Hizkuntza eskakizunen inguruan akordio bat lortzeko negoziazioak amaitutzat eman zituen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak duela astebete. EAJk, ordea, amore emateko asmorik ez dauka «azken minutura arte». Horiek horrela, Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko «proposamen bideragarri bat» aurkeztuko dutela iragarri du EBB Euzkadi Buru Batzarreko buru Aitor Estebanek. Bitartean, EAJkoak esan du azkenaldian ez direla EH Bildurekin eseri bakoitzaren proposamenak «kontrastatu eta eztabaidatzeko», nahiz eta aitortu duen legebiltzarkideen arteko elkarrizketak egon direla.
Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamenei zuzenketak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da Eusko Legebiltzarrean, ostegun honetan. Erreformaz aritzeko batzorde bat abiatzea izango da hurrengo pausoa; eta batzorde horrek ez du izango denbora mugarik legea osatzeko. Bi proposamen daude. Jeltzaleek aurkeztutakoa da bat; derrigortasun indizea ezabatzea izan zen erreforma horren muina. EH Bildurena da bestea; hizkuntza eskakizunak lanpostu guztietan derrigorrezkoak izatea proposatu dute, eta geroratze indize baten bidez malgutzea gero derrigortasun hori. Zuzenketetan oinarri horien inguruan talde parlamentarioek zer proposamen egiten dituzten ikusi beharko da orain, negoziazioak zehaztasun horien ingurukoak izango baitira.
Euskararen sustapenerako neurrien kontra urteotan ebatzi diren sententzia ugariez arduratuta aurkeztu zituzten bi proposamenak; ebazpen horietako asko administrazio publikoan euskararen ezagutza egiaztatzeko ezarri diren hizkuntza eskakizunen kontrakoak izan dira, eta halako sententziei murru bat jartzea da, finean, erreforma proposamen bien helburua.
«Onena litzateke lege berriak legebiltzarrean ahalik eta babes handiena lortzea. Hortaz, mahai gainean jarriko dugu zuzenketa, eta ikusiko dugu nork duen hurbiltzeko eta negoziatzeko borondatea»
AITOR ESTEBAN EAJren EBBko presidentea
Estebanek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean eman du gaur «zuzenketaren» bidez egingo duten proposamenaren berri. Haren hitzetan, «nahi duen ororekin akordioa erraztea» da egindako birmoldaketaren helburua. EH Bilduk ere esana du hasieran egindako proposamenaren gainean beste bat dutela egina, eta testu hori negoziaziorako abiaburua izatea nahi dutela. Orain arte EAJren eta PSE-EEren artekoak izan dira gaiari buruzko negoziazioak, eta ez dute adostasunik lortu.
«Onena litzateke lege berriak legebiltzarrean ahalik eta babes handiena lortzea. Hortaz, mahai gainean jarriko dugu zuzenketa, eta ikusiko dugu nork duen hurbiltzeko eta negoziatzeko borondatea», azaldu du Estebanek.
Ildo horretan, jeltzaleen buruak esan du PSE-EEko ordezkariek badakitela «nondik nora joango den» bere alderdiak aurkeztuko duen proposamena, eta zera aurpegiratu die: «Alderdi bat entzuteko eta adosteko prest ez badago, ez dago ezer egiterik». Are, gai horretan «ez arriskatzeak» duen arriskuaz ohartarazi du: «Batzuk euskararen alde eta beste batzuk kontra daudela pentsa lezake jendeak, eta ez dut uste inorentzat onena denik hori. Are gutxiago euskararentzat». Hala ere, sozialisten jarrera «guztiz legitimotzat» jo du EAJko buruak.
Legebiltzarkideen arteko elkarrizketak
Estebanek gogora ekarri du EH Bildurekin bildu zirela bere garaian gaiaz solastatzeko, eta orduan «oso zaila» izan zitzaiela akordio batera iristea, «testuan planteatu zituzten jarreretatik harago». Prozesu horretan ikusi zituzten mugak ere gogora ekarri ditu: «Ikusten genuen ez zuela ezertarako balioko, azkenean [Espainiako Auzitegi] Konstituzionalak zartatu egingo baitzuen». Ordutik hona, ordea, gauzak aldatu egin dira, eta ostiralean, erreforma subiranistekin ere negoziatzeko prest zeudela iragarri zuten jeltzaleek, ohar baten bidez. Ordutik negoziaziorik egon ez bada ere, legebiltzarkideen arteko «elkarrizketak» egon direla aitortu du.
Larunbatean hizpide izan zuen gaia Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak, eta zera egotzi zion EAJri: Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren bitartez euskara eskakizunak handitu nahi izatea eta EH Bildurekin batera jardutea helburu horren alde. Hori esatearekin batera, Torresek iragarri zuen euskararen kontrako ebazpen judizial gehiago izango direla.
Eusko Legebiltzarreko «talde guztiekin» akordio batera iristeko prest daudela adierazi du Estebanek. «Ikusiko dugu zer gertatuko den, nor dagoen mugitzeko prest, eta zer baldintzatan».