Errausketatik sortutako 36.000 tona zepa berrerabili nahi ditu Eusko Jaurlaritzak

Etxeetako eta enpresetako hondakinak erraustean sortutakoak zabortegietara ez botatzeko neurria jaso dute dekretu batean: eraikuntzan eta azpiegituretan erabili ahal izango dira, baldin eta ingurumen eta segurtasun baldintza zorrotzak betetzen badituzte.

Gasteizko Gardelegi zabortegia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Gasteizko Gardelegi zabortegia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 19a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeetako eta enpresetako hondakinak erraustean sortutako zepak berrerabili nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Gaur egun, hondakin horiek erraustu ondoan sortutako zepak zabortegietara eramaten dira, baina, aurrerantzean, eraikuntzan eta azpiegituretan erabili ahal izango dira hondakin horiek. Jaurlaritzak dekretu batean jaso du neurria: haren bidez, lortu nahi du urtean 36.000 tona material zabortegietara ez botatzea. Zehazki, hondakin horiek eraikuntzan eta azpiegituretan erabili ahal izango dira, baldin eta ingurumen eta segurtasun baldintza zorrotzak betetzen badituzte.

Hemendik aurrera, aukera izango da bigarren mailako agregakin gisa erabiltzeko, tratamendu eta kontrol prozesu baten ondoren betiere. Jaurlaritzaren arabera, neurriaren bidez material gehiago aprobetxatuko da, baliabide natural gutxiago erauzi, eta ekonomia zirkularraren alde egin.

Dekretuan zehazten denez, zepak berrerabili aurretik metalak bereizi, materiala birrindu eta ondu egin beharko da, eta material horrek ingurumen eta kalitate kontrolak gainditu beharko ditu. Gainera, analisiak, trazabilitate sistemak eta etengabeko ikuskapenak ezarriko dira, bermatzeko material horiek ez dutela arriskurik ez osasunarentzat, ez ingurumenarentzat. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, neurriak eragina izango du hondakinen kudeaketaren emaitzetan ere. Aurreikusi du hurrengo urteetan birziklatze eta balorazio tasak bi eta lau puntu artean handitu ahal izango direla, eta horrek modua emango du Europako Batasunak ezarritako helburuetara hurbiltzeko.

Zabortegien inguruko eztabaida

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak nabarmendu du Europako hainbat herrialdetan aspalditik erabiltzen dela antzeko sistema bat, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aplikatuko diren kontrol eta irizpide teknikoak bat doazela Europako «estandarrik zorrotzenekin».

Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak adierazi duenez, dekretuaren helburua da hondakinak lurperatu beharrean baliabide gisa aprobetxatzea. Haren hitzetan, urtean 36.000 tona material zabortegietatik kanpo uztea lagungarri izango da instalazio horien bizitza erabilgarria luzatzeko, eta isurketarik gabeko kudeaketa eredurantz jotzeko.

Neurria zabortegien inguruko eztabaida betean iritsi dela gogoratu du Bilbaok. Adierazi duenez, azken urteetan hainbat «gorabehera» izan dira hondakinen kudeaketarekin lotuta; besteak beste, 2020an Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) gertatutako luizia eta azken hilabeteetan Gasteizko Gardelegiko zabortegiaren inguruan izandako sute eta ezbeharrak. Jaurlaritzaren arabera, zepak berrerabiliz gero material gutxiago iritsiko da zabortegietara, eta pausoak emango dira hondakinak era jasangarriagoan kudeatzeko bidean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE