Imanol Pradalesek nagusiki ekonomiaz eta autogobernuaz hitz egiteko deitu ditu Eusko Legebiltzarreko talde politikoak bilerara. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nahi izan du, besteak beste, 2026ko aurrekontuei buruzko jarraibideak aurrez aurre helarazi alderdietako ordezkariei. Baina estatus berriaren inguruan alderdiek dituzten negoziazioen berri ere izan nahi du, erakundeetan urratsak egiten hasi ote daitekeen jakiteko. Sozialistei ez zaie keinu hori gustatu, ordea, eta bilera gobernu akordiora mugatzeko eskatu diote beste behin.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du ulertzen duela negoziazioen inguruan Pradalesek izan dezakeen jakin-mina, baina gogorarazi dio eztabaida hori alderdiei dagokiela eta ez Jaurlaritzari, jeltzaleek eta sozialistek hitzartutako programa jasota dagoenez. «Hala izan da orain arte, eta hala izaten jarraitu behar du», azpimarratu du.
Edonola ere, sozialisten buruzagiak uste du badaudela aurrera egiteko moduak, baina nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean orain bi legealdi egindakoa hartu beharko litzatekeela abiapuntu gisa. Alegia, 2019an estatutu berrirako EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek egindako akordioa garatu beharko litzateke, haren aburuz, «akordio zabalak» lortu zirelako hainbat alorretan.
Bada, «batzen» dituzten edukiei erreparatu eta horiek sakontzea galdegin du Anduezak, ohartarazita hala egin ezean negoziazioek «porrot» egingo dutela ostera ere. Izan ere, oroitarazi du azken hamar urteetan erabakitzeko eskubideak oztopatu duela akordioa. Bada, hori albo batera uzteko esan die EAJri eta EH Bilduri, akordioa lortu nahi badute.
Kazetarien galderei erantzunez, bestalde, Anduezak azpimarratu du elkarrizketa horietan EAEko sozialistena dela ahots bakarra, eta ziurtatu du «azken hitza» ere haiena izango dela eta ez Madrilena. Onartu du, hala ere, PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanek parte hartu zuela «bilera batzuetan», eta izenik eman gabe esan du Ferrazek haren ordezkoa izendatuko duela.
Aurrekontu handiagoak
Udaberriko ika-mika girotik urrun, bilera «giro onean» egin dela nabarmendu du PSEko idazkari nagusiak, baina erantsi du sozialistak direla koalizio gobernuari «egonkortasuna» ematen diotenak, besteak beste, haiei esker gehiengo osoa dutelako jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean. Eta gogora ekarri du Jaurlaritzaren bide orria ere bi alderdiek adostutakoa dela.
Hain zuzen, gobernu programa horri erantzungo dion aurrekontu handiagoak eskatu dizkio Anduezak Pradalesi. Nazioarteko «ezegonkortasunari» aurre egiteko «inbertsio eraginkorren» premia ere adierazi dio, eta neurri gehiago galdegin dizkio enpresak eta, bereziki, industria babesteko.
Aurrekontu egitasmoa aurkeztu aurretik oposizioarekin negoziazioak hasteko nahia erakutsi zuen Jaurlaritzak ekainean. PSEko idazkari nagusiak esan du bide onetik doazela, eta gobernua prest dagoela gainerako alderdiekin akordioak ontzeko. Zail ikusten du, ordea, PPrekin ezer hitzartzea, haien jarrera dela eta.
Anduezak gogor egin du popularren aurka, eta Pradalesi leporatu dio Alderdi Sozialista haren pare jarri izana, Espainian hedatu den zarataren erantzule gisara. «Ez nago ados euskal agenda Espainiako politikatik blindatu behar horrekin. Uste dut badaudela bi gobernuen arteko lankidetzarako aukerak», nabarmendu du.
Pradalesek bihar amaituko du politika orokorreko eztabaidaren aurretik abiarazitako bilera sorta. Lehendakaritzan hartuko ditu Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramailea eta Joseba Diez Antxustegi EAJrena.