Ernairen ustez, Gasteizko epaiak agerian utzi du Jaurlaritzaren «jarrera antidemokratikoa»

Gasteizko elkarretaratzeagatik jarritako isunak baliogabetu dituzte, eta Bilbokoak, berriz, gutxienekora jaitsi. «Pitzadura bat ireki dugu herritarren eskubideen urraketan oinarritutako egituran».

Maddi Bilbao Aretxaga, berbetan, atzean Amaiur Egurrola duela, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maddi Bilbao Aretxaga, berbetan, atzean Amaiur Egurrola duela, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko azaroaren 5a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozik daude Ernaiko gazteak. Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 1. Epaitegiak arrazoia eman die 2023ko irailean Bilbon eta Gasteizen egindako mobilizazioen auzian, eta baliogabetu egin ditu Gasteizko elkarretaratzearen ondorioz jarritako isunak; Bilbon protesta egiteagatik jarritakoak, berriz, gutxieneko kopurura jaitsi ditu, iritzita hor «arau hauste arina» baino ez zela egon. Epaiak ospatzeko modukoak direla uste dute gazte independentistek, eta ez soilik erakundea «politikoki ezeztatzeko» ahalegina geldiarazi dutelako: haien iritziz, epaiek agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren «jarrera antidemokratiko, arbitrario eta neurriz kanpokoa».

Jaurlaritzak isunak jarri zizkien Bilboko eta Gasteizko mobilizazioetan parte hartu zuten 133 gazteri; Bilbon egon zirenei, 2.500 euroko isunak, eta Gasteizkoei, berriz, 1.500 eurokoak: orotara, 290.500 euro. Auzitegiak baliogabetu egin ditu Gasteizkoak, eta Bilbokoak 601 eurora jaitsi, hots, eska daitekeen kopururik txikienera. Orain, Jaurlaritzak dirua itzuli beharko die gazteei, eta, gainera, auzibidearen kostu ekonomikoak bere gain hartu.

Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak esan duenez, bi ziren Jaurlaritzaren asmoak isun horiek jarrita: erakundea «ekonomikoki itoz politikoki ezeztatzea», gazte independentistei antolakuntza eta mobilizazio gaitasuna galarazteko; eta «aurrekari bat ezartzea», etorkizunean mugimendu sozialen jarduera baldintzatzeko xedez. Biak ala biak geldiaraztea lortu dutelakoan daude; Ernairen bideragarritasuna bermatu dute, eta, gainera, lortu dute «Ernairen kontrako erasoa ez dadila izan aurrerantzean mugimendu sozialak zokoratu eta higatzeko aurrekaria».

«Faxistei tapiz gorria jartzen dieten berberak dira gazteria independentistaren oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak»

AMAIUR EGURROLA Ernaiko bozeramailea

Ez hori bakarrik; Ernaik uste du haien kontrako isunak ez direla izan Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak Ernairekin duten «temaren» ondorio hutsa, ezpada «jardunbide sistematiko bat», hainbat mugimendu eta herritarrek urte askoan pairatu dutena. Orain kaleratutako bi epaiei esker, Ernaik uste du «aukera berria» irekitzen dela horren kontra egiteko: «Pitzadura bat ireki dugu herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urraketaren bizkar eraikitako egitura politiko, judizial eta polizialean».

Egurrolak esan duenez, «Espainiatik etorritako faxistei tapiz gorria jartzen dieten berberak dira gazteria independentistaren oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak». Duela pare bat aste, ekintza bat egin zuen Ernaik Gasteizen, «arazoa faxismoa» dela adierazteko; orain ñabardura egin nahi izan diote baieztapen horri, eta erantsi «faxistak babestu eta gazteria independentistari modu sistematikoan eraso egiten dioten horiek» ere badirela arazoaren parte. «Euskal faxistak aurkitu nahi badituzu, bila ezazu Arkautin», esan dio Egurrolak Segurtasun sailburu Bingen Zupiriari.

Eztabaida juridikoa

Hiru abokatu taldeko kide Maddi Bilbao Aretxagak esan duenez, epaiek agerian utzi dute Ertzaintzak salaketetan jasotakoa ez zela gertatu, «legeak ezarritako betekizunak errespetatu gabe» jarri zituztela isunak, eta horiek «neurriz kanpokoak» izan zirela. Horrek, abokatuaren iritziz, bidea irekitzen du «guztiz beharrezkoa den eztabaida juridiko bati» ekiteko.

Alde batetik, epaietan argi gelditu da isuna norberaren borondatez ordaintzeak ez dakarrela inolako erruduntasun aitortzarik, eta posible dela borondatezko ordainketa egitea eta gero ebazpenari helegitea jartzea. Beste aldetik, epaileek zehaztu dute administrazioaren ahalmena ez dela mugagabea eta Ertzaintzari dagokiola egiazkotzat jotzen dituen gertaerak frogatzea: «Inor ez dago behartuta errugabea dela frogatzera, nahiz eta kasu honetan horrela egin behar izan dugun».

Ertzainen deklarazioen egiazkotasun presuntzioaz ere gauza interesgarriak agertzen dira epaietan. Printzipio juridiko horren arabera, ertzainek egiten dituzten deklarazioak egiazkotzat jotzen dira, baina epaileek muga jarri diote printzipio horri, eta bertan behera utzi dute deklarazioa egiten duen ertzaina gertaeren lekuko zuzena izan ez bada edo gertaera horien inguruko frogarik aurkezten ez bada.

Bilbao Aretxagak esan duenez, hori jazo da Bilboko gertakariei buruzko auzibidean: Ertzaintzaren komisario batek txostena egin zuen elkarretaratzean ustez gertatu zirenen inguruan, nahiz eta ez den batere ohikoa horrelako ardura duen polizia bat horrelako mobilizazio batean egotea, eta txosten horretan hainbat iruzkin egin zituen gertaera horiei buruz nahiz eta ezi zituen zuzenean ikusiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.