Elkarrekin-ek atea ireki dio Arabako 2026ko aurrekontuak onartzeari

EAJrekin eta PSE-EErekin bat eginda, osoko zuzenketen aurka bozkatu du koalizioak. Bi aldeek ziurtzat jo dute akordioa lortuko dutela.

David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkidea, Batzar Nagusietan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkidea, Batzar Nagusietan. Artxiboko argazkia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko abenduaren 12a
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontu proiektuak azterketa erabakigarrietako bat gainditu du gaur: Batzar Nagusiek atzera bota dituzte oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horrenbestez, haren tramitazioak aurrera egingo du. Elkarrekin Arabari esker izan da. Koalizioko hiru batzarkideek bat egin dute EAJrekin eta PSE-EErekin, eta proiektua aldundiari itzultzearen aurka bozkatu dute.

Hasieran lau osoko zuzenketa ziren eztabaidatzekoak, baina hiru baino ez dira izan azkenean: EH Bilduk, PPk eta Voxek aurkeztutakoak. Atzo, azken unean, atzera egin eta zuzenketa erretiratzea erabaki baitzuen Elkarrekin-ek, adinekoen egoitza pribatuetako gatazkan akordioa lortu zutela jakitean. Koalizioak baldintza hori jarri zion aldundiari kontuak negoziatzen hasteko.

Gaurko eztabaidan, David Rodriguez Elkarrekin Arabaren eledunak berretsi du «ultimatum» horrek balio izan duela Arabako Aldundia mugiarazteko. Eta adierazi du aurrekontuak negoziatzeko tarte bat zabalduko dela orain, gaur-gaurkoz proiektuak ez diolako lurraldearen beharrei erantzuten. Bada, koalizioa aurrekontua «hobetzen» saiatuko dela azpimarratu du.

Ez alferrik, 71 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio proiektuari, eta koalizioaren nahia da adinekoen egoitza pribatuetara diru gehiago bideratzea. Elkarrekin-ek 14 milioi euro inguru jar daitezela eskatzen zuen, baina Rodriguezek aitortu du elkar ulertzeko modua izan dezaketela 10 edo 11 milioi eurora iritsiz gero. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia baikor mintzatu da, eta adierazi du kopuru horretara irits litezkeela.

Astelehenera arteko epea dute adostasuna lortzeko, datorren astelehenean eta asteartean eztabaidatuko baitira zuzenketa partzialak, abenduaren 19an behin betiko bozketa egin aurretik. Nolanahi ere, bi aldeek ziurtzat jo dute akordioa itxiko dutela. Izan ere, Gipuzkoan ere jeltzaleen eta sozialisten gobernuak asteon egin du ituna Elkarrekin Ahal Dugu-rekin 2026ko aurrekontuak onartzeko. Formula bera errepikatuko litzateke, beraz, Araban ere.

EH Bildu, kritiko

Arabako Aldundiak 727 milioi euroren aurrekontu proiektua aurkeztu zuen datorren urterako. Proiektu hori defendatu du Gonzalezek, hain zuzen ere. Eztabaida hasi aurretik EH Bilduri ere zuzendu zaio, eta egotzi dio ez duela kontuak adostu nahi izan: «EH Bilduk oraindik ez dio esan aldundiari zergatik aurkeztu duen osoko zuzenketa. Komunikabideei esan die, baina aldundiari, ezer ez, eta horrek negoziatzeko borondate gutxi adierazten du».

Eva Lopez de Arroiabek erantzun dio EH Bilduk negoziatu nahi zuela, eta foru gobernua izan dela borondaterik izan ez duena. Ahaldun nagusiari txarretsi dio oposizioko lehen indarrarekin adosteak «beldurra» eman diola, eta esan dio iaz kontuak onartzeko ituna egin bazuten ere urtean zehar ez dutela modurik izan aldundiaren politiketan «eragiteko». Bada, argitu du horregatik aurkeztu dutela osoko zuzenketa, aldundiak negoziatzeko duen «jarrera prepotenteagatik» eta «aurrekontua ez eguneratzeagatik».

Lopez de Arroiabe pozik azaldu da zahar etxeetako gatazka konpontzea lortu delako, baina gogorarazi du lorpena ez dela Elkarrekin Arabarena edo EH Bildurena, are gutxiago aldundiarena, langileena baizik. Horiek horrela, Elkarrekin-i egotzi dio «argazki batekin konformatzea», eta itaundu dio zer aldatu den orain aurrekontuei bide emateko. «Zuek lehentasun batzuk dituzue, eta guk beste batzuk. Umiltasun falta duzue», erantzun dio Rodriguezek. Eta leporatu dio EH Bilduk iaz aldundiarekin egindako itunak ez duela zaharren etxeetako gatazka konpondu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.