Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, otsaileko azken igandean Sestaon (Bizkaia) izandako gertakariari buruzko azalpenak emateko. Liskarrak izan ziren kaleko jantzitako ertzain batzuen eta herritar batzuen artean, eta horien ondorioz bi lagunek ospitalean amaitu zuten; haietako bati barrabiletako ebakuntza egin behar izan zioten, gainera. Ertzaintzaren barne arazoetako buruzagitza kasua ikertzen ari da, baina Zupiriak aurreratu duenez ertzainek barne araudia urratu ote zuten argitu nahian ari dira, uniformez jantzita gerora batu ziren agenteek itzalita zituztelako soinean zeramatzaten kamerak.
Segurtasun sailburuak berak hala eskatuta egin du agerraldia, eta orain arte bildutako informazioaren berri eman du. Izan ere, adierazi du irudiak biltzen ari direla oraindik, otsailaren 22an Sestaoko Jose Antonio Agirre kalean zehazki zer gertatu zen argitzeko. Berretsi du kaleko jantzitako bi ertzainek «istiluak» izan zituztela «bide bat igarotzera» zihoazen hiru lagunekin, eta «indarra» erabili zutela haien kontra, ibilgailua «jo» zutelako. Ez du zehaztu, ordea, zergatik egin zuten hori.
Hiru lagun horiek atxilotu egin zituzten, agenteei eraso egitea egotzita: emakume bat, haren semea eta beste lagun bat. Zupiriak azaldu duenez, agenteek indarra erabili zuten haiek atxikitzean, eta, ondorioz, osasun etxera eraman zituzten, badaezpada; handik Sestaoko ertzain etxera eraman zituzten gero. Han zirela, gazteetako batek barrabiletan min zuela adierazi zuen, eta erietxera eraman zuten bigarren aldiz. Ospitaleratu egin zuten. «Barrabiletan zituen lesioak, ustez, kalean izandako borrokaldian eragindakoak izan ziren», esan du sailburuak.
Emakumeak ere lesioak salatu zituen, eta ertzainen kontrako salaketa aurkeztu zuen. Otsailaren 24an ziren epaiketa azkarra egitekoak, baina bertan behera utzi zuten Ertzaintzaren eskariz. Sestaoko ertzain etxeko arduradunek antzeman zuten kaleko jantzitako bi agenteek «irregularrak izan daitezkeen jokabideak» izan zituztela, eta horregatik erabaki zuten ikerketa barne arazoetarako buruzagitzaren esku uztea, Zupiriak azaldu duenez.
Ikerketa zabalik dago oraindik, eta Ertzaintza «euskarri bideografikoen bila» dabil. Segurtasun kameretan jasotakoez gain sare sozialetan argitaratuta egon daitezkeen irudiak biltzeko eskaria egin du barne gaietarako buruzagitzak, eta irrati elkarrizketen kopia ere eskatu du. Zupiriaren arabera, hiru dira argitu beharrekoak: agenteen indarraren erabilerari, agenteek zeramatzaten kamerei eta atxilotuak ospitalera eramateari buruzkoak. Barne gaietarako buruzagitza ez ezik, Poliziaren Kontrolerako Batzordea ere auzia ikertzen ari da, lesio larriak daudelako tartean.
«Autokontrol zorrotza»
Gertatutakoa kontatu ondoren, sailburuak hausnarketa bat egin nahi izan du. Adierazi du Ertzaintzako kideek ustez egindako edozein arau hauste «zorroztasunez, gardentasunez eta indarrean den araudia errespetatuz» aztertu behar dela. Izan ere, haren irudiko, milaka kidek osatzen duten erakundean salbuespenak egon daitezke jokabide desegokiari dagokionez. Baina ohartarazi du kasu horiek «bakanak» direla, eta ez dutela bat egiten «Ertzaintzaren jardunbidearekin eta balioekin».
«Autokontrola berezkoa izan daiteke, baina, edozein kasutan, agenteek trebatu beharreko gaitasun bat da, erreakzio oldarkorrak ekiditeko eta bulkadak, emozioak, pentsamenduak eta jokamoldeak borondatez doitzeko»
BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Are, ondorio penalik edo diziplinazkorik izan dezakeen kasuren bat baieztatuz gero neurriak berehala hartu behar direla azpimarratu du. «Horixe egin dugu Sestaoko gertaeren inguruan», ziurtatu du. «Araudiaren araberako neurriak hartu ditugu, eta interes publikoaren babesa eta kaltetutakoen edota tartean dauden guztien eskubide indibidualak bermatuko ditugu», esan du.
Harago joan da sailburua, eta ertzainen formakuntzak «exijentea eta osoa» izan behar duela adierazi du. Azpimarratu du agenteek «autokontrol zorrotza» izan behar dutela, herritarrekiko harremanetan izan ditzaketen tentsio uneei aurre egiteko. Zupiriaren arabera, poliziak «trebatu» egin behar dira horretarako, «emozioak kudeatzeko estrategien bidez». «Autokontrola berezko ezaugarri bat izan daiteke, baina, edozein kasutan, agenteek trebatu beharreko gaitasun bat da, erreakzio oldarkorrak ekiditeko eta bulkadak, emozioak, pentsamenduak eta jokamoldeak borondatez doitzeko».
Talde politikoek eskertu egin diote sailburuari azalpenak albait azkarren ematea, baina bereziki indarraren erabilerari eta agenteek soinean eramaten duten kameren inguruan azalpen gehiago emateko eskatu diote. Bada, sailburuak erantzun die azterketa abiatuko dutela argitzeko ea kamera horiek behar bezala erabiltzen ari ote diren edo ez. «Segurtasun Sail honen konpromisoa argia da: zero tolerantzia edozein jokabide irregularren aurrean».
Hain zuzen, halako kameretatik ezin izan zuten informaziorik atera Iker Aranaren auzian ere. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus daitekeenez, ertzain batek foam jaurtigai bat bota zion barrabiletara zuzen-zuzenean, baina ertzainen kamera bakar batek ere ez zuen jazotakoa grabatu. Kolpearen ondorioz, ospitaleratu egin zuten Arana, eta barrabil bat galdu zuen. Auzi hori epaitegietan dago. Eta hori bezala, baita Realaren eta PSGren arteko partidaren atarikoan egindako polizia operazioari lotutako hiru salaketa ere, besteak beste.