Eman du erabakia Bordeleko Administrazio Dei Auzitegiak: bertan behera utzi du euskara ofizialki aitortzeko Baionako herriko etxeak uda honetan hartu zuen deliberoa. Beraz, Paueko Auzitegiak lehen instantzian hartutako erabakia berretsi du. Frantziako Estatu Kontseilura jotzea izanen da ondoko urratsa. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak agerraldia eginen du 16:45ean, ebazpenari buruzko erreakzioa emateko. Sarako herriko etxeak ez du jakinarazi erabakirik jaso ote duen, baina duda gutxi da Baionakoaren bera izanen dela.Â
Ikusi gehiago
Uztailean hartu zituzten deliberoak bi herriko etxeek: «Ofizialki aitortzen dugu euskara gure lurraldeko hizkuntza dela, frantsesaren ondoan». Uztailaren 2an, Sarako herriko etxeak bozkatu zuen, eta uztailaren 25ean, Baionakoak, gaskoiari ere erreferentzia eginez. Baina berehala bien kontrako helegitea jarri zuen Jean Marie Girier orduko prefetak. Lehen instantzian prefeturaren alde egin zuen Paueko Administrazio Auzitegiak. Dei egin zuten bi herriko etxeek, eta orain dela bi aste Bordelen aztertu zuten afera.Â
Pierre Cambot abokatuak adierazi zuen koofizialak izan gabe euskarak eta gaskoiak badutela izaera ofizial bat Euskal Herrian. «Hizkuntza horiek badaude juridikoki». Aipatu zuen Frantziako Estatuak laguntzen dituela, hala nola irakaskuntzan, eta diru publikoa engaiatua dela. Baina bi hizkuntzek lurraldean duten presentzia ere aipatu zuten auzapezek. Etxegaraik esplikatu zuen Baionako dokumentu ofizial guziak gaskoiez idatziak zirela XVI. mendera arte. «Euskararekin bizi gara; gure unibertsoaren, gure kulturaren, eta gure egunerokoaren parte den hizkuntza bat aitortzera gatoz».
Hala Etxegaraik berretsi zuen herriko etxeek dituzten eskumen juridikoen barnean hizkuntza baten aldeko engaiamendua besterik ez dela hartutako deliberoa: «Bada deliberoa bera, eta bada aitzinetik emandako azalpen guzia. Oroitarazten dugu zein den esparru juridikoa: Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen 2. artikulua, eskualdeko hizkuntza Frantziako ondare gisa aitortzen dituen 75-1 artikulua, baina baita Konstituzio Kontseiluak 75-1 artikuluaren harira hartutako ebazpena ere, erran baitzuen ezin zela koofizialtasunik onartu 2. artikulua moldatu ezean». Haren iritziz, ez da dudarik hartutako deliberoaren zentzuari buruz.Â
Gaur gaurkoz, administrazio justiziak ez du Ipar Euskal Herriko hautetsien arrazoibiderik entzun nahi izan. Bordeleko auziaren egunean, 92 auzapezek prefetari idatzi zioten, euskarari buruz duen jarreragatik «kezka» agertzeko. Hautetsien ordezkaritza batekin bilkura egin dezala eskatu zioten, euskara babestu eta garatzeko elkarlan bideak aurkitzeko. Departamenduko eta eskualdeko hainbat parlamentarik eta hautetsik ere sinatu dute gutuna.
(Laster informazio gehiago)