezu hori joan den astean, Euskararen Aholku Batzordearen atarian egin zuen hitzaldian. Jauzi hori egiteko ekintzak falta direla uste du, ordea, EH Bilduko legebiltzarkideak: «Jaurlaritzaren plan hau irakurrita, bistakoa da jauzia eslogan hutsa baino ez dela, atzean ezer ez daukana».