Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta berriz bete da euskararen aldeko mezuz eta ekitaldiz. Ekitaldi nagusienetarikoa Eusko Jaurlaritzak antolatutakoa izan da. Gasteizen egin dute, Ajuriaenea ondoan, Elkargunean: berrehun pertsona baino gehiagori egin die harrera Imanol Pradales lehendakariak. Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk osatzen dute Herri Aginteen Koordinazio Batzordea, eta lehengo astean aurkeztu zuten aurten egun seinalaturako idatzi duten testua bateratua: Euskara, zugan, nigan, gugan. Bada, mezu horren inguruan aritu da gaurko ekitaldian Pradales ere. Orain dela hilabete batzuk Jauzia gara izeneko prozesua ere abiarazi zutela gogoratu du, eta horren bidez hizkuntza politikaren oinarriak eraberritzea dela helburua. «Horretan ari gara, guri dagokigunetik bide berriak eta konplizitate berriak lortzen, eta elkarrekin euskararen etorkizuna marrazteko prozesuak lantzen». Eta beste ideia bat ere nabarmendu nahi izan du: «Harrera». Erruz hitz egiten da egun hiztun berriak erakartzeko behar diren harrera sistemez, eta gaia hizpide izan du Pradalesek.
«Euskararen komunitateak espazio irekia izan behar du, eta gerturatzen denari harrera egin. Gure etxeak ateak zabalik ditu, eta guztiak gonbidatzen ditugu sar daitezen», azaldu du Jaurlaritzako lehendakariak. Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak ere parte hartu du ekitaldian; Euskararen Egunaren «izaera inklusiboa» nabarmendu nahi izan du, eta ekitaldia lehen aldiz Ajuriaenean eginda, hain justu ere, «denon etxearen ateak zabaldu» nahi izan dituztela azaldu du. Jaurlaritzako iturrien arabera, ekitaldiaren helburua izan da herritarrei gonbidapena egitea «euskararen argia pizteko» eta euskaraz hitz egiteko hautua «desioz» egiteko. Egunaren harira atera dituzten iragarkietan-eta ere hortxe jarri dute indarra.
Adierazpen gehiago
Aurreko egunetan zabaldu dituzte erakunde eta eragile askok euskararen aldeko mezuak, baina gaur ere plazaratu dira horietako hainbat. Euzkadi Buru Batzarrak egindakoa, esaterako. EB Europako Batasunean euskara —galegoarekin eta katalanarekin batera— ofizial egiteko eskaria eginda dagoela gogoratu du, eta aldaketa horren garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Euskara Europako hizkuntzarik zaharrena da, bai, baina batez ere etorkizuna duen hizkuntza da. Euskara ofiziala izango da Europan lehenago edo geroago, eta Euskadin, Madrilen eta Bruselan gogor eta tinko jarraituko dugu lanean hori lehenbailehen lortzeko». Gero eta aldakorragoa den munduan euskarak dituen erronkak ere gogora ekarri nahi izan ditu. «Garaipen asko lortu eta aurrerapauso handiak egin ditu euskarak azken hamarkadetan. Gaur bidegurutze batean gaude. Globalizazioaren eta adimen artifizialaren mundu honetan, jauzi kualitatibo bat eman behar du gure hizkuntzak. Egunero biziberritzen jarraitu behar dugu, esparru guztietan bermatzeko euskararen erabilera».
Geroa Baik ere ohar bat atera du, Nafarroako Eguna ere badela gogora ekarrita, eta hizkuntzaren auzian adostasunak duen garrantzia agerian utzi nahi izan du: «Euskarak ezin du zatiketarako arrazoi izan, erabat aurkakoa: harro egoteko arrazoi izan behar du. Horregatik, gure hizkuntzak askatasunez eta begirunez bizi diren Nafarroa bat defendatzen dugu, euskara naturaltasunez garatzen den Nafarroa bat, inposaketarik gabe, baina debekurik gabe, aukera berdintasunerako, modernitaterako eta munduarekin konektatzeko tresna moduan ulertuz».
LAB sindikatuak ere zabaldu du oharra: «larrialditik indarraldira» igarotzeko garaia dela nabarmendu du, eta euskararen normalizazio osoa lortzeko urratsak egiteko eskatu du. Bide horretan, langileei dei egin die euskararen eta hizkuntza eskubideen alde «aktibatzera», eta euskararen aldeko egitasmoetan eta mobilizazioetan parte hartzera. Eta horretarako modua izango dute. Izan ere, mobilizatzeko deia egina du LABek, ELA sindikatuarekin batera: funtzio publikoko langileak mobilizatzera deitu dituzte, argi esateko ez dutela atzerapausorik onartuko administrazioaren euskalduntzean. Adierazi nahi dute, batez ere, ez daudela ados hizkuntza eskakizunen kontrako epaiekin, eta Eusko Legebiltzarrean gaiaren inguruan dauden erreforma proposamenen bidez administrazioa euskalduntzeko oinarriak jartzeko ere eskatuko dute. Bi protesta egingo dituzte: abenduaren 16an Iruñean, eta abenduaren 17an Gasteizen.
Keinuak ere bai
Mezuak ez ezik, euskararen aldeko keinuak ere egin nahi izan dituzte erakunde hainbatek. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, esaterako, osoko bilkuran euskara hutsean egin dute bost batzarkide taldeetako bozeramaileek eta bozeramaile batzordeak. Donostiako Udalean, halaber, euskararen ordenantzaren «betetze mailari buruz» agerraldia egin du EH Bilduk, eta jakinarazi dute datorren batzordeetarako alkatea interpelatuko dutela.

eRNAIk protesta bat egin du
Euskararen kontrako «oldarraldi judizial eta politikoa» salatzeko elkarretaratze bat egin du gaur goizean Ernaik Donostiako Justizia Jauregiaren atarian. «Euskara arrisku egoeran egonik, gazteok aurrerapauso bat eman eta borrokan jarraitzeko beharra dugu», adierazi dute. Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean «ezinbesteko giltza» zein izango den ere nabarmendu nahi izan dute protestan: «Independentzia». Mobilizazio hau egin dute Ekimena, Ekinez egina, gazteok independentzia! lemapean abiarazia duten borroka astearen barruan.