Diru laguntzak daudela gogorarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegiek izena emateko deian

'Besarkatu euskara' lelopean abiatu dute gaur euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina. Euskara ikasteko diru laguntzetarako 58,2 milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak 2025-2026ko ikasturtean.

Matrikulazio kanpainaren aurkezpena, gaur, Donostiako Antigua auzoko AEK-ko euskaltegian. GORKA RUBIO / FOKU
Matrikulazio kanpainaren aurkezpena, gaur, Donostiako Antigua auzoko AEK-ko euskaltegian. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
DONOSTIA
2025eko irailaren 10a
13:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Antigua auzoko AEK-ko euskaltegia aukeratu dute 2025-2026ko ikasturtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegietan izena emateko kanpainaren berri emateko. AEK-ko euskaltegi horretako zuzendari Amaia Irastortzarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro ere izan da aurkezpenean. Horretaz gain, euskara ikasten ari diren bi ikaslek —Madrilen (Espainia) sortua da bat, eta Frantzian bestea— beren esperientzien berri eman dute.

Irastortzak gogorarazi du helduak euskarara erakartzea estrategikoa dela hizkuntzak bizirik iraun dezan. Horrela berretsi du Aitor Aldasorok. Hizkuntza Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, helduen euskalduntzea errazteko indar egiten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, ikasturte honetan 58,2 milioi euro inbertituko ditu euskara ikasteko laguntzetan. «Aurtengo berritasuna da doakotasuna A2 mailara zabalduko dugula», esan du. Izan ere, 2022-2023ko ikasturtean C1 mailan ezarri zen doakotasuna, eta iaz A1 mailara hedatu zen. Horri esker, «ia doakoa» da oinarrizko mailetan aritzea; esaterako, gaur egun 310 euro ordaintzen dituenak 70 ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Diru laguntzak eskura ditzakete bai euskaltegi pribatuetan bai HABEko euskaltegi publikoetan ikasten ari direnek. Aldasororen aburuz, pertsona batek euskara ikastea erabakitzeko orduan pizgarria da ikasketak diruz lagunduta egotea. Datuek horrela islatzen dutela ohartarazi du. Izan ere, egun 35.000 ikasle inguru ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 106 euskaltegietan euskara ikasten, eta, Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu duenez, datua sendoa da: «A1eko doakotasuna ezarri genuenetik, 2023tik hona, %30 gehitu dira matrikulazioak».

Jaurlaritzaren datuen arabera, 2023-2024ko ikasturtean 4.942 ikasle aritu ziren A1 mailan. 2024-2025eko ikasturtean, berriz, 6.376 ikasle. Horrekin batera, nabarmendu dute gero eta ikasle gehiago dagoela oinarrizko mailetan.

Hazkunde horretan EAEtik kanpo jaiotako ikasleek garrantzi handia dute, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Izan ere, euskaltegietan euskara ikasten ari diren ikasleen %20 dira Espainiako beste autonomia erkidegoetatik etorritakoak edo Espainiatik kanpokoak. A1 mailan %60koa da portzentajea.

Euskara ikasteko politiken emaitza ona dela iritzita, Eusko Jaurlaritzak bide horretan jarraitzeko asmoa duela esan du Aldasorok: «Euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu, euskara ikastea erraza izan dadin, eta guztientzat eskuragarri».

euskaltegien matrikulazio kanpaina
Daniel Garcia eta Claire Tonnele euskaltegietako ikasleak. GORKA RUBIO / FOKU

Euskal Herritik kanpo jaiotakoak izanda ere euskarara gerturatzeko interesa erakutsi duten bi pertsonak eman dute beren esperientziaren berri: Claire Tonnelek eta Daniel Garciak. Biak ala biak ikerlariak dira, eta lanak ekarri ditu Euskal Herrira. Esan dutenez, euskara ikasteak balio izan die euskal kulturara gerturatzeko eta «hemengo lagunekin» harremana egiteko.

Daniel Garciaren esanetan, «kultur ekitaldietan parte hartzeko, komunitatearen parte izateko» oso baliagarria izan zaio euskara ikastea. Claire Tonnelek, ordea, azpimarratu du lehen urratsa izan zela zailena, baina «ikasten eta ulertzen hasi ahala euskararen inguruko kuriositatea eta interesa» handitu zitzaizkiola. Haren ustez, «euskal komunitatearekin konektatzeko» modurik onena da.

Zirrikituak estaltzeko lanean

Administrazioan euskara normalizatzearen aurka atzo plazaratutako epaiari buruz galdetu diote Aldasorori. Izan ere, Donostiako epaitegi batek ebatzi du legearen kontrakoa dela Donostiako Udalak trafikoa bideratzeko langileei euskarazko B2 maila eskatzen zien lan deialdia. Aldasororen hitzetan, garrantzitsua da Donostiako Udalak euskara bermatzeko egindako bidea aitortzea. Onartu du hizkuntza eskakizunen kontrako epaiek erakutsi dutela «zirrikituak» daudela legerian. Esan du Jaurlaritza horiek «estaltzeko» lanean ari dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.