TCC Moventis enpresako langile batzordeak baztertu egin du enpresak Iruñerriko Mankomunitatearen bitartekaritzarekin egindako proposamena, «langileen eskakizunak ez dituelako jasotzen». Proposamenak aldeko zazpi boto jaso ditu, eta kontrako hamar. Hala, sindikatuak bereizi egin dira. Kontra bozkatu dutenek, CCOO, ELA, LAB eta ATTU sindikatuek, batzar orokor batera deitu dituzte langileak, biharko. UGTk, berriz, asmoa du bere kabuz enpresarekin aurrekordio bat sinatzeko, gutxiengoan.
Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campion aurreko astean bildu zen billabesetako langileen ordezkariekin, «lan gatazka desblokeatzen laguntzeko neurri sorta bat» aurkezteko asmoz. Ohar bidez, azaldu zuten neurri sorta hark autobusen bidaia denborak hobetzeko «eta, horrenbestez, lantaldearen lan baldintzak hobetzeko» balioko zuela. Besteak beste, langileen atsedenaldiak bermatzeko zailtasun handiena duten lineetan autobusak gehitzeko edo maiztasunak hobetzeko konpromisoa hartu zuen mankomunitateak. Milioi bat euro inguruko kostua luke horrek.
ELAk salatu duenez, baina, egindako eskaintzak ez die erantzuten gatazkaren oinarrian dauden eskakizun nagusiei, eta ez du hura garatzeko bermerik ematen. Sindikatuak argudiatu du ez dela hura ezartzeko egutegirik zehaztu eta, ondorioz, ez duela «gutxieneko bermerik benetan betearaziko dela ziurtatzeko».
Sindikatuek egindako eskaeren artean daude azken urteetako soldataren %5,38ko galera berreskuratzea, urteko lanaldia 215 lanegunetara murriztea, gau eta jaiegunetako plusak eta bajei dagozkien osagarriak hobetzea eta eguneko lanaldien mugak egokitzea —gutxienez bost ordu, eta gehienez bederatzi—.
Hala, ELAk uste du alor horietan guztietan aurrerapausoak eman behar dituztela lan gatazka bideratu ahal izateko, horretarako aukera ematen baitu «enpresaren irabazien gorakadak». Uste du, baina, mankomunitateak iragarritako igoera ekonomikoa ez dela beharginen lan baldintzak hobetzeko erabili, «TCCren kontuak» handitzeko baizik.
UGTk, berriz, defendatu du eurak «arduraz» jokatzen ari direla, eta akordioa sinatzearen alde egin du. Azaldu dute sindikatuko zerbitzu juridikoekin aztertzen ari direla lan itunaren zein atal ezin dituzten sinatu gutxiengoan, eta xede dute mankomunitateak ere iragarritako neurriak betetzeko konpromisoa hartzea. UGTk zazpi ordezkari ditu langile batzordean. CCOOk eta ELAk hiruna dituzte, eta LABek eta ATTUk bina.
Gatazka ez da berria: 2023an hasi ziren sindikatuak lan itun bat negoziatu nahian. Duela bi hilabete «akordiorako oinarri bat» adostu zuten enpresak eta gehiengo sindikalak, lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan. UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin adostu zen hura —gehiengoa dute langile batzordean—, eta ELA, LAB eta ATTU sindikatuen kontrako botoekin. Egun gutxira, baina, bestelakoa izan zen langileen erabakia: 222 beharginek baiezkoa eman zioten enpresaren eskaintzari, eta 228k mobilizazioei eustearen alde egin zuten. Aurrez, besteak beste, bi asteko greba egin zuten uztailean, sanferminek iraun bitartean, eta udazkenari ere protesta artean ekin zioten.Â
Hartara, Iruñerriko Mankomunitateak esku hartu behar izan du. Hari dagokio hiri garraioa kudeatzea, baina azpikontratatuta dauka zerbitzua. Langile batzordea kexu azaldu da hori egiteko moduaz. Hain zuzen, salatu dute TCC Moventisek %12 murriztu zuela prezioa aurreko kontratuan, eta oraingoan %15. Hori langileen eta autobusen baldintzen kalterako egin izana kritikatu dute. Izan ere, aurreko kontratuan langileen soldatak %5,4 murriztu ziren batez beste.