Elkartasuna ospatzen ari dira gaur Zestoan (Gipuzkoa). Eguna euriak baldintzatuta abiatu duten arren, Zestoako Mugimendu Feministako kideek esker on mezuen abaroan egin diete ongietorria Elkartasuna Plazara jaialdian bildutako dozenaka lagunei: «Eskerrik asko zazpi urte hauetan sostengu izan zaretenoi; eskerrik asko eskualdeko mugimendu feministei gure ondoan egoteagatik». Izan ere, ospatzen ari dira ekainean errugabetu egin zituztela indarkeria matxista jasan zuen herriko emakume bati laguntzeagatik iazko abenduan epaitutako sei lagunak. Eta jaialdian bildutako dirua prozesu judizialak eragindako «zama ekonomikoari» aurre egiteko erabiliko dute: 30.000 eurotik gorako gastua ere elkartasun feministaren bidez ordaindu nahi dute.
Zazpi urte iraun du Zestoako sei lagunen aurkako auzi «bidegabeak». Gizonezko batek jarri zien salaketa, bere integritate moralari kalte egitea leporatuta: akusatuen aulkian eserarazi zituen emakumezko bikotekide ohia eta andrearen bost lagun, eta bost urtera arteko espetxe zigorrak eskatu zituen haientzat. Epaiketan, ordea, argi geratu zen salatzailearen bikotekide ohiak indarkeria matxista jasan zuela, eta beste bostek hura babestu eta lagundu besterik ez zutela egin. Fiskaltzak berak espetxe-zigor eskaerak erretiratu zituen lekukotzak entzun ondoren, eta epaileak ondorioztatu zuen ez zela deliturik izan.
Zestoan eta inguruko herrietan emakumearen eta bost lagunen aldeko elkartasun mugimendua eragin du auziak. «Borrokak merezi duela erakutsi dugu. Horregatik, gaur festa egingo dugu, epaileen aurretik pasatu behar izan zuten sei lagunei babesa adierazteko, eta topa egingo dugu herri honen alde, borrokaren, justiziaren eta laguntasunaren aldeko apustu sendoa egin duzuelako guztiek», esan dute feministek jaialdiaren hasieran. Angelun (Lapurdi) izandako heriotza ere gogora ekarri dute: 19 urteko emakume batek bere buruaz beste egin zuen irailean, bortxatua izan eta egun gutxira. «Erailketa matxista bat izan zen», adierazi dute Zestoan.

Eguerdian, ongietorri mezu horiekin abiatu dute ospakizuna, udaletxeko arkupeetan, eta, horren ondoren, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi aritu dira bertsotan. Gero, poteoan ibili dira Le Big Gibel taldeak girotuta, eta herri bazkaria egin dute kiroldegiaren alboan. Arratsaldean, berriz, hainbat kontzertu izango dituzte herriko plazan: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaia, Ines Osinaga eta Bad Sound Sister.

