Ertzaintzaren jokabidea ikertzeko hiru espediente eten ditu Poliziaren Kontrol Batzordeak

Aritz Ibarraren eta Iker Aranaren kasuak ikertzeko «material urriegi» duela esan du batzordeak, eta, testuinguru osorik izan gabe, prozedura geldiaraztea erabaki du.

Iker Aranari egindako erasoa salatzeko mobilizazio bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranari egindako erasoa salatzeko mobilizazio bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko abuztuaren 3a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol Batzordeak hiru ikerketa eten ditu: Aritz Ibarraren kasua, Iker Aranarena, eta Sestaoko (Bizkaia) bizilagun batzuena. Kontu bat zuten komunean hiru kasuek: Ertzaintzaren jokabidea zela auzitan zegoena. 

Izan ere, Aritz Ibarrari 2025eko urriaren 12an egin zion Ertzaintzak eraso, Falange Espainolak Gasteizen egindako elkarretaratzearen aurka mobilizatu ziren dozenaka manifestari antifaxistari bezala. Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek ahoa birrindu eta matrailezurra hautsi zion Ibarrari. 

Batzordeak esplikatu duenez, ez dauka «gertakariekin zerikusia duten ikerketaren eginbideak eskuratzeko aukerarik», eta, hortaz, batzordeak ezin du gertatutakoa laburbildu, informazio nagusia falta zaiolako. «Era berean, ezin du polizia jarduketaren zuzentasuna ebaluatu, eta ez du modurik gainerako alderdiei gutxieneko zorroztasunez eta fidagarritasunez heltzeko».

Kolpea jaso eta egun gutxira jarri zuen salaketa Ibarrak, baina aurtengo martxora arte mugimendu gutxi egon da prozesuan. Martxoan jakinarazi zuen batzordeak, hain justu, Ibarrak jarritako salaketak eta Ertzaintzak identifikatutako manifestarien kontrako prozesuak batera aztertuko zituztela. 

Edonola ere, badira egun horretan zer gertatu zen erakusten duten bideoak, baina batzordeak erabaki du ez dituela bideo horiek «ez interpretatuko, ezta balioetsiko ere». Argudiatu du irudi horiek «polizia jokabide osoaren testuinguruan» kokatu behar direla, eta soilik ikuspegi osoa eskuratzean jarri behar direla balioan. «Hori dela eta, bidezkoa da prozedura geldiaraztea», erran du. Bi egoera motak abia lezakete berriz ikerketa: epaile eskudunak dokumentazioa eskuratzeko baimena emateak batzordeari, edota «jarduketa horri lotutako prozedura judizial eta administratiboak behin betiko amaitzeak», batzordearen erranetan.

Aritz Ibarrak salatu du Ertzaintzak masailezurra hautsi diola. IKUS-ENTZUNEZKOEN LANTALDEA

Iker Aranarena da beste kasua. 2025eko apirilaren 3an Etxarri II gaztetxearen hustea salatzeko, manifestazioa egin zuten Bilbon. Abiatu eta ordu erdira hasi ziren istiluak, eta Ertzaintzak gazteen aurka egin zuen. «Ertzain batek, aurrez aurre jarri, barrabiletara apuntatu, eta tiro egin zidan». Halaxe kontatu zuen Iker Aranak erasoaren biharamunetan, zeinak foam bala horren erruz barrabil bat galdu zuen. Ertzain bakarra zegoen ikerketapean Aranari eragindako zauriengatik. 

Batzordeak erran du «orain arte ofizialki» eskuratu dituen agiri bakarrak bi bertzerik ez direla: «Sailburuak 2025eko apirilaren 7an egindako adierazpen laburra», eta Ertzaintzak berak bidalitako dokumentuak, «ertzain bati ezarritako diziplina arloko prozedurari lotutakoak». 

Material «urria» dutela argudiatuta, batzordeak azaldu du ezin diola ikerketari «taxuz» heldu. «Ez dagoelako ikergaia laburbiltzerik, eta, batez ere, zenbait alderdiren gaineko informazioa falta zaigulako». Eta falta zaizkien arlo horiek dira, erraterako, «egitateak, parte hartzaileak, lekuko eta kaltetuen adierazpenak, eta jasotako frogak edo zantzuak».

Sestaoko kasua

Aurtengo kontua da Sestaokoa, otsailaren 22an Jose Antonio Agirre kalean gertaturikoa. Kaleko jantzita zihoazen bi ertzainek hiru pertsonari egin zieten eraso, borra luzagarriekin eta argudiatuta hiru lagun horiek poliziak zihoazen ibilgailua kolpatu zutela. Liskarraren ondorioz, lagun horietako bi, 51 urteko emakume bat eta 22 urteko gizon bat, ospitalera eraman behar izan zituzten. Are, gizonari barrabil batean ebakuntza egin behar izan zioten.

Zehazkiago, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak orduan esplikatu zuenez, zebra bide bat zeharkatzerakoan ertzainek ibilgailua gelditu zuten, «hainbat pertsona zarataka hasi zitzaizkielako eta autoa kolpatu zutelako». Ibilgailuak ez zeukan Ertzaintzaren bereizgarririk. Bertsio ofizialaren arabera, eztabaida baten ondoren, eskuan borra luzagarriak zeramatzatela, ibilgailutik atera ziren ertzain biak, eta «ustez polizia autoa kolpatu zutenekin jardun zuten borrokan». Emakumeak berehala jarri zuen salaketa. 

Ikerketa horretan ere gauza berbera erran du batzordeak: informazio eskasegi dutela, eta horrela ezin dela gertatutakoa ikertu. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA