Urtebete igaro da Aitor Estebanek EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen kargua hartu zuenetik, eta ordutik mahai gainean dituen auzi nagusietako bat izan da EAErako estatus politiko berriari dagokiona. Bada, urte hasieran adierazi bazuen ere akordio bat erdiesteko «igerilekua beteta» ikusten zuela, aurreikuspen horiek ez dira hain onak orain. «Ez dugu asko aurreratu galdera egin zenidan azken alditik», erantzun dio Radio Euskadiko Eider Hurtado kazetariari. Bien arteko azken elkarrizketa urtarrilean izan zen.
Estebanek azaldu duenez, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk auziaren inguruan negoziatzen jarraitzen dute, eta, elkarrizketetan aurrera egin ote daitekeen galdetuta, haren erantzuna hau izan da: «Horretan ari naiz; horretan ari gara denok». Azaldu duenez, bi oinarri dituzte. Batetik, hiru alderdien arteko adostasuna behar dela auziak aurrera egiteko. Bestetik, akordio horrek «jauzi kualitatibo bat» egiteko balio behar duela. «Eskatzen duen esfortzu guztia hitzak aldatu eta denak berdin jarraitzeko? Ba, ez».
Halere, autogobernu arloan, Gernikako Estatutua betetzeko eskumenen gaineko negoziazioak izan dira agenda politikoaren ardatzetako bat egunotan; zehazki, Forondako (Araba), Loiuko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuen kudeaketaren ingurukoa. Horri dagokionez, ostiralean Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak esandakoak berretsi ditu Estebanek: aldebiko organo berriak «kolaborazioa, koordinazioa eta kudeaketa» landuko dituela, eta garrantzi berezia eman dio aireportuetarako inbertsioak eta tarifak planifikatzeko DORA III dokumentuaren idazketan eragiteko gaitasuna izateari.
Estebanek ez du ulertzen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren jarrera. Sozialisten buruak garrantzia kendu dio itunari, eta nabarmendu du aireportuen kudeaketak Espainiako Estatuaren eskuetan jarraituko duela. «Imajinatzen dut Madrilen zegoen borondaterik ezaren presioa sentitu duela, eta behar zutela hemen ere sordina lana egingo zuen norbait», aurpegiratu dio EAJko buruak PSE-EEkoari. Izan ere, azaldu du akordiorako bidea ez dela erraza izan, eta AENAren eta Espainiako Garraio Ministerioaren jarrerak txarretsi ditu. Azaldu duenez, aireportuetako operadoreak akordioaren kontrako jarrera «beligerantea» izan du hasieratik, eta ministerioko zenbait goi kargudunek ere ez dituzte gauzak erraztu: «Moncloak akordio batera iristeko agindua eman behar izan du», azaldu du.
Aireportuen inguruko eskumenarekin batera, beste sei ere adostu zituzten Jaurlaritzak eta Moncloak. Horiek horrela, Estebanek esan du jeltzaleek PSOErekin sinatutako akordioaren %75 itxita dagoela. Itun hark 2025a amaitzerako beteta behar zuen, baina Gernikako Estatutua betetzeko lanak geratzen dira oraindik ere. Aurrez aurre duten eztabaida nagusia gizarte segurantzaren ingurukoa da. «Tematiak izango gara», esan du auziaz: «Beste aldeak ez du ekimena hartuko, baina gaiari heldu behar diogu».
Negoziazio korapilatsua
Alderdi politikoetako arduradunen ahotan dagoen beste gaietako bat da Enplegu Publikoaren Legearen erreforma. Oraintsu, Anduezak adierazi du zail ikusten duela jeltzaleekin auzi horren inguruko akordio bat erdiestea, euskara eskakizunen kontura dituzten desadostasunengatik. EH Bilduk, berriz, EAJri egotzi dio koalizioarekin negoziatzeari uko egitea.
Estebanek ukatu egin du ez dagoela prest EH Bildurekin negoziatzeko, baina aitortu du «zail» ikusten duela akordioa. Uste du koalizio subiranistaren proposamena aurrera ateraz gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera botako lukeela. Horren aurrean, defendatu du segurtasun juridikoa bermatzeak izan behar duela lehentasuna.