Billabesetako langileek lanuzteei eutsiko diete, enpresaren eskaintza baztertuta

Bart egin dute lan hitzarmenaren gaineko erreferenduma, eta sei botoren aldeagatik bota dute atzera enpresaren proposamena: 222k onartzearen alde egin dute, eta 228k, aldiz, greban segitzea lehenetsi dute.

Billabesak Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Billabesak Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 11
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Billabesetako langileek grebari eutsiko diote. Hala erabaki dute bart eginiko erreferendumean. Moventis TCC enpresak aurkeztutako lan-hitzarmen proposamena onartu ala ez, horixe bozkatu behar zuten atzoko bilkuran, eta, eskaintzari ezetz esanda, lanuzteei segida ematearen alde azaldu dira langile gehienak. Tarte estuagatik gailendu da ezezkoa, dena den: sei botoren aldea egon da aukera baten eta bestearen artean. 222k baiezkoa eman diote enpresaren eskaintzari, eta 228k, aldiz, nahiago izan dute mobilizazioei eutsi. 

Iruñerriko hiri garraiorako zerbitzua ematen duen Moventis TCC enpresak eta langile batzordeak «akordiorako oinarri bat» adostu zuten iragan astelehenean, lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan. Honako hau jasotzen zuen aurreakordioak: soldatak igotzea KPIaren arabera; aurreko ituna iraungi zenetik orain arteko atzerapenak ordaintzea; jaiegunetan edo gauean lan egiteagatik pagatu beharreko saria handitzea; langileen egutegietan norbere gauzetarako baimen bat gehitzea 2026an eta beste bat 2029an; eta lan egutegiak moldatzea, kontziliazioa errazte aldera.

UGTk eta CCOOk dute gehiengoa langile batzordean, eta bi sindikatu horiek ontzat jo zuten eskaintza. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek, berriz, ez zuten begi onez hartu, uste baitute ez dela aski lantaldearen egoera egonkortzeko. Indar sindikalen arteko zatiketa horrek isla izan du langileen artean ere, erreferendumaren emaitzak agerian utzi duenez.

Bi urteko gatazka

Iruñerriko hiri garraioko langileek enpresarekin duten lan gatazka ez da oraingoa. 2023ko hondar hilabeteetan hasi ziren lan itun berri bat negoziatu nahian, eta sindikatuek enpresaren borondaterik eza salatu zuten hasieratik.

Iruñerriko Mankomunitateari dagokio hiri garraioa kudeatzea, baina enpresa baten esku utzia du zerbitzua. Azken kontratua hamar urterako adjudikatu zion Bartzelonako TCC Moventis enpresari. Langile batzordeak salatu duenez, konpainia horrek %12 murriztu zuen prezioa aurreko kontratuan, eta oraingoan, berriz, %15. Hori gero langileen eta autobusen baldintzen bizkar egiten dela salatu dute sindikatuek behin baino gehiagotan. Haien esanetan, aurreko kontratuan langileei %5,4 murriztu zitzaien soldata batez beste, eta galdutako erosahalmen hori berreskuratzea izan da negoziazio mahaian hizpide izan dituzten puntuetako bat.

Soldata alde batera utzita, baina, beste ertz asko ere izan ditu gatazka honek: esaterako, gaixoaldien tratamendua, lanaldien murrizketa, eta jaiegunei edo gaueko txandei dagozkien aparteko ordainsariak. Horrez gain, langileek bi urte daramate salatzen autobusak egoera kaskarrean daudela eta enpresak ez dituela egiten beharrezko mantentze lanak.

Langileen haserreak goia jo zuen iragan ekainean, eta langile batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek grebara deitu zuten Iruñeko sanferminen atarian. Lanuzteak atzerapen handiak eragin zituen jaietako zerbitzu berezian, eta erakunde publikoek —Iruñerriko Mankomunitateak eta Iruñeko Udalak— bitartekari lana egin zuten akordioa lortu ahal izateko, baina orduko hartan ez zuten akordiorik erdietsi. Sindikatuek salatu zuten erakundeek ezarritako gutxieneko zerbitzuak «abusuzkoak» zirela eta horrek kolokan jartzen zuela grebarako eskubidea. Sanferminak igaro aurretik, greba bertan behera utzi zuten sindikatuek, eta irailean heldu zieten berriz protestei. Lanuzte partzialak egin dituzte bidaiari gehieneko orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.