Billabesek udako ordutegia dute gaurtik aurrera, abuztuaren 31ra arte. Grebarik gabe, gutxieneko zerbitzurik gabe. Ez lan gatazka konpondu delako, baizik langileek uztailaren 2an hasitako greba bertan behera uztea erabaki zutelako atzo. Irailera arte. Irailean berriro egingo dituzte lanuzteak. 238 langilek bozkatu zuten greba etetearen alde; 65ek kontra.
TCC Moventiseko langileek —billabesak kudeatzen dituen enpresa— greba egin dute sanferminetan. Gutxieneko zerbitzuak izan dira Iruñerriko autobus zerbitzuan. Gehiegizkoak, langileen arabera. Sanferminen aurreko egunetan enpresari esan zioten denbora zutela jaien aurretik akordioren bat lortzeko eta greba saihesteko, baina ez zuten ezer hitzartu, eta langileek greba egin dute. Sanferminetan ez zuten baztertu gutxieneko zerbitzuak ez betetzea, baina bete dituzte.
Eskerrak langileei eta herritarrei
Irailetik aurrera beren «lan eskubideen alde» borrokan jarraitzeko asmoa dute, enpresa batzordeak jakinarazi duenez. «Garraio duina eta bidezko lan baldintzak» nahi dituzte. Eskerrak eman dizkiete langileei, erabakia hartzeko prozesuan parte hartze handia izan delako, eta «une oro izan duten konpromiso kolektiboagatik». Eskerrak eman dizkiete herritarrei ere, mobilizazioetan langileei babesa eman dietelako eta langileen arrazoiak ulertu dituztelako.
Dena den, udan ez dituzte mobilizazioak guztiz etengo. Zenbait ekintza egingo dituzte, «borrokak bizirik jarraitzeko» eta zerbitzuaren eta langileen egoera ikusarazteko. Uztailaren 24an, esaterako, kontzentrazioa egingo dute Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean.