Iaz aurreratu zuen moduan, gazteen emantzipazioa errazteko laguntzak malgutuko ditu aurten Eusko Jaurlaritzak. Orain arte, Emantzipa programaren onuradun izateko, beharrezkoa zen 25 eta 29 urte artean izatea, baina, aurrerantzean, 23 eta 24 urte dituztenek ere jaso ahalko dituzte hilean 300 euro familiaren etxetik alde egiteko, gehienez ere bi urtez.
Hala onartu du gaur Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren ekimenez. Nerea Melgosa sailburuak azaldu du zergatik beheratu duten eskatutako adina: «Gazteek adin horrekin amaitzen dituzte ikasketak, eta orduan hasten dira gurasoen etxea uzteko ideia izaten».
Ikusi gehiago
Helburua, azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen emantzipazio tasa gutxienez %50 izatea da; orain, 18 eta 34 urte artekoen %32 soilik bizi dira familiaren etxetik kanpo, eta, batez beste, 29,8 urterekin egiten dute alde handik, Europan baino hiru urte eta erdi beranduago.
Azken bi urteetan 9.600 lagun izan dira Emantzipa programaren onuradunak, eta, gaur iragarritako aldaketari esker, laguntza 4.000 gehiagok eskatuko dutela kalkulatu dute. Emantzipa bateragarria da Gaztelagun programarekin.
36 milioiko aurrekontua
Emantzipa laguntza jasotzeko, urtean 3.000 eta 30.000 euro arteko diru sarrerak izan behar dira, 36.500 euro bikoteen kasuan. Eskatzeko epea, berriz, maiatzaren 12an irekiko da, eta azaroaren 30ean itxi, Jaurlaritzak zeregin horretarako esleitutako aurrekontua aurretik amaitzen ez bada behintzat. Eskaerak Jaurlaritzaren webgunearen bidez egin daitezke, baita aurrez aurre ere, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan.
Azken bi urteetan 39 milioi euro erabili dituzte Emantzipa laguntzetarako, eta gaur onartu duten hiru urterako planak 36,25 milioi euroko aurrekontua du:Â 13,9 milioi 2026rako, 15 milioi 2027rako, eta 7,35 milioi 2028rako.
Aurreko urteetan uste baino gazte gutxiagok eskatu dute laguntza, eta eskuragarri zegoen diruaren %20 baino ez zuten erabili. 2024. urtean 8.286 eskaera jaso ziren, eta 6.846 laguntza eman; iaz, berriz, 3.929 izan ziren jasotako eskaerak, eta 2.754 emandako laguntzak. Lurraldeka, Bizkaian 6.268 eskari jaso dira azken bi urteetan, Gipuzkoan 4.051, eta Araban 1.896.