EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaren arabera, 2025a amaitu aurretik Eusko Jaurlaritzaren esku egon behar zuten Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztiek. Errealitatea, baina, bestelakoa da, eta abenduaren 29an bost eskumen eskualdatzeko asmoz egitekoak ziren bilera ere atzeratu egin zuten, urtarrilaren 16ra arte. Hala, auziari kezkaz erreparatzen diote Jaurlaritzak eta EAJk, eta gaur jeltzaleen presidente Aitor Esteban izan da Madrili abisua eman diona. Adierazi du eskualdaketak ostiralerako egiten ez badira eurak ez direla «besoak gurutzatuta» geratuko. «Espainiako Gobernua berehala konturatuko da», esan du, euren erantzuna zein izan daitekeen aurreratu gabe. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, baina, ez du kezkatzeko arrazoirik ikusten, uste baitu Madril eginahalak egiten ari dela ostiralerako akordio bat ixteko.
Jaurlaritzak berak iragarri zuen abenduaren 29ko bilera hura, hartan itsas salbamendua, Barakaldoko makineria zentroa, langabeziari lotutako prestazioak, kotizaziorik gabeko pentsioak eta eskola aseguruak kudeatzeko eskumenak jasoko zituelakoan. Egun batzuk lehenago, baina, gobernuko eledun Maria Ubarretxenak jakinarazi zuen «atzerapausoak» eman zirela negoziazioetan; eta, azkenik, bilera atzeratu egin zutela iragarri zen. Hurrengo data gerturatzen ari den honetan, ordea, ituna oraindik itxi gabe dagoela iradoki du gaur Estebanek, Onda Vascan egindako elkarrizketan: «Baikorrak izaten saiatuko gara, baina ez gara besoak gurutzatuta geratuko».
Izan ere, EAJren EBBko presidentearen esanetan, egoera «oso larria» da, ez baitira errespetatu Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek berak ezarritako epeak: «Ez da serioa». Hori ikusita, neurriak hartzeko prest daude jeltzaleak. Estebanek ez du aurreratu nahi izan zer neurri hartu ditzaketen, baina esan du EAJ ez dela «imintzioka» aritzen direnetakoa. «Ez da beharrezkoa ezer esatea; noski, gure jarrera ez da berbera izango», gehitu du.
Antzeko adierazpenak egin dituzte Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere azken egunetan. «Pazientzia agortzen ari zaigu», kexatu zen Imanol Pradales lehendakaria Gabonetan emandako mezuan. Atzo, berriz, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak esan zuen eskualdaketa «berme guztiekin» egiten ez bada «jokaleku instituzional eta politiko ezberdin bat» sortu daitekeela bi gobernuen arteko harremanetan. Atzo, EITBri egindako adierazpenetan, adierazi zuen ez duela uste Madril «fede txarrez» jokatzen ari denik, baina gehitu zuen egoera abendu amaieran baino kezkagarriagoa dela orain: «Espainiako Gobernuak fronte asko dauzka irekita, eta egoera hau horren ondorio izan daiteke, baina ez da adostutako konpromisoak betetzeko lan egiteko modu serioa».
Hala, Jaurlaritzak eta EAJk espero dute Pradalesek eta Sanchezek uztailean egindako bileran adostu zuten moduan eskualdatzea bost eskumenak. Izatez, EAJren eta PSOEren arteko itunaren arabera, bi gobernuburuek sei hilabetean behin bildu behar dute. Hau da, hurrengo bilerak urtarril honetan izan beharko luke. Estebanek, baina, ez du posible ikusten. Ez, behintzat, transferentzien arteko desadostasunak konpondu ezean.
Xehetasunak
Bestelako ikuspegi bat du Anduezak. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, hark adierazi du «oso lasai» dagoela: «Gauzak ondo aterako dira». Haren esanetan, jeltzaleen adierazpenak «ohiko eszenifikazioaren» parte dira, eta ez dago kezkatzeko arrazoirik: «Lan bikaina egiten ari gara bi aldeetatik. Eta ez dut inongo zalantzarik gauzak ondo irtengo direla».
Anduezak adierazi du «gauzak nahiko aurreratuta» daudela, eta xehetasunak falta direla ixteko. «Gai potoloetan eta, batez ere, langabezia prestazioetan pila bat aurreratu da», esan du, baina gehitu du eskumen hura dela guztiz itxi gabe geratzen direnetako bat. Horrekin batera, aitortu du eskola aseguruen kasuan ere badela zer negoziatu oraindik. Bide horretan, azaldu du gaur bi aldeen arteko hiru bilera direla egitekoak.
Iritzi berekoa da Sumar Mugimenduko zuzendaritzako kide eta Espainiako Kongresuko diputatu Lander Martinez. Esan du egoera ez dela «asaldagarria», eta uste du EAJren helburua «presio» egitea dela. Radio Euskadin, Martinezek azaldu du badagoela auziari konponbide bat emateko «borondate politikoa», eta, ondorioz, ez dagoela gaur egungo Espainiako Gobernua «arriskuan» jartzeko arrazoirik.
Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi Arantza Gonzalezek ere salatu du Estebanen adierazpenak EAJren «negoziazio estrategiaren» parte direla. Halere, hark autogobernuaren inguruko eztabaidari lotutako beste auzi handia izan du hizketagai gaur egindako agerraldian: Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berria. Gonzalezek eztabaidatik at ikusten du bere alderdia, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk martxan dituzten negoziazioetan lekurik ez dutelako, eta horiei eskatu die eztabaida «sakon, publiko eta parlamentario» baten alde egiteko, «parte hartzearen eta gardentasunaren» mesedetan. Hartan, arlo sozioekonomikoa eta «estatuarekiko harreman eredua» landu behar direla esan du. Azken horri dagokionez, esan du herritarrei galdetzearen aldekoa dela, baina ez «independentzia bai ala ez» itauntzeko.