Euskalgintzaren kezkarik behinenetarikoa izan da urteotan oldarraldi judiziala, hainbat sententziak atzera bota baitituzte euskara normalizatzeko eta biziberritzeko ezarritako hainbat lege irizpide, besteak beste funtzio publikoan jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen ingurukoak. Ebazpen judizial horiei murrua jartze aldera, lege erreformak proposatuta dituzte EH Bilduk eta EAJk. Gaur, osteguna, osoko bilkuran, bi talde politikoek eskatuko dute beren proposamenak aintzat hartzeko.
EH Bilduk aurkeztu zuen lehen proposamena, ekainaren 10ean: euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da erreformaren muina. Ekainaren 20an aurkeztu zuen EAJk bere proposamena: helburua da euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea.
Eusko Legebiltzarrean hizpide izan dute gaia, eta atarian ere bai. Protesta egingo dute ELA eta LAB sindikatuek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetan euskarak gaztelaniaren «menpeko» hizkuntza izateari uzteko eskatuko dute ELAko ordezkariek. Protestarako deia egitean, LABeko ordezkariek gogora ekarri dute euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi den eta lan egiten duen langile ororen lan eskubidea dela, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko «lege bermeak» aldarrikatuko dituzte. Adierazpenak egingo dituzte bi sindikatuetako ordezkariek protestetan.
Beste egitura bat
Biharko saioaren harira, Euskalgintzaren Kontseiluak ohar bat atera du, eta esan du «baikortasunez baina zuhurtziaz» jarraituko duela. Aurrez beste hainbatetan egin duen moduan, alderdi euskaltzaleei gogoratu die euskarak «arkitektura juridiko berri bat» behar duela, eta horren aldeko adostasunak lantzeko ahalegina egiteko eskatu die.
Oldarraldiaren datuak zerrendatu ditu Kontseiluak. «Hasi zenetik, gutxienez 34 sententzia direla medio, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta dozenaka udalerriren hizkuntza politika erabakitzeko eskumena mugatu du botere judizialak, zuzenean 700 lanpostu publikori baino gehiagori eraginez». Horiek horrela, lege erreformaren bideak berebiziko garrantzia duela gogoratu du. «Bi proposamen legegile daude mahaigainean, biak sakon aztertu beharrekoak, baina diagnostiko partekatu batetik abiatzen direnak: epaileek hizkuntza politikaren joko arauak aldatu dituzte, eta jada arazoa ez da euskararen normalizazioan ez dela aurrera egin, baizik eta orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan. Euskararen desofizializazio prozesu bat gertatzen ari da, hain zuzen larrialdi linguistiko betean gauden honetan, eta berrogei urte atzera egiteko arriskua dago».
Kontseiluak gogora ekarri nahi izan du, era berean, ELA eta LAB sindikatuekin elkarlanean aurkeztu zuen neurri zehatzen proposamena, zeinaren helburua den datozen hamabost urteetan administrazio publikoa euskalduntzeko urratsak egitea.